Ostiralean Markuleteko garbigunea ezagutu genuen. Bi aste dela desmuntatutako sofaren soberakinak “txatxifurgoan” sartu eta garbigunera abiatu ginen berauek bertan entregatzeko asmoz. Bertan dagoen langilearen laguntzaz, garbigunearen funtzionamendua ezagutu eta furgonetan eramandako hondakin guztiak birziklatu genituen. Furgoneta Grupo San Juaneko aparkalekura itzuli eta gaztetxera hurbildu ginen musakolako gazteekin batera, bertan dagoen rokodromoan eskalatzera.
Igandean hamaikatxo ekintza ezberdin burutu genituen. DBH 1ekoek ginkana oso dibertigarri bat prestatu zieten LH 6ko gazteei. DBH 2ko neskek sofak kanpora atera zituzten eta “Enkore” taldeak bi aste barru gazte gunean emango duen kontzertuaren inguruan hitz egiten aritu ginen. Horrez gain, hanka-paloekin oreka lantzen eta areto nagusiko eszenatoki gainean karaokea egiten ere ibili ginen.
Udalekuak poliki-poliki gerturatzen ari direnez, berauen inguruan luzez berba egin genuen hainbat koadrilekin.
Eta nola ez; betiko klasikoak aste-bukaera honetan ere oso presente: mahai jolasak, futbolina eta mahai tenisean topeeera ibili gara.