Mursego eta Napoka iria izango ditugu Espaloian. Domeka arratsalderako plan hoberik bai, edo? Sarrerak merke-merke daude eta dagoeneko salgai, kultura live-en, zein Espaloia antzokian bertan.
- Eguna: martxoak 2, domeka.
- Ordua: 19:00ak.
- Lekua: Espaloia Kafe Antzokia
- Sarrerak: 8 euro egunean bertan, 6 euro aurrez.
Mursego
Iban Zalduak idatzitako testua:
Behin batean Maddi, gure bederatzi urteko alaba, Mursegoren kontzertu batera eraman nuen. Han geratu zen. Eta, zortzi hilabete igaro diren arren, ez da oraindik itzuli.
Mikroipuin bat izan zitekeen goiko hori, Mursegoren musikak eragiten duen bahitura-sentsazioa islatzeko egokia, agian. Sinetsita bainago Mursegoren pop-ak harrapatzen duen horietakoa dela: Hiru diskoa, lehenengo kantatik hamaikagarreneraino, horren lekuko da. Eta pop-a diot, hitzaren zentzu zabal eta nobleenean: rocketik, abangoardiatik, klasikotik eta (geografia ezberdinetako) folketik edaten duen pop-a da Mursegorena; hau da, egungo musika herrikoia alegia, hemengoa, “hemen” leku guztiak direlako jada. Pop bat non hizkuntzak nahasten baitira, euskara atzerrikoa, gaztelania erbeste galaktiko batekoa eta portugesa edo suomiera (kasik) etxeko bihurtuz. Hiru entzuten bururatu zait, bestalde, euskal musikan inoiz benetako tropikalismorik existitu bada, orain eta hemen dela (“Euskadi Tropikal” haren haizeak iparraldetik etorri zirela iruditu zait niri beti…).
Badago beste kontu bat, azkenik, azpimarragarria, eta aurreko diskokoekin konpartitzen dutena Hiru honetako kanta gehienek: istorio bat dutela bere baitan, ipuin bat ia; filmezale batek, ordea, diskoko kanta askoren izaera zinematikoa nabarmenduko luke, ziurrenik. Pelikulak eta ipuinak gustatzen zaizkigunontzako opariak dira, edonola ere, Mursegoren diskoak. Eta hiru dauzkagu honezkero: biblioteka txiki bat.
Eta honek goiko mikroipuinaren amaierara nakar atzera. Honatx:
Promoaren testuari azkeneko puntua ipini, CD jogailua gelditu eta bertatik atera dut Mursegoren diskoa. Norbait atea jotzen ari dela ohartu naiz orduan, eta, niri «Aurrera!» esateko astirik eman gabe ere, hemezortzi edo hemeretzi urteko gazte bat sartu da gelan: «Aita! Aurkitu egin zaitut, azkenean! Non ibili zara denbora honetan guztian…?». Eta Maddik, gure alabak, gainera egin dit jauzi, ni besarkatzeko asmoz.
oh.: Informazio gehiago eta kantak hemen. (Mursego)
Napoka iria
Gorka Bereziartuak idatzitako testua:
Benetakoaren abantailak “Ez du ezer frogatu beharrik, horregatik
ateratzen da hain ondo”. Argazkilariaren estudioan tipo bizardun zimazu hura, kieto,
lasai, bare, ez irribarre urduri, ez imintzio arraro, ez pose. Bost axola aurrean
kameratzar hura edukitzea, fusilamendu pelotoi bat jarrita ere ez zuen kopeta
zimurtuko.
Bi, hiru, lau flashekin amaitu zen saioa, dena haize alde; goiz hartan ikasi nuen benetakoak
badituela zenbait abantaila estetiko. “Horrela bai gustura”, esan zuen argazkilariak.
Napoka Iria ere tipo hark zeukan jarrerarekin joan da estudiora nik uste, eta nabaritzen da.
Arnasten ikasteko berrizen beren buruari erretratua atera diote, irribarre urduririk,
imintzio arrarorik, poserik gabe.
Taldeak aurreko diskoko oinarri berdina dauka, beraiek dira dudarik gabe, argazkiak
ez du gezurrik esaten. Baina arropak edo orrazkera edo zerbait ez al dute aldatu? A, ez,
ahotsak dira, interbalo txikiagotan dabiltza melodiak; eta sakabanatuago dago lehen
kanten puntu jakinetan kontzentratzen zen tentsioa; moldaketak atmosferikoagoak dira
eta oro har, indie-folk soinurantz lerratu direla esango nuke. Gehiago adierazten dute
gutxiagorekin edo, azkenaurreko piezaren titulua probestuz, Erantziz jantzi dira.
Eta gero detaileak daude: Izotzetan erre ixten duen arramazka elektriko hori; bateriaren
erritmoa Disonantziak harago eta harago eramaten, basamortuko punteo bat lagun
duela; 1990eko hamarkadara zaramatzan Kontraren hasierako riffa; edo Erantziz
jantziko elkarrizketa, zarataren eta arpegio akustikoaren artean. Ñabardurak zainduz lan
egin dute, antzematen da. Kontzeptu aldetik ere eboluzioa dago, Etxeorratzeko asfalto-giro itotik diskoa ixten duen Distantziatikera, non Miren eta Ander “baso bihotzean ortozik” dabiltzan. Espaloitik belarretara iragan dira CDa gelditu denerako eta zu, entzuten, ez zara trantsizioaz konturatu ere egin. Ondo egin dutelako da. Benetakoaren abantailak.
oh.: Informazio gehiago eta kantak hemen. (Napoka iria)