Kategoriaren artxiboa: langileria

Lehenengo bi asteak

Lanpostuz aldatu dut ikasturte hasierarekin batera. Lanki utzi, eta ELA sindikatura egin dut jauzi. Aldaketa orok dakartzan beldur eta urduritasunei aurre egin, eta Bilbora joan-etorriak hasi nituen irailaren 14an.

A8ko bihurgunez betetako bi asteotan, bilera informal eta formalez bete zait agenda. Eta errealitate ezberdinez bete zait koadernoa.

Besteak beste, garbikuntza sektoreko bilera batean egoteko aukera izan dut. Lan-baldintza gogorrak eta bidegabeak sufritzen dituen sektorea da. Ikusezina. Eta emakumeena, nola ez. Ez da sektore bakarra, baina ikaragarri eragin didan errealitatea izan da. Ez nuen orain arte bere gordintasuna ezagutzen.

Langileen parte-hartzeari buruz hitz egin dut txoko honetan, eraldaketa sozialari buruz, alternatibei buruz… baina barneak ez dit halakorik egiten uzten gaurkoan. Ezin da langileen parte-hartzeaz hitz egin garbikuntza sektoreko errealitatetik (besteak beste). Balio kooperatiboak, formazio kooperatiboa, interkooperazioa… Zein urrun geratzen zaizkidan bat-batean hitzok. Eta ze gertu aldarrikapena, borroka, duintasuna eta… eskubideak. Irribarrez eta indarrez berreskuratu  beharreko eskubideak.

Elitearen iraultza

Owen Jones-en liburu bat daukat mesanotxean: “Chavs, la demonización de la clase obrera”. Chavs Britainia Handian langileria klaseari erreferentzia egiteko mespretxuzko izena da. Klase arduragabea da, gaizkilea, ezjakina, kulturarik gabekoa. Gizartearen errefusa. Hori da behintzat politikariek eta komunikabideek diotena.

Ezberdintasun sozialak handitzen doazen heinean, langileria klasearen aurkako mezuek klaseen arteko gorrotoak biziagotzen dituzte. Arazo sozialei soluzioa topatu beharrean, gorrotoa da boterearen soluzioa.

Autokritikarako ateak zabalik izanda, gogorra da ikustea zer nolako klasismoa daukagun barneraino sartuta, zer nolako topikoak ditugun buruan. Guk, elite ekonomikoa kritikatzen dugun langileok. Sistema kapitalista eta klasistako biktima garenok.

Eta iraultzari buruz hitz egiten dugu, zorionez klase ertaineko familian jaio ginenok. Ikasteko (edo ez ikasteko) aukera izan genuenok. Etxean, kalean edo eskolan formazio sozio-politiko-filosofikoa jaso dugunok. Hausnarketarako aukera izan dugunok.

Baina badirudi ahazten dugula iraultza, eraldaketa sozioekonomikoa, ez dela etorriko soilik klase ertaineko “pentsalariengandik”. Eraldaketa gizarteko norbanako guztien eskutik etorriko da. Etorriko da etxekoandreen eskutik, etorriko da ikertzaileen eskutik, etorriko da irakasle eta ikasleen eskutik, eta etorriko da lanik ez dutenen eskutik, kalean eskean daudenen eskutik. Alboan paratuz gero sekula ere hitz egingo ez zenukeen horren eskutik.

Ez da soilik elite intelektuala behar duguna. Norbanako protagonistak, subjektu aktibo eta antolatuak, dira behar ditugunak.

Goiena-ren Puntua aldizkariko 1. alerako idatzia (2015/01/16)

Gutxiespenez

Honakoa 2014-10-06ko Asteleheneko Goiena-rako idatzitako artikulua da, Zabalik zutabean topatuko duzuena.

Asteburuko planei buruz idaztea nuen buruan, enpresen parte-hartzeaz hitz egiten duten bitartean lan baldintzak okertzen dituzten enpresariei buruz idaztea baztertu ondoren, beste gai polemikoekin egin bezala.

Baina joan den astean Jose Luis Bilbao jaunak hitz egin zuen. Hitz egin zuen ezagutzen dituen ustelkeria kasuak gordeko dituela esanez, paradisu fiskaletan ondasunak dituztenen izenak emango ez dituela ziurtatuz. Sarean irakurri nuen beste leku batean zigorra ekarriko zutela bere adierazpenek. Baina hau ez da Europa, hau ustelkeria nagusi den Hego Euskal Herria da, Espainian kokatutako Hego Euskal Herria.

Paraje hauetan klase politiko-ekonomikoak argi du herria gutxietsi beharrekoa dela. Gutxietsi beharrekoak dira parte-hartze prozesu pluralen bidez eraikitako proiektuak eta bertan parte hartu duten eragile eta norbanakoak (uler beza ulertu beharrekoak). Gutxietsi beharrekoak dira langileak, beraien enpresetan lan eginez klase ekonomikoa aberasten duten langileak. 

Are gehiago, gutxietsi beharrekoak dira lanean hildako langileak, eta lortu dute hein batean gizarteak laneko istripu eta heriotzak gauza ohiko eta normal direla asumitzea. Langileei egindako mehatxuak eta eragindako presioak ez du oro har hedabideetan islarik, langileen eskubideen aldarrikapenak sistematikoki baztertu beharrekoak dira.

Orain dela hilabete batzuk zutabe honetan ilusioari buruz hitz egin nuen, eraldaketa soziala gure esku dagoela esaten nuen. Eta gauza bera esango nuke. Baina “nahikoa da” esateko, eta exijitzeko, garaia bada. Tapia anderea eta enparauok, baita herrikide xumeei sorbalda gainetik begiratzen diozuenok ere, nahikoa da. Herritarrok eraiki dugu herria, eta horretan segituko dugu, botere ekonomikoaren aurrean lankidetzan eraldaketa sozialaren alde lan eginez.