Zorionez, oso poliki, baina aldatzen goaz

Aldaketa handiak egon dira munduan zehar guztioi eraginez. Gure herrian ere egon dira aldaketa ugari gure herriari eta hemengo herritarrei modu indartsuan eraginez. Guk, euskaldunok, gure txikitasunetik unibertsoari egin diezaiokegun ekarpena handiena da gu geu izaten jarraitu, gurea zainduz, gurea babestuz eta gurea elikatuz, baina beti gizarte justuagoa egiteko norabidean. Gaurkoan, era nahasian, goian aipatutako horietako aldaketa batzuk ekarri nahi ditut hona.

1955eko egun batean emakume beltz batek, Rosa Parks-ek, ez zion utzi bere autobuseko jarlekua gizon zuri bati, legeak esaten zuen bezala, eta espetxean amaitu zuen. Eskubide zibilen aldeko txinparta piztu zen EBetan ekintza xume horrekin. Arrazakeria bizirik dago oraindik, baina gaur egun gazte asko altxatzen dira bere jarlekua adineko pertsona bati uzteko, koloreari begiratu gabe. Arrazakeriarik gabe mundu hobean biziko gara.

Europan XX. mendearen hasiera/erdira arte, herriaren arabera, emakumezkoek ez zuten izan bozkatzeko eskubidea eta emakumezkoen borroka luze eta gogor baten ondorioz bakarrik lortu zuten eskubide hori. Emakumezko borrokalari horiek jipoituak, irainduak, mespretxatuak, espetxeratuak eta erahilak  izan ziren. Eta sarri genero bera zuten pertsonengandik. Gaur egun pentsaezin izango litzateke emakumezkoak bozka eman ez ezina, nahiz eta oraindik ez aspaldi erabat “normala” zen. Emakumeen eskubideak errespetatuta mundu hobean bizi gara.

Homosexualek izugarriak jasan dituzte mendeetan. Irainduak, ospitalizatuak, espetxeratuak, jipoituak izan dira eta hildakoak ere ugari izan dira. Pertsona bat maitatzeagatik jasan dituzte horiek guztiak, herritarren artean jarrera onena isiltasuna izan denean. Borroka luze eta gogor baten ondoren, pertsona hauen eskubideak errespetatzen hasi gara, baina, zoritxarrez, oraindik bide luzea dugu egiteko. Nor gara gu edozeini esateko zein jarrera sexuala izan behar duen, edo nor maite behar duen esateko? Urratsak egin dira, baina bidea luzea izango da oraindik.

30-40. hamarkadan faxismoaren aurkako erresistente eta borrokalari ugariri esker faxismoa garaitua izan zen Europan, Estatu espainiarrrean izan ezik. Jasandako sufrimendua itzela izan zen, baina horien altruismoari esker, mundu hobean, baina oraindik asko hobetzeko duen mundu batean, bizi gara. Gerra amaitu zenean herritar guztiak ziren erresistente Frantzian, gerra garaian ez hainbeste.

XX. mendeko 60-70 hamarkadan  gizon-emakumezko askok apustu itzela egin zuten ikastolak sortuz eta euren seme-alabei euskara hutsezko heziketa eskainiz eta euskararekiko maitasun ekintza itzela eginez. Zoroak, ezjakinak, guraso eskasak eta horrelako adjektiboak jasan zituzten. Irakasleak berriz komunistak ziren, deabruak. Eurei esker gaur egun Euskal Herriko lurralde askotan hezkuntza gehiena euskarazkoa eta kalitatekoa da. Hurrengo erronka ezagutzatik erabilerara pasatzea litzateke.

70-80 hamarkadan Euskal Herrian mugimendu indartsua sortu zen zentral nuklearren aurka. Askok bizia galdu zuten. Azak jan eta astoan ibili behar genuen. Geroztik, ikusi dugunean Ukrania edo Japoneko istripuetan milaka pertsona hiltzen, arnasa sakon hartu eta esker onekoak agertzen gara lortu zelako Euskal Herrian horrelakorik ez egotea.  Nuklearrik gabeko mundu batean arrisku gutxiago daukagu.

XXI. mendera arte gure etxeko ur zikin guztiek errekan amaitzen zuten guztiok ezagutzen ditugun ondorioekin. Gaur egun, gure erreka bazterretatik, estolderietatik bideratzen ditugu araztegietaraino. Bertan, tratatu eta garbitu ondoren, errekara isurtzen dira inolako kalterik eragin gabe. Kontzientzia ekologikoa izan duten pertsonen urteetako lana izan da. Eta ondorioz, gaur egun gure erreketan kiratsa itzela egon beharrean, arrainak ikus ditzakegu berriz.

Hondakinei dagokionez, ezin dugu kutsatzen segi eta ezinbestekoa da murriztu, berrerabili eta birziklatu hirukia jarraitzea. Erosotasuna, ezjakintasuna, berriari beldurra eta horrelakoak ezin dira izan beti bezala egiten jarraitzeko aitzakia. Eta dirua dutenek ezin dute esan beraiek zergak ordaintzen dituztela eta kito. Dirua izateak ez du patentea ematen beste guztiok kutsatzeko, gu guztion osasunarekin jolasteko eta gure eta gure seme-alaben etorkizuna arrisku larrian jartzeko. Murriztuz, berrerabiliz eta birziklatuz zikloa itxi egiten dugu eta sortzen duguna eta gelditzen denaren arteko oreka jasangarriagoa lortzen da.

Agertu gaitezen arrazismoaren aurka, gure aurrean dagoenak zenbat diru duten begiratu aurretik; feminismoa defenda dezagun bide justu eta egokitik doalako; maitatu nahi duzuna eta utzi besteei gauza bera egiten; izan gaitezen erresistente gerra garaian eta ez ondoren soilik; herri bakoitzak izan dezala bere hizkuntza eta kultura defendatzeko aukera,  autodeterminazio eskubidearen alde eginez; izan gaitezen zentral nuklearren aurkakoak  hauek eraiki aurretik eta ez istripuak daudenean eta hondakinak murrizteaz gain, jarri dezagun bitartekoak sortzen duguna ama lurrera garbi itzultzeko.

Aurreko aldaketa guztiak hasiera batean batzuk bultzatuta egin dira. Izan gaitezen ausartak…

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

3 erantzun Zorionez, oso poliki, baina aldatzen goaz-ri

  1. egilea: Xabier Letona

    Ba bai, Enrike, hala izan ohi da historian, batzuk hasten dira aldatzen, aldaketa orokortu arte. Eta bai, nik ere uste dut Europako mendebaldeko gure mundu honetan hobeto bizi garela duela hainbat hamarkada edo duela mende batzuk baino (seguruenik mundua bera txarrago bizi den arren), baina ez dut uste mundu osoan hala denik: ehunka milioi esklabo daude munduan, eta beste ehunka milioi langile behartuak esklabutzatik oso gertu; baliabide aldetik gero eta urriago, aberatsenak aberatsago eta txiroenak txiroago; elikagaiak soberan izanik ere, milioika pertsona gosez hiltzen oraindik; klima aldaketaren ondorioz ur eskasiaren arazoa larria da herrialde askotan… Oro har, aurrera baino atzera goazela esango nuke.
    Uff!, ze ezkorra ezta? Baina dena hobetzeko aukera dugu, hori da alde baikorra, etxetik hasita gainera. Hondakinen gaia: lan oso interesgarria egiten ari zarete, eta nik ere ez dut zalantzarik gaur gaurkoz, eta ezagutzen duguna kontuan hartuta, atez atekoa del hondakinak birziklatzeko biderik eraginkorrena. Eta bestela hiru kontzeptu argi: %70-80ko sailkapena bermatzen duen sistema, derrigorrezkoa eta kontrolatua hondakinei dagokionez eta helburu epe zehatz eta zentzuzkoetan. Animo!

  2. egilea: Eider Alustiza

    Erabat ados, Enrike, artikuluan esaten dituzunekin. Erronka handiak ditugu esku artean, mundu hobe bat utzi nahi badiegu gure ondorengoei. Baina hori nola egin? herritarrok badugu zer-esana. Auzolana, herri mugimendua… horietxek aktibatu behar ditugula uste dut. Herri bezala funtzionatzeko. Herria sentitzeko.

  3. egilea: Ainhoa Erkizia

    Oso polita eta zentzuzkoa Enrike baina helburua ez luke atez atekoa izan behar, zuk diozun hirukia (murrizktu, berziklatu, berrerabili) bermatzea baizik, eta hori atez atekoarekin lortzen bada, konbentzi dezagun jendea.
    Nik kotxeen konparaketa erabiltzen oi dut azaltzeko; hau da, normalean kontra dagoen jende arruntak, sistema zikina eta bereziki deserosoa dela dio eta nik, beti diot kotxe elektrikoak ere horrela dirudila, hau da, bateria kargatzeko denbora pasa behar duzu, eta aldiz, kotxe arruntarekin gasolindegian bost minutu besterik ez; baina hala balitz ere, gure ingurmena jasangarriagoa izango balitz kotxe elektrikoa erabiliz, ziur egingo gunekeela eta, are gehiago, boteredunek dirua irabaziko balute planteamendu jasangarriarekin (kotxeen arloak beste); ziur ez genituzkeela horrelako kanpaina mediatiko erasokorrak jasango, bestelakoak baizik.

Utzi erantzuna Xabier Letona(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude