Artea eta krimena

Galdera asteartean etorri zitzaidan burura, Le Monde egunkaria irakurrita. Kultura saila irekitzeko orrian irudi bitxia zetorren errusiatik: Jesukristoren aurpegia agertzen zen, margolan batean, aldamenean Coca-Colaren logoa zuela eta, azpian, honako leloa: This is my blood (Hau da nire odola).

Margoa Kontuz erlijioa! erakusketako lanetako bat zen. Sakharov zentruak antolatu zuen 2004an, eta ikusgai izan zen Moskun, ultraeskuineko talde kristau batek suntsitu zuen arte.

Kriminalak

Le Mondeko artikuluak tximistak bezala jo zuen nire burmuinean. Berehala ireki nuen mahaiko kaxoia. Paper anabasan murgildu nintzen bila. Galdutzat emateko zorian nintzenean, agertu zen artikulua. Anjel Lertxundik idatzitako iruzkin labur bat zen, BERRIA egunkariak urtarrilaren 16an argitaraturikoa. Kriminalen gisa zuen izenburu, eta aski laburra denez, hona ekarriko dut oso-osorik:

Frantziako egunkariaren arabera, gertaera Errusian jazotzen ari den zentsura olde zabalaren adibide bat baino ez da. Izan ere, erasotzaile ikonoklastak jazarri beharrean, Errusiako auzitegiek erakusketaren antolatzaileak zigortu zituzten arketipo kristau ortodoxoa suntsitzeagatik, eta blasfemia zein satanismoaren propaganda egiteagatik.

  • Artista batek, obrari ekiterakoan, kriminal batek krimena burutzerakoan bezala jokatu behar du, dio Degasek. Boutade bat dirudi. Ez da. Pentsatzen jarrita, benetako artista batek ere beldurra, urduritasuna, adorea, dena batera, sentitzen ditu obrari ekiterakoan. Kontzientzia isilaraztea lortu behar du, obrak hitz egin dezan. Harrizkoa behar du bihotza, sentimenduak bridatzen jakin. Plazera, morboa eta maisutasuna erakusteko gogoa, dena batera, sentitzen ditu. Behar ezkutu batek eraginda egiten du lan. Degasen esaldiak badio honako hau ere: bene-benetako arte-obra bat ordenaren kontrako krimen bat da beti. Eta baita beste hau ere: delinkuenteak balira bezala tratatzen ditu gizarteak benetako artistak. Degasen esaldiak garbi uzten du zergatik dagoen benetako artista eta arte-obra gutxi: ai, zein zikiratzaileak diren gizartearen txaloak artistarentzat!

    Lertxundiren artikuluak erantzuna ematen dio, hein handi batean, hasierako galderari: zergatik ez dago Kixmiren errepresentaziorik ia artean?

Tximino ikustezina

Nestor Basterretxeak euskal kosmogoniari eskainitako sailean Mari, Torto, intxixu eta bestelakoak agertzen dira. Kixmiren arrastorik ez.

Kristo tximuaren mitoaren errepresentazio urrietan gurutzea saihestu dute artistek, eta kasu askotan tximino bera ere!

Agian nire ezjakintasuna da arazoa. Norbaitek ezagutzen al du kontrakoa frogatzeko margolan edo eskulturarik?

Marilyn Manson musikari estatubatuarraren bideo-klip bat ikusi nuen iaz. Mansonek kantaren leloa errepikatzen zuela, gurutze sendo bat agertzen zen abeslariaren atzean. Txinpantze bat jarri zuten itzulipurdiak egiten gurutzean. (Norbaitek ba al daki bideo hori Interneten dagoen?). Espektakuluaz eta eskandaluaz bizi da M. Manson, baina bera ere ez zen ausartu tximinoa gurutzetik zintzilikatzen, hau da, animaliari Kristoren lekua esplizitoki ematen. Errusiako artistaren This is my blood margoan bezala, probokazio zozo eta azalekoa besterik ez zegoen hor.

Erantzun bat “Artea eta krimena” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude