Kategoriaren artxiboa: koop

Ebentualak kooperatibetan

Krisi garaian kooperatibetako bazkideekin zer gertatuko den, hori izan dut blogean mintzagai. Baina, nola ez, guztiok dakigu kooperatibetan ebentualak ere badirela. Beno, oparotasun garaian krisi garaian baino gehiago, jakina.

Soldatapekoen figura bera dudan jartzen dutenak asko dira. Zein puntura arte ari gara enplegu kooperatiboa bultzatzen, kooperatibetako langileriaren zati handi bat soldatapekoa denean? MONDRAGONen kasuan %85ekoa da gehienezko kopurua. Ez nuke esango asko denik, egia esan.

Ebentualak izateak malgutasuna eskaintzen die kooperatibei. Izan ere, oparotasun garaiek amaiera izan dezakete, eta automatikoki bazkideak egiteak zailtasun garaietan malgutasuna kentzen die kooperatibei. Hala ere, posible da aitzakia hori erabilita, lanpostua egonkorra izanda ere, bazkidetza ukatzea. Helburu kooperatiboak, kasu horretan, alde batera uzten dira. Muga non dagoen, nik ere ez dakit. Baina soldatapekoen erabilera sistematikoak bideratzen du kooperatiba alternatiba sozioekonomikoa ez izatea, jabedun gehiago izanda ere, eskubideak pribilegiatuenetara mugatzen baitira.

Ez diot, inork ez dezala hala pentsa, kooperatibek, orokorrean, hala egiten dutenik. Zalantza filosofikoak ditut soldatapekoen figuraren inguruan. Eta ez dakit filialak izateak hirugarren mailako langileak sortzen ez dituen ere. Enpresaren bideragarritasunaren eta printzipio kooperatiboekiko koherentziaren arteko borrokaren beste alderdietako bat.

Jabetzaren garrantzia

Pertsonak, norbanakoak, garrantzitsuak dira enpresa/erakunde batean, baita beren garapen pertsonala zein profesionala ere. Halaber, norbanakoen arteko harremana gakoa da, batez ere botere harremana nola gauzatzen den. Botere harremanetan, baina, bi maila bereiz nahi nituzke.

Alde batetik, lanpostuan norbanakoak daukan autonomia, egitura horizontala erabakiak hartzerako orduan. Hala, eguneroko jardunean langileak enpresaren jabe sentitzea lor daiteke, eta hala motibazioa handitu. Hainbat ikerketek diotenez, gainera, motibazioak langileak efizienteago izatea lortzen du. Beraz, utzidazue gaiztakeri pixka bat erabiltzen, baina enpresari kapitalistentzako (salbuespen pila bat salbuespen) autogestioa eta lanpostuko autonomia bereziki interesgarriak izango direlakoan nago, etekin ahalik eta handienak lortzeko.

Horregatik, bigarren botere harremanari eman nahi nioke garrantzia: jabetza parekidea. Hau da, erakundearen jabetza langile guztiengan egotea, erakunde ekonomikoki demokratikoa izatea. Autogestioa eta lanpostuko horizontaltasuna garrantzitsua den arren, jabetza guztien esku izateak bideratuko du erakunde bat benetan horizontala izatea. Bestelakoan, jabe bakar/bakar batzuk beren esku izango dute botere politikoa, eta deslokalizazio edo itxierak erabakitzeko eskumena, lanpostuan autonomia eta erabakitzeko eskubidea izan edo ez.

Badira kritikak esaten dutenak Arrasateko kooperatibak hierarkikoak direla, ez dutela lortu kooperatibek bilatzen duten horizontaltasuna, jabetza demokratikoa izatea bakarrik lortu dutela. Baliteke. Hala ere, egia da kooperatiben eskalek ez dutela errazten horizontaltasuna, gertutasuna, konfiantza. Ormaetxeari entzun bezala, hasierako urtetan lantokian denek ezagutzen zuten elkar, kudeatzaileak bertatik bertara ibiltzen ziren, gertukoak ziren. Gertutasun hori landu beharko litzateke akaso, horizontaltasunera bidean. Berdintasunean oinarritutako harremanak indartuz, baina berdintasun erreala, ez jabedunen interesera mugatzen dena.

Kooperatibismoa krisian? Bai zera!

Ulergarria da eredu kooperatiboaren aurkariek azken egunotako berri eta azaleratutako gatazkak probestea kooperatibismoa erasotzeko. Eredu kapitalista hutsarengan sinesten duten horientzako, eraldaketa soziala eta komunitatearen garapena bilatzen duten autogestionatutako mugimenduak desatseginak izan daitezke. Hala ere, harrituta nago Ahots Kooperatibista taldeak sinatutako honako idatziarekin, kooperatibismoa ezbaian dagoela esaten baitu.

Kooperatibismoa ez da krisian dagoena. Kooperatiben eredua da ezbaian dagoena. Nola produzitu behar dugun, nazioartekotu behar dugun edo ez, jarraitu beharreko hedapen eredua… Hori guztia birpentsatu beharko da. Eta kooperatiben zentzua eta funtsa zein den, hori ere gogorarazi beharko diogu gure buruari. Demokrazia ekonomiko eta politikoa, parte-hartzea, berdintasuna, gardentasuna, elkartasuna eta, ahaztu gabe, inplikazioa.

Kooperatiben sarea eta interkooperazioa

Kooperatibak eredu sozioekonomiko alternatibo gisa ulertzen ditut. Askok ulertzen ditugu horrela. Merkatu kapitalistan egonda ere, bestelako balio eta printzipioak dituzten erakunde gisa. Kapitala tresna gisa dutenak, helburu gisa baino. Izan ere, kooperatiben funtsa komunitatearen garapena da. Oinarrian hori da. Beste kontu bat da egungo kooperatiba batzuen oinarria zein den, zergatik sortzen diren kooperatibak, kooperatibako kide batzuen helburuak zeintzuk bihurtu diren, eta abar luze bat.

Hala ere, ez da nire asmoa kooperatiba batzuen norabidearen (edo noranzkoaren?) inguruko hausnarketa egitea, baizik eta azken aldian gero eta nabarmenago egiten zaidan interkooperazio eta elkartasunaren garrantzia aldarrikatzea.

MONDRAGON adibide gisa hartzen badugu, bere gorabehera guztiekin, esango nuke bere arrakastaren gakoetako bat sortutako interkooperazioa, sarea bera, dela. Izan ere, zailtasun zein erronka berrien garaian printzipio eta helburu berak (antzekoak akaso) dituzten norbanako zein erakundeen arteko kolaborazioa gakoa bihurtzen da. Iraultzarako bezala, antolaketa eta sareak ezinbestekoak dira proiektu komunitario, lokal baina global, baterako. Krisi garaiko kudeaketa aztertzen ari naiz nire tesian, eta hori berori ikusi dut garbien: interkooperazioa eta kooperatiben arteko elkartasuna eta konpromisoa finkatuta eta egituratuta egotea zein garrantzitsua den. Kooperatibak alternatiba erreala izan daitezen zeinen garrantzitsua den kooperazioa.

Horren harira, eta Gipuzkoko beste txoko baten, Talaios Kooperatibako lagunek (Beñat Irasuegi, Unai Gorrotxategi eta Gorka Juliok) Olatukoop egitasmo interesgarria jarri dute martxan. Nolabait, orain dela 50-60 urte Debagoienean sortutako interkooperazioa eta elkartasunaren olatua egungo mugimendu kooperatiboan sortu nahi dute, eta horretarako oinarriak definitu dituzte. Etorkizun oparoa duena, egungo egoeran gero eta garrantzitsuagoa baita irla kooperatiboen sarea sortu eta indartzea.