Kategoriaren artxiboa: kooperazioa

MONDRAGON ez ei da solidarioa

Ez dakit eredu kooperatiboa zalantzan jarri nahi duten berberak ari diren MONDRAGON Korporazioaren baitan elkartasunik ez dagoela sinestarazi nahian, edo horiek baino gehiago diren. Izan dira informazioak ere MONDRAGONen baitan zeinek bozkatu duen 120 milioi ematearen alde eta zeinek aurka. Arrazoia? Auskalo.

MONDRAGONeko gainerako kooperatibek elkartasunik ez dutela erakutsi diote. Datu zehatzetan ez gara sartuko (MONDRAGONek komunikatuan 300 milioi euro bideratu direla esan berri du), baina orain dela hilabete batzuk, esaterako, kooperatibek onartu zuten 70 milioi euro ematea Fagor Etxetresna Elektrikoei (FEE) beren egoera konpontzeko. Horrez gain, dibisio eta Fagor Taldearen baitan emaitzen birmoldaketa ere egiten da. Hau da, A kooperatibak galerak baditu eta B kooperatibak irabaziak, bien arteko egoera parekoagoa izateko emaitzen zati bat parekatu egiten da. Beraz, FEEren arazoak aspalditik badatoz, emaitzen birmoldaketak ere lagundu du urteotan egoera bideratzen ahalegintzen. Horrez gain, MONDRAGONen baitan interkooperazio fondoak ere badira, inbertsioak eta formazioa bultzatzeaz gain (besteak beste), kooperatiben berrindartze ekonomikora bideratutako baliabideekin.

Horrez gain, Lagun-Aro dugu. Bazkide mutualistek elikatutako Lagun-Aro. Erakundeak ahaleginak egingo ditu (eta egin ditu) mutualisten egoera bideratzeko. Eta Lagun-Aro ez da entitate estralurtar bat. MONDRAGONeko kooperatibek (gehienbat) elikatzen dutena da. Urtetan zehar pilatutako baliabideak dituena.

Hori gutxi balitz, ziur naiz horiez gain hainbat kooperatibek laguntza gehigarriak eman dizkiotela FEEri urteotan.

Hori guztia jakinda, nola baiezta liteke hain arinki ez dagoela elkartasunik MONDRAGONen baitan? Fagorri azken finantzazioa ez ematea gogorra izan da, bai horixe, baina horrek ezin du ahanztarazi orain arte erakutsitako elkartasuna. Batzuk hala nahi duten arren (hala dirudi behintzat).

Kooperatiben sarea eta interkooperazioa

Kooperatibak eredu sozioekonomiko alternatibo gisa ulertzen ditut. Askok ulertzen ditugu horrela. Merkatu kapitalistan egonda ere, bestelako balio eta printzipioak dituzten erakunde gisa. Kapitala tresna gisa dutenak, helburu gisa baino. Izan ere, kooperatiben funtsa komunitatearen garapena da. Oinarrian hori da. Beste kontu bat da egungo kooperatiba batzuen oinarria zein den, zergatik sortzen diren kooperatibak, kooperatibako kide batzuen helburuak zeintzuk bihurtu diren, eta abar luze bat.

Hala ere, ez da nire asmoa kooperatiba batzuen norabidearen (edo noranzkoaren?) inguruko hausnarketa egitea, baizik eta azken aldian gero eta nabarmenago egiten zaidan interkooperazio eta elkartasunaren garrantzia aldarrikatzea.

MONDRAGON adibide gisa hartzen badugu, bere gorabehera guztiekin, esango nuke bere arrakastaren gakoetako bat sortutako interkooperazioa, sarea bera, dela. Izan ere, zailtasun zein erronka berrien garaian printzipio eta helburu berak (antzekoak akaso) dituzten norbanako zein erakundeen arteko kolaborazioa gakoa bihurtzen da. Iraultzarako bezala, antolaketa eta sareak ezinbestekoak dira proiektu komunitario, lokal baina global, baterako. Krisi garaiko kudeaketa aztertzen ari naiz nire tesian, eta hori berori ikusi dut garbien: interkooperazioa eta kooperatiben arteko elkartasuna eta konpromisoa finkatuta eta egituratuta egotea zein garrantzitsua den. Kooperatibak alternatiba erreala izan daitezen zeinen garrantzitsua den kooperazioa.

Horren harira, eta Gipuzkoko beste txoko baten, Talaios Kooperatibako lagunek (BeƱat Irasuegi, Unai Gorrotxategi eta Gorka Juliok) Olatukoop egitasmo interesgarria jarri dute martxan. Nolabait, orain dela 50-60 urte Debagoienean sortutako interkooperazioa eta elkartasunaren olatua egungo mugimendu kooperatiboan sortu nahi dute, eta horretarako oinarriak definitu dituzte. Etorkizun oparoa duena, egungo egoeran gero eta garrantzitsuagoa baita irla kooperatiboen sarea sortu eta indartzea.