Aitor Izagirre, Goienako presidentea: “Zuen ekarpena, denok irabazteko”
“Ez dira betiko garai onenak”, zioen abestiak. Eta bat egiten du esaldiak egungo egoerarekin. Denoi eragiten digu krisiak. Goienari ere bai. Sarrerak urritu zaizkigu. Erakunde publikoek baliabide gutxiago dituzte diru-laguntzetarako eta azkeneko urteotan geroago eta zailago da publizitatea kontratatzea, hedabide eragingorrak izan arren Goienakoak publizitaterako. Horrenbestez, egoera berrira egokitu behar izan dugu.
Neurriak hartu ditugu. Baina ahalegindu gara kalitateari eusten, kaltea txikitzen. Hartzaileok igar ez dezazuen.
Hedabide asko ikusi ditugu desagertzen eta gertukoenak ere ez daude egoera onenean. Hori da errealitatea. Baina gogorrari gogor egin behar zaio. Eta denok batera bultza eginez gero, errazago gaindituko ditugu zailtasunak. Horregatik jotzen dugu zuregana, laguntza eske: Goienak behar zaitu!
Aurki dira 25 urte Arrasate Press sortu zela. Herri hedabide eredugarri haren helburuei eusten die Goienak: euskara plazaratzea; normalizatzea. Eta zuen konpromisoa derrigorrezkoa zaigu helburuei eutsi eta aurrera egiteko.
Ekarpen txiki bati esker, abantaila asko izango dituzu eta denok irabaziko dugu: euskarak, zuk zeuk eta Goienak.






