Kategoriaren artxiboa: kooperatibismoa

Bekatuak bekatu (#puntua n)

Honako artikulua 2016-07-03ko #Puntua aldizkarian argitaratutako artikulua da.

Wikipedia kontsultatuz hasi naiz artikulua idazten. “Sindikatu” hitza bilatu dut, aitzakia perfektua azken egunotan prekaritateak erail dituen langileak aipatzeko.

Euskarazko Wikipediaren arabera, sindikatuaren helburua da langileriaren interes sozial, ekonomiko eta profesionalak defendatu eta sustatzea. Gaztelaniazkoak dio bere lana erabakiak hartu aurretik langileak informatu eta kontzientziatzea ere badela.

Definizioak irakurri eta ahalduntzea datorkit burura, autogestioa, norbanakoaren eta komunitatearen ongizatea, pertsonaren duintasuna… eta kooperatiba.

Bai, kooperatiba eta sindikatua, biak lotu ditut. Baina mesedez, ez iezaiozue inori esan. Ondo dakizuen bezala, gure bailaran bekatua da kooperatibagintza eta sindikalgintza lotzea.

Ustez, eredu kontrajarriak. Baina funtsean, eskutik helduta behar luketenak.

Egia da kooperatibetan sindikatuek ez dutela lekurik, ez behintzat langile bazkideen ordezkari gisa (ez ditzagun ahaztu ebentual eta azpikontratatuak). Bateraezinak izanda ere, eraiki beharko genituzke zubiak kooperatibak eta sindikatuak aliatu bihurtzeko. Eredu sozioekonomiko alternatiboa eta erreala nahi dugunok, bi eragile indartsuok elkarlanean behar ditugu. Baita komunitatetik sortu eta eraldaketarako bokazioa duten beste eragileak ere.

Izan gaitezen gu ere Grezia, eta saia gaitezen eredu sozioekonomiko bidegabe eta krudel hau aldatzen. Utz ditzagun ezberdintasunak alde batera, eta has gaitezen eraikitzen.

Ilunak argituz

Ordu luzeak pasa ditugu Arrasate inguruko kooperatibak kritikatzen. Multinazional hutsak direla, kapitalistak, galdu dutela funtzio soziala, eraldaketa soziala beraien planetan sartu ere ez dela egiten, gabezia handiak daudela balio kooperatiboen inguruan… Ondo arrazoitutako kritikak izan dira batzuetan, arinkeriaz beste batzuetan. Erronka enpresarialez jositako hamarkadak izan dira. Gerra ondorengo Arrasate banatu eta gosetuan hasi, frankismotik pasa, eta globalizazio kapitalista latzean murgildu. Urte batzuetako perspektiba hartzea ezinbesteko izan zen esperientziaren argi-ilunak identifikatzeko, eta horien araberako neurriak hartzeko. Eta neurriotako bat da Lanki ikertegiak eskaintzen duen Kooperatibagintzan Aditu Titulua.

7 hilabeteren zehar kooperatibagintzari buruzko teoriak baino gehiago lantzen dira graduondokoan. Jasotzen dira hainbat adituren testigantzak, besteak beste langileen parte-hartzeari eta krisi sistemikoari buruzkoak. Baina entzule gisa interesgarrienak kooperatibetako testigantzak izan dira. Eraldaketa sozialaren bueltan bailarako zenbait kooperatibek dituzten egitasmo eta planek liluratu naute. Gustura entzun ditut langileen parte-hartzea bultzatzeko hartzen ari diren neurriak eta dauden egitasmo sendoak. Kontseilu soziala dinamizatzeko proiektuetatik eraldaketa sozialerako egitasmo zehatzetara, egungo egoera sozioekonomikoan kooperatibek duten rola aztertuz.

Zaila da hutsetik eraikitzea, baina hartutako norabideak aldatzea zailagoa delakoan nago. Inertziekin hautsi eta zer garen eta nora goazen kuestionatzea. Eraldaketa, parte-hartzea, formazioa, ahalduntzea… eta hori guztia milaka bazkide eta langileko kooperatibetan. Hazkunde eredu bati jarraituz eraikitakoa birplanteatu eta kooperatibetako funtsetara eramatea ez da erraza, aitortza eta autokritika, biak behar dira. Autokritikatik ondo egindakoa aitortu, eta argietatik ikasiz ilunak argitzea.

Kooperatibak irla direnean

Debagoienean kooperatibak ohikoak dira, Arrasateko Kooperatiben Esperientziaren hastapenetatik bailaran izaera juridiko ohikoa bihurtu da. Komunikazio kooperatibak, industria kooperatibak, zerbitzuak, hezkuntza… esparru guztietara hedatu da kooperatibismoa. Demokrazia ekonomikoa, berdintasuna, elkartasuna… (nahi) ditugu erakundeotan. Kooperatibak ez dira perfektuak, kooperatibismoa egunerokoan praktikara eramatea ez da erraza, baina eredu justua(agoa) da.

Hala ere, inpresioa daukat berdintasuna eta eraldaketa soziala barnera begira aldarrikatzen dugula soilik. Kooperatibak ingurunetik at ikusten ditugu askotan, gure zilborrari soilik begiratzen diogu sarri. Langileen eskubideak murrizteko legeak onartzen dira gobernu publikoetan, sindikatuen ilegalizazioa bultzatzen da boteretik (kapitaletik), murrizketak aplikatzen dira zerbitzu publikoetan, lanpostuak modu masiboan suntsitzen dira… baina oraingoz geure ekosistema salbu dago. Eta lasaitasun horretan ahazten dugu (inpresio hori dut behintzat) langile gisa konpromisoak ditugula gizartearekin. Ongizate eta eraldaketa soziala ezin da ekosistema propiora mugatu, eskubideen aldeko borroka guztion esku dago. Konturatzen ez garen artean eraldaketa sozial erreala ez da lortuko, kooperatiben helburuak ez dira beteko.

FEE: bazkideak, bazkide-mutualistak eta ebentualak

Bazkideei soluzioa bilatu eta topatuko omen zaie. Atzo Juan Manuel Sindek (Arizmendiarrietaren Lagunen Elkarteko bozeramaleak) argi utzi zuen Onda Vascan egindako elkarrizketan: bazkideen langabeziari, lehenaldian egin gisara soluzioa topatuko zaio. Birkokapenak, kalte-ordainak, aurre-erretiroak eta abar. Gogorra izango da urte mordoxka baten ondoren etxera esku hutsik joatea, hala ere. Bakoitzaren enpresaren alde ahalik eta gogorren lan egin, ilusioa jarri, eredu kooperatiboak eskatutako konpromisoa azkeneraino eraman, eta orain hau. Esku hutsik, proiektu propio eta kolektiboa hondoratzeak dakarren tristura eta etsipenarekin soilik. Lanpostua baino gehiago galdu dute.

Baina FEEko bazkideei topatuko zaie soluzioa, duina batzuentzat, gogorra beste batzuentzat, lehengoa baino hobea gutxi batzuentzat, beharbada. Bazkide mutualistei, hobe esateko. Ez delako argitu oraindik Edesako bazkideei ere soluzioa topatuko zaien beste kooperatibetan. Izatez, Lagun-Aroko kide ez direnez gero (lehenaldian hartutako erabaki baten ondorioz), ez lukete horretarako eskubiderik. Beharbada Ormaetxeak T.U. Lankide-n argitaratutako artikulu batean aipatzen zuen “arauak hauste hori” Edesako bazkideei bideratutakoa ere izan liteke.

Aitortuko dizuet nire tesian (egunen baten bukatuko dudana, portzierto) langileen eskubideen araberako mailaketa antzeko bat deskribatzen dudala: bazkideak, iraupen jakineko bazkideak eta ebentualak. Baina FEEren egoerak 4. profil bat azpimarratu du: bazkide ez mutualista. Mailaketa interesgarria, krisi garaian kaltetuak bi taldetan banatzen dituena. Bazkide-mutualistak alde batetik, eta beste guztiak bestetik. Autoreren batek bazkideak “pribilegiatuak” direla aipatzen du. Krisi garaian matizatu beharko luke akaso: bazkide-mutualistak lirateke pribilegiatuak.

 

Parte-hartzea eta bideragarritasuna zalantzan

Arantza Tapiak esan berri du MONDRAGONen eredua birpentsatu behar dela, eta erabakiak batzar orokorretan hartzeak prozesua moteldu egiten duela. Horrez gain dio MONDRAGONek jo beharko lukeela kanpoko enpresetara ez direlako gai enpresak “reflotatzeko”. Ez naiz ni inor Fagorren hartu diren erabakiak zuzenak izan diren ala ez esateko, baina tesi gaiak ikutu eta ezjakintasunetik hitz egiten denean, blogeko sarrera bat idatzi behar. Hala ba. Bi puntuei erantzungo diet.

  1. Badira ikerketak eta badira teoriak diotenak langileen parte-hartzeak efizientzia eta motibazioa bultzatzeko balio dutela. Hori batetik. Bestetik, eta honako mezuan adierazi nuen bezala, eredu kooperatiboan erabakiak modu asanblearioan hartzeak hainbat abantaila ditu (printzipio sozialetik harago): inplikazioa, motibazioa eta erabakiak aurrera eramatean berehalakotasuna. Izan ere, oker ez banaiz, bestelako erakundeetan administrazio kontseiluek erabakiak hartu ondoren sindikatu eta langileen komiteekin negoziatu behar dituzte. Denbora galtzea izango da termino enpresarial hutsetan hau ere, ziur. Bestalde, kooperatibek aldarri duten gardentasuna benetakoa bada, langileek lukete erakundearen egoera finantzario eta aurreikuspenen berri, eta honek erabakiak hartzerakoan azkartasuna erantsiko lioke.
  2. 1970eko krisitik abiatuz, Arrasateko Kooperatiben Esperientziak garatu ditu tresna enpresarial eta finantzarioak zailtasunak dituzten kooperatibei laguntzeko, hainbat esparrutan. Batetik, Lan Kide Aurrezki Kutxaren sorrerarekin (egungo Laboral Kutxa). Tresna finantzario hau gakoa izan zen kooperatiben finantzazio arazoei aurre egiteko. Horrez gain, Enpresa Dibisioaren bidez aholkularitza enpresariala ere eskaintzen zitzaien zailtasunetan zeuden kooperatibei, berregituraketak eta negozioaren berrikuspen eta diseinuan lagunduz. Enpresa Dibisioa LKS bihurtu zen aurrerago, aholkularitza kooperatiba. Azkenik, nola ez, Lagun-Aro dugu. Enplegu Laguntza fondo eta prestazioekin bestelako erakundeetan hain ohiko diren kaleratze masiboak ekiditen laguntzen duena (hemen prestazioetako batzuk azaltzeko mezua).

Mezu hau ez da gai izango, ziur, Arantza Tapia eta beste hamaikaren iritzia aldatzeko. Ezta beraien hitzak pixka bat neurtzeko ere. Neure barneko ezinegona askatzeko eta gaia interesekoa izateaz gain kooperatibismoarengan sinesten dutenentzat, akaso, baliagarri.

Ebentualak kooperatibetan

Krisi garaian kooperatibetako bazkideekin zer gertatuko den, hori izan dut blogean mintzagai. Baina, nola ez, guztiok dakigu kooperatibetan ebentualak ere badirela. Beno, oparotasun garaian krisi garaian baino gehiago, jakina.

Soldatapekoen figura bera dudan jartzen dutenak asko dira. Zein puntura arte ari gara enplegu kooperatiboa bultzatzen, kooperatibetako langileriaren zati handi bat soldatapekoa denean? MONDRAGONen kasuan %85ekoa da gehienezko kopurua. Ez nuke esango asko denik, egia esan.

Ebentualak izateak malgutasuna eskaintzen die kooperatibei. Izan ere, oparotasun garaiek amaiera izan dezakete, eta automatikoki bazkideak egiteak zailtasun garaietan malgutasuna kentzen die kooperatibei. Hala ere, posible da aitzakia hori erabilita, lanpostua egonkorra izanda ere, bazkidetza ukatzea. Helburu kooperatiboak, kasu horretan, alde batera uzten dira. Muga non dagoen, nik ere ez dakit. Baina soldatapekoen erabilera sistematikoak bideratzen du kooperatiba alternatiba sozioekonomikoa ez izatea, jabedun gehiago izanda ere, eskubideak pribilegiatuenetara mugatzen baitira.

Ez diot, inork ez dezala hala pentsa, kooperatibek, orokorrean, hala egiten dutenik. Zalantza filosofikoak ditut soldatapekoen figuraren inguruan. Eta ez dakit filialak izateak hirugarren mailako langileak sortzen ez dituen ere. Enpresaren bideragarritasunaren eta printzipio kooperatiboekiko koherentziaren arteko borrokaren beste alderdietako bat.

Kooperatibismoa krisian? Bai zera!

Ulergarria da eredu kooperatiboaren aurkariek azken egunotako berri eta azaleratutako gatazkak probestea kooperatibismoa erasotzeko. Eredu kapitalista hutsarengan sinesten duten horientzako, eraldaketa soziala eta komunitatearen garapena bilatzen duten autogestionatutako mugimenduak desatseginak izan daitezke. Hala ere, harrituta nago Ahots Kooperatibista taldeak sinatutako honako idatziarekin, kooperatibismoa ezbaian dagoela esaten baitu.

Kooperatibismoa ez da krisian dagoena. Kooperatiben eredua da ezbaian dagoena. Nola produzitu behar dugun, nazioartekotu behar dugun edo ez, jarraitu beharreko hedapen eredua… Hori guztia birpentsatu beharko da. Eta kooperatiben zentzua eta funtsa zein den, hori ere gogorarazi beharko diogu gure buruari. Demokrazia ekonomiko eta politikoa, parte-hartzea, berdintasuna, gardentasuna, elkartasuna eta, ahaztu gabe, inplikazioa.

Kooperatiben sarea eta interkooperazioa

Kooperatibak eredu sozioekonomiko alternatibo gisa ulertzen ditut. Askok ulertzen ditugu horrela. Merkatu kapitalistan egonda ere, bestelako balio eta printzipioak dituzten erakunde gisa. Kapitala tresna gisa dutenak, helburu gisa baino. Izan ere, kooperatiben funtsa komunitatearen garapena da. Oinarrian hori da. Beste kontu bat da egungo kooperatiba batzuen oinarria zein den, zergatik sortzen diren kooperatibak, kooperatibako kide batzuen helburuak zeintzuk bihurtu diren, eta abar luze bat.

Hala ere, ez da nire asmoa kooperatiba batzuen norabidearen (edo noranzkoaren?) inguruko hausnarketa egitea, baizik eta azken aldian gero eta nabarmenago egiten zaidan interkooperazio eta elkartasunaren garrantzia aldarrikatzea.

MONDRAGON adibide gisa hartzen badugu, bere gorabehera guztiekin, esango nuke bere arrakastaren gakoetako bat sortutako interkooperazioa, sarea bera, dela. Izan ere, zailtasun zein erronka berrien garaian printzipio eta helburu berak (antzekoak akaso) dituzten norbanako zein erakundeen arteko kolaborazioa gakoa bihurtzen da. Iraultzarako bezala, antolaketa eta sareak ezinbestekoak dira proiektu komunitario, lokal baina global, baterako. Krisi garaiko kudeaketa aztertzen ari naiz nire tesian, eta hori berori ikusi dut garbien: interkooperazioa eta kooperatiben arteko elkartasuna eta konpromisoa finkatuta eta egituratuta egotea zein garrantzitsua den. Kooperatibak alternatiba erreala izan daitezen zeinen garrantzitsua den kooperazioa.

Horren harira, eta Gipuzkoko beste txoko baten, Talaios Kooperatibako lagunek (Beñat Irasuegi, Unai Gorrotxategi eta Gorka Juliok) Olatukoop egitasmo interesgarria jarri dute martxan. Nolabait, orain dela 50-60 urte Debagoienean sortutako interkooperazioa eta elkartasunaren olatua egungo mugimendu kooperatiboan sortu nahi dute, eta horretarako oinarriak definitu dituzte. Etorkizun oparoa duena, egungo egoeran gero eta garrantzitsuagoa baita irla kooperatiboen sarea sortu eta indartzea.