Agerraldi jendetsua Arrasaten, atez atekoari aukera bat ematearen alde

Gaurko agerraldi jendetsuarekin  Zero Zabor filosofia dugunok  pozik egoteko arrazoiak baditugula uste dut. Beste jende asko, gauza bat dela, bestea dela  ezin izan da etorri. Etorri zaretenoi eta bihotzez ere hor egon zareten guztioi eskerrik asko. Oraindik badugu bidea egiteko, baina guztiok pixka bat eginez murriztu, berrerabili eta birziklatu filosofiatik gertuago egongo gara. Eta guretariko bakoitza garrantzitsua du, guretariko bakoitzak bere inguruan eragin dezake pentsatzen duena argumentuekin indartsu defendatuz. Bestalde, edozeinek modu antolatuan, gurekin batera zerbait egin nahi badu, gure ateak irekita daude. Jarri zaitez harremanetan gurekin! Hurbildu zaitez!

Arrasateko zero Zabor taldeak %80tik gora birziklatzearen alde

Arrasateko zero Zabor taldeak %80tik gora birziklatzearen alde

Jarraian Agerraldian irakurri den testua osoa duzue:

Arrasateko Zero Zabor taldea aspalditik ari da lanean Arrasaten, batez ere kontzientziazio arloan. Hitzaldi ugari antolatu ditugu eta kalean ere maiz egon gara esku-orriak banatzen eta jendearen iritziak jasotzen eta zalantzak argitzen.

Gure filosofia hiru hitzekin laburbil daiteke murriztu, berrerabili eta birziklatu. Ez da zaila eta mundu honetan guztiok daukagunez gure lekua guztion artean zaindu behar dugu ama lurra.

Ezin dugu jarraitu orain arte bezala! Azken 20 urteetan gure zaborra bikoiztu egin dugu, eta gainera, gaika bildu beharrean horren % 80 birziklatzea lortzeko, gehiena nahasita botatzen dugu, eta ondorioz, % 33 bakarrik birziklatzen da Gipuzkoan. Izugarrizko despilfarroa izateaz gain, nahita ere ezingo dugu horrela jarraitu, milioika urtetan sortu diren lehengaiekin mende batean amaitu dugulako.

Nora goaz horrela? Zer utziko diegu gure seme-alabei? Hartu duzue tartetxo bat horretan pentsatzeko? Hemen gaudenok, bai; eta urratsak ematen hasi behar dugula pentsatzen dugu. Gutako bakoitzak zertxobait eginda, gauzak erabat aldatuko lirateke; izan ere, % 33 birziklatu beharrean, %80 birziklatuko genuke. Ez zaizue iruditzen aldaketa itzela dela % 33tik % 80ra pasatzea? Horretarako ohiturak pixka bat aldatu behar ditugu! Zabor guztia poltsa batean bota beharrean, lau poltsatan banatzea gehiegi eskatzea dela iruditzen zaizue?  Zuetako askok esango duzue: “Hori orain ere egiten dugu”. Jakina! Baina, ez guztiok! bestela birziklatze ehunekoak askoz handiagoak izango ziren eta errealitatea hor dago. Inork ezin du egin nahi duena, bere erabakiekin gainerakoei kalte egiten badie. Nola aldatuko dugu gizarte hau urrats txiki hori egiteko prest ez bagaude?

Arrasateko Zero Zabor taldekoAndoni, Itsaso eta Jokin

Errauskailua martxan jarri edo %80 gaika bildu, beste aukerarik ez dugu ikusten. Arrasaten izan genuen errauskailu bat martxan 1982tik 1997ra arte, aldundiak ixteko agindua eman zuen arte dioxina, furano eta gas kopuru ikaragarri handiak isurtzen zituelako. Orain teknologia hobea dela diote batzuek. Eta horrela da, baina gauza bera esaten zuten Chernobilen eta Fukushiman energia nuklearrari buruz. Errealitateak erakutsi digu ikasi dugu teknologia berriek ere  huts egiten dutela. Hemen gaudenok ez dugu errauskailuaren arriskuak dastatzerik nahi, are gehiago jakinda gure ohiturak pixka bat aldatuz ez dugula horrelako gailu baten beharrik. Eta Arrasaten ez badugu nahi, nola eska dezakegu beste toki batean jartzea? Bestalde, minbiziak, arnas aparatuko gaixotasunek eta bestelakoek zure etxeko norbait jotzen dutenean, nola azalduko duzu zuren erosotasuna beste guztiaren aurretik jarri duzula? Nola begiratuko diezu bilobei begietara?

Jende asko atez atekoari aukera bat ematearen alde

Jende asko atez atekoari aukera bat ematearen alde

Gipuzkoako hainbat herritan erakutsi duten bezala, %80tik gora bildu daiteke gaika atez ateko sistemarekin. Guretzat garrantzitsua ez da sistema, guk %80tik gora birziklatu nahi dugu, baina orain arte Gipuzkoan atez atekoarekin bakarrik lortu dira zifra horiek, eta gainera, hilabete batean. Debagoienan bertan badugu adibide bat, begiratu Antzuolako emaitzei. Bai Antzuolan bai gaika biltzen hasi diren Gipuzkoako beste 8 herrietan, lehen hilabetetik %80 baino gehiago bildu dute gaika. Laster Oñatin ere gauza bera gertatuko da. Gaika biltzea erraza da. Hasieran, aldaketek beldurra ematen dute, baina guk ziurtatu ahal dizuegu hiru hilabete baino lehenago guztiok ohituta egoteaz gain, harro egongo garela mundu garbiago bat egiten arituko garelako. Eta krisi garai hauetan beste datu garrantzitsu bat: 700 lanpostu sortuko ziren Gipuzkoan gure hondakin tasa igo gabe.

Hemen gauden guztiok eta beste askok ahalegin txiki hori egin nahi dugu eta hondakinak gaika bildu. Ausartak gara! Eskuzabalak izan nahi dugu! Naturaren eredu zirkularra errespetatuz, gizarte hobea sortuko dugu. Bildu dezagun gaika, eman diezaiogun aukera bat atez atekoari!

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

4 Responses to Agerraldi jendetsua Arrasaten, atez atekoari aukera bat ematearen alde

  1. egilea: Pedro Horrillo

    Epe laburreko “kalkulu elekotaletatik” haratago joan behar da eta konbentzimenduz jokatu. Ahalbait gehien birziklatzea beharrezkoa dela barneratu eta kontzeptu hori herritarrengan zabaldu.

    Oñatin ikusi dan moduan bertako Zero Zabor taldeak eginiko aurre lan eredugarriari esker Atez-ate ezartzerako orduan Udalak izan dituen eragozpen eta arazoak askoz txikiagoak izan diran, nahiz eta horrek ez duen esan nahi hainbat “joku zikin” izan ez denik (birziklaketaren aurkako margoketak; birziklaketako herri-altzarien aurkako erasoak eta batibat Gipuzkoan horren ezaguna dugun egunkariaren aldetikan giroa gaiztotzeko ahaleginak…). Oñati zero zabor taldearen web horria ( onatizerozabor.blogspot.com) irekitzea nahikoa da urte hauetan egin duten lana ikusteko eta zenbat materiale baliagarri klasifikatu duten ohartzeko, hainbat bideo, txosten, ….. Arrasate bezala atzerago datozen herrietan garrantzitsua da zaborren inguruko informazio zabala izango duen jende kopuru haundi bat izatea, bakoitzak bere sarea elikatu-informatu dezan….. Arrasatera egokitutako ikusentzunezko materialea egitea ere garrantzitsua deritzot, adibidez atez-ateko sistema duten herrietako pertsona nagusiek gauzak nola egiten dituzten azalduko lukeena eta birziklaketaren aurkako interesatuek zabaldu dituzten beldur eta mamuak indargabetuko lituzkeena…….

    Informazioa eta informazioren kontrastea da gakoa…. Norbaitekin birziklaketaz hitzegiten hasten garenean ia 100%-ak esaten du birziklatzen duela, bainan datuak ez datoz bat eta gainera oraindik egunorokotasunean astakeri asko entzuten da, adibidez plastikoak edukiontzi horira botatzen direla oso zabaldua dago…. Horrek esan nahi du, jende askok (gehienak) besteek zer pentsatuko duten beldur birziklatzen duela esatea besterik ez duela izaten, bainan benetan ez duela gauza askorik birziklatzen eta horrela adierazten digutela 5.edukiontzia duten herrietako datuek….

    Arrasaten ahal da eta gaur egun ezagutzen den sistemarik onena ezartzera joan beharra dago. Herritarren artean dagoen mesfidantza eta informazio eza (edo hobe esan desinformazioa) gainditu behar da, horretarako benetan garrantzitsua da herri mailako mugimendu potente baten lana, hau da, ZERO ZABOR ARRASATEk egin beharreko lana…. Aurrera lagunak!!! Etorkizun hobeago bat egitera goaz!!!

  2. egilea: kepa

    Guzti ados nago Pedrok dioenarekin.
    Eta kontzientziazio guztiz beharrezkoa da gai, honetan. Lan talde potente batekin herritarrengana iritsi beharra dago eta hori komunikabide haundi gabe zaila da, hare eta zailagoa gero eta herri haundiagoa izan. Beraz, atzo prentsaurrekoan egon ginenok lan haundia dugu ahoz aho egiteko, jendea argumentuz konbentzitzeko.
    Baina halere, enago ados egiten den planteamentu batekin. Atzo Gipuzkoako zero zaborren prentsa oharrean eta Pedroren iruzkinean egiten den “interes elektoralisten” aipuarekin.
    Interes elektoristen baino Euskal Herriaren interesek behartzen gaituzte instituzioetan ezker abertzale indartsu bat egotera. Nork egingo du bestela murrizketaen aurkako lana? Nork atera bidegiko trapu zikinak? Nor gogoratuko da Euskal Preso eta iheslari politikoez? Estatuen indarkerien biktimez ( eta herri hontan asko daude) nor akordatuko da?
    Ezker abertzaleak ezin du ahaztu bere lana hondakinetatik haratago doala eta beraz, herritarren zati haundi bat kontra egonik eta hondakinen inguruan eragingo duen eragile bat aktibo egon gabe, nola jokatuko du hau gai bakarra izango balitz moduan?
    Ulergarria da kritikak egitea zero zaborretik akordiotara iritsi diren udalei, baina nik ez ditut konpartitzen.
    Arrasaten adb. ,orain arte , ez da zero zabor mugimenduaren berririk egon. Nola pentsatzen dute Gipuzkoako zero zaborrekoek herrietan lanik egin gabe gizartea eraldatzea? Prentsaurrekoen bidez? Prentsa ohar eta kartelen bidez? Sentitzen dut baina hori egitea errezena dela deritzot.

  3. Pingback: Arrasaten Atez Atekoari aukera ematea eskatzeko elkarretaratzea egin dute | Zero Zabor

  4. enrike egilea: enrike

    Erabat ados nago zuekin esaten duzuenean kontzentziazio lana egiten jarraitu behar dela eta Zero Zabor taldeko kideak gogotsu gaude arlo horretan lana egiteko. Azken bi hilabeteetan lau hitzaldi antolatu ditugu, murala ere egin dugu eta kalean esku orrian banatzen egon gara jendearekin hitz egiten eta haien kexak entzuten eta zalantzak argitzen. Eta ildo horretatik jarraituko dugu pentsatzen dugulako kalean egon behar dugula. Edozein modutan, aurreko urteetan ere lana egin egin da eta gauza asko antolatu dira, nahiz eta ez lortu guk nahi genituen emaitzak.
    Bestalde Zero Zabor taldeak ez dira sortzen berez, jendeak sortzen ditu talde hauek eta poliki-poliki indartzen joan. Gonbidatuta zaudete gure taldean parte hartzen eta zuen ekarpenak, taldean egon edo ez, pozik hartuko ditugu.

Utzi erantzuna enrike(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude