Tximinoen algara

KAFKA

Istorio labur bat idatzi zuen Franz Kafkak 1919. urtean, “Ein Bericht für eine Akademie” (Txosten bat akademia batentzat). Tximino bat da narratzailea eta zientzia erakunde bateko kideen aurrean kontatzen du nola bihurtu zen izaki zibilizatu, ehiztari batzuk Afrikan harrapatu eta Alemaniara eraman ondoren. Kafkaren beste lanekin bezala, sinbolismotik haratago, istorioa ulertzeko modu bakarra zera da: kontatzen dena hitzez-hitz hartzea.

  • Ez nuen plazerik hartu gizakiak imitatzen. Imitatzen nituen irtenbide bat bilatzen nuelako, ez beste arrazoiengatik.

Hala dio Kafkaren tximinoak. Ez du eboluzionatzen Jainkoaren plan bati jarraiki edo botere nahiak kilikatuta. Etsipena da bilakaeraren motorea, eta imitazioa da tresna. Horrela, aurrean dituen gizakiak imitatzen ditu, kaiolatik ateratzeko. Prozesu horren ondorioz, Kafkaren tximinoa gizakia baino gizatiarrago bihurtzen da.

Azpiko bideo honetan, Kafkaren tximinoarena antzezteko saioa. Sekuentzia Wim Wenders zinemagilearen Lightning over Water filmetik atera dut. Tximinoarena egiten duenaz gain, Nicholas Ray eta Wenders bera (betaurrekoekin) agertzen dira.

Tximinoaren izaeraren enigma asmatu nahian, gizakiak liluraz begiratzen diola dio simioak. “Simius” latinezko hitzak “antzekoa” esan nahi du, edo “imitatzailea”.

Primateen portarea luzaroan aztertzen jardun ondoren, tximinoen imitazio ahalmena uste baino harantzago doala argitu du berriki etologo talde batek. Tximinoa trebea da gizakiak imitatzen, hori jakina zen. Zientzialariok orain aurkitu dutenez, ordea, hainbat espezie tximuk gai dira ere konturatzeko imitatzen badituzu. Boluntarioak jarri zituzten tximuen ekintzak kopiatzen. Tximuak hazka, gizxakiak hazka. Tximuak jauzi, gizakiak jauzi. Espezieak espezie, abereek ez zuten denbora luzerik behar izaten gizakia imitatzen ari zitzaiela antzemateko. Tximu gehienek haserre biziaz erantzuten zutela gaineratu dute.

Kafkaren istorioan ere, imitatuaren eta imitatzailearen arteko mugak hausten dira. Eta, horrekin batera, gizakiak naturaren ordenuan ikusi nahi duten hierarkia.

  • Nire lehen irakaslea tximino bihurtu zen ia, eta berehala utzi behar izan zion trebakuntza lanari eta eroetxe batera eraman zuten.

Txiste zaharra da: “Mente superior mente inferior…”

Kristautasuna Euskal Herrian sartzeko prozesuan erlijio borrokarik ez zela izan iradoki zuen Joxemiel Barandiaranek Kixmiri eskainitako atalean, Euskal Mitologiaren Hiztegian. Jarraian, zergatiaren bere bertsioa eman zuen:

Jesukristoren imitazionea

  • Zalantzarik gabe erlijio berriak egitura dogmatiko koherentea eta bizi eredu zehatzagoa ekarri zuen, portaera plan orokor bat, izaki traszendente batean oinarrituta, denaren alfa eta omega, eta eredu batKristo-. Haren ereduaren arabera moldatu behar zuen gizakiak portaera.

Zentzu honetan, kristautasuna tximuaren “ethos”-a da. Jesukristoren imitazioan oinarritu du kristautasunak bere etika. Animaliatasuna gainditzeko, Kristo supergizakiaren antzera jokatu behar da.

Hori da, hain zuzen ere, Kafkaren tximinoak egiten duena.

Gizakiak imitatzea ezin errazago zaiola esaten die akademiako kideei. Gizakiek tximinoa jakinminez aztertzen dute, baina simioa, era berean, gizakien aztertzailerik sakonena bihurtu da. Friedrich Nietzscheren ideiak daude Kafkaren istorioaren oinarrian. Filosofoaren aforismo ezagunaren arabera, denbora luzez amildegi batera begiratzen baduzu, azkenean amildegiak berak ere zure barrenera begiratzen du. Kafkaren tximinoak gizakien barrenean begiratzen du, eta ikusten duena barregarri zaio. Gizakiari tximinoaren imintzioak bezain barregarri.

Gizakia soka bat da, animalia eta supergizakiaren artean tenkatuta, dio Nietzscheren Zarathustrak.

Soka horretan eboluzionatu du Kafkaren tximinoak, funanbulista gisa. Tximinoak, imitaziorako erraztasunari esker, animaliatasuna ez ezik, gizatasuna ere gainditzen du. Gizakia baino gizakiago bihurtzen da: supergizakia. Kafkaren ironia honakoa da: Kristo edo Nietzscheren antikristo, supergizakiak tximu jarraitzen du. Eboluzioaren zirkuan gero eta gorago egin, ageriago du espezie batek ipurdia.

Tximinoak kontatzen duenez, zirkuko trapezisten itzulipurdikak ikusten ikasi zuen gizakiaz barre egiten:

  • Natur sakratuari eginiko irain barregarria! Halakorik ikusiz gero, eraikinik ez zen zutik geratuko tximinoen barre-algararen aurrean.

Kafkaren simioen barrea Zarathustraren algara da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude