Postal bat, tximuen lurraldetik

oihanaheimazkena

Uda garaia, bidaiatzeko eta postalak bidali eta jasotzeko bolada.

Postal bat jaso dut berriki etxeko postontzian (goian ikusgai). U. Pot adiskideak bidali dit, lurraldeak izeneko leku batetik. Ez dakit lurralde horiek benetakoak diren, edo U. Poten irudimen lanbrotsuko bazter miresgarrietatik atera diren. Edonola ere, tximinoak bertan jaun eta jabe direla ematen du.

Hona U. Potek postalean idatzi didana:

  • Kaixo Eli,
    Lurraldeak esploratzen jarraitzen dugu, ikusten duzunez. Atzo argazkian ageri diren antzinako hondakinak ikusten izan ginen. Izenik Gabeko ibaiaren ezkerraldean daude, oihan trinkoak inguratuta, aborigenek Bill Bow izenez ezagutzen duten lekuan.
    Inork ez daki zertarako jaso zuten edo zertarako erabiltzen zen eraikina. Hipotesi asko daude horren inguruan, pentsa dezakezunez, baina serio hartzeko moduko ezer ez. Egun tximino oihularien bizilekua da eraikina. Sekulakoa da egunsentian eta ilunabarrean egiten duten zarata. Irudian ez duzu tximurik ikusiko, baina postal hau belarrira hurbiltzen baduzu, haien garrasiak entzungo dituzu, zalantzarik gabe.

Postaleko irudia ikusi bezain pronto, 1968ko Tximuen Planeta filmaren azken sekuentzia etorri zitzaidan gogora: George Taylor astronautak gizakiak madarikatzen ditu aurkitzen duenean ez dagoela urruneko planeta arrotz batean, baizik eta berean. Tximinoak jaun eta jabe dira, ordea, eta gizakiak piztien pare tratatzen dituzte. Mundua alderantziz, alegia. New Yorkeko Askatasunaren Estatuaren hondakinak hondartza batean aurkitzen dituenean, orduan konturatzen da Taylor planeta hura Lurra dela. Bere planeta, baina etorkizunean. Antza denez, gizakiek eragindako hondamendi nuklearraren ondorioz, irauli egin dira eboluzioaren baldintzak.

  • Itzuli naiz, etxean naiz. Konturatu naiz azkenean.
    Zoroak! Suntsitu egin duzue.
    Madarikatuak denak, madarikatuak gerrak.
    Madarikatuak!

Hala dio Taylor astronautak (Charlton Heston) desesperaturik hondartzan, hondakinen aurrean. Aski barregarria da eszena, 37 urte eta gero ikusita.

Gerra Hotzaren garaian egin zen filma, eta “oreka nuklearraren” kontrako eta bakearen aldeko aldarrikapen gisa aurkeztu zuten.

Adiskidearen postalean ez da, ordea, zibilizazioaren aldeko aldarrikapenik sumatzen. Haatik, badirudi U. Potek itxaropenez eta atseginez ikusten dituela hondakinok. Horren froga dira gero e-mailez bidali dizkidan irudiak.

Bilbo 078

Urte luzeak daramatza U. Potek ideia bat hausnartzen: irudien indarra erabilita, magia, alegia, Guggenheim museoa suntsitzea.

Irudien magia

William S. Burroughs Beat belaunaldiko idazleari zor dio ideia, antza. Burroughsek zinta magnetikoan eginiko grabazioak erabiltzen zituen gorroto zituen lekuei, jendeari edo erakundeei erasotzeko. Soinuak grabatzen zituen jomugan, gero zintak txikitu, puskak nahasi eta berriz itsasten zituen (literaturan erabili zuen cut-up metodo bera). Burroughsen arabera, cut-up horietan entzuten denak mozorroa kentzen dio leku edo pertsona gorrotagarriari, eta haien benetako izaera gaiztoa erakusten du. Erasoa burutzeko, moldaturiko grabazioak entzunarazten zituen helburuen aurrean. Besteak beste, Scientologiaren Elizak Londresen zuen egoitza bat “neutralizatu” zuen horrela.

Tipula izenburua jarri zion U. Potek Ostiela! aldizkariaren 18. alerako duela bost urte idatzi zuen artikulu bati. Bilboko arte ikasle batzuk 1993. urtean eginiko bideo baten berri ematen zuen idazkian. Iragankortasuna zen, antza denez, bideoaren gaia. Gizakiak eraikitako gauza ororen patua desagertzea da, orain edo gero, suntsitua izatea. Hori irudikatzeko, bideo bat egin zuten Bilboko erdialdean (udaletxetik gertu). Ibaia eta Campo Volantin deritzon pasealekua sostengatzen zuten habeak agertzen ziren bideoan. Bideoak ordubete irauten omen du, eta, egileen arabera, hiru mugimendu erakusten ditu: itsasgora Ibaizabalen uretan, Eguzkia, eta horren begi-bistakoa ez den beste bat: pasealekuaren porlanezko egitura amiltzen.

Sorry, your browser doesn’t support iframes.

Sei egun geroago begi-bistan geratu zen egituraren mugimendua. 1993ko otsailaren 10ean Campo Bolantin pasealekuko zati handi bat ibaira erori zen, tartean bideoa egiteko erabilitako lekua. Ez zen, antza, zauriturik izan.

Bilbo 082

Postala Guggenheim museora eraman du orain U. Potek. Argazkietan ikusten denez, museoaren muinean sartu du irudia, hau da, dendan. Bideo bat ere egin duela dio bere e-mailean.

L’effet Guggenheim

Beaubourg suntsi dezagun, proposatu zuen Jean Baudrillard filosofoak L’effet Beaubourg (1977) lanean. Horretan, Parisko Georges Pompidou (Beaubourg) kultur garaikiderako zentroa deuseztea proposatzen zien masei. Arkitektoen kalkuluen arabera, Baubourgen 30.000 mila bisitari sartuz gero, pisuak eraikina suntsitu zuen..

Baudrillardek ironiaz beteriko deia egin zuen: egin dezagun azken happening-a, suntsi dezagun Beaubourg.

Masek, ordea, ez diote oraindik erantzun filosofoaren deiari. Beste iraultza zapuztua. Snif!

Campo Volantingo bideoak Guggenheim irudien bitartez suntsitzea posible dela irakatsi zion U. Poti. Hala dio berak behintzat. Izan ere, museoa dagoen tokitik metro gutxira grabatu zuten Tipula izeneko bideoa, Ibaizabalen beste bazterrean. Museoa egin gabe zegoen artean.

Adiskideak alferrikako lana hartzen ari ez ote den galdetzen diot nik nire buruari. Dena iragankorra bada, gizakien eraikuntza guztiak hondaturik eta ahaztuak izango dira luze gabe. Soilik tximinoen algara entzungo da hondakinen artean.

Eta halere, U. Potek lurraldeetatik bidaliriko postalari begira, bihotzean epeltasun sakon eta misteriotsu bat sentitzen duen horietakoa naiz. Artea zorionaren aurrerapen bat dela esan zuen Stendhalek.

Agian, Taylor astronautak bezala, zera dio nire barneko poz horrek:

  • Itzuli naiz, etxean naiz. Konturatu naiz azkenean.

Erantzun bat “Postal bat, tximuen lurraldetik” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude