Kategoriaren artxiboa: hausnarketa

Adegi, zergak eta langileen parte-hartzea

Ez da lehenengo aldia Adegi-ren adierazpenek goiza muturtu didatena. Guibelaldek dio Gipuzkoako Bilduk ez dituela inoiz lanpostuak sortu, eta orain lanpostuak arriskuan jartzen ari direla, aberastasunaren gaineko zerga aplikatuz enpresariak larrituz. Osasun mental eta emozionalaren kalterako, twitterreko erabiltzailearen TLra jo dut, eta perlatxoak topatu.

 Ea ba. Zergak. Bere zentzua eta helburuak. Aldeko eta kontrako iritziak izanda ere, egun zergen funtzioa da gizartearen beharrei erantzutea. Alde batetik, behar “sozialei”: osasuna, hezkuntza edota gizarte zerbitzuak, besteak beste. Bestetik, garapen sozioekonomikorako egitasmoei. Sozio azpimarratu nahi izan dut, enpresak eragile sozioekonomiko gisa ulertzen ditudalako, eraldaketa eta ongizate sozialera bideratutakoak. Hala, Adegik hainbeste kritikatutako zergek badute eragina eta laguntzen diete enpresei, bai berrikuntza programak bultzatuz, baita enpresa egitasmo berriak sustatuz ere. Era berean, esango nuke Adegi berari ere laguntzak ematen dizkietela, eta funtzionamendurako beharrezko baliabideak eskuratzen dituztela. Ez dut ulertzen, beraz, zergatik halako arazoak aberastasunaren gaineko zergak aplikatzearekin.  

Bi txioak bata bestearen ondoren jarri ditut, apropos.

Ezaguna da Adegik langileen parte-hartzea sustatzeko asmoak eta plangintzak jarri dituela martxan. Kooperatibek, besteak beste, urteak daramatzate parte hartzea aldarri izaten. Orain arte, baina, enpresa konbentzionaletan (salbuespenak salbuespen, eta guztiak Adegi-rekin parekatzeko inongo helburuarekin) ez da langileria aintzat hartu. Langileria soilik obeditzeko izan da maiz (eta bada zenbait kasutan), ahotsik gabeko tresna. Estrategia enpresarialetik begiratuta, huts ikaragarria. Izan ere, langilea enpresaren parte sentitzea lortzen badu enpresariak, lanerako motibazioa handituko du, efizientzia eta errentagarritasuna handitzeko aukera handiak sortuz. Alde batera utzi nahi ditut oraingoan ardura soziala eta pertsonen garrantzia, apropos. Termino enpresarial hutsei begiratu nahi diet. Eta termino enpresarial horiekin bat dator zergen afera.

Beraz, bi txio horiek, langileriaren parte-hartzearen aldeko mezuak, termino enpresarial hutsetan kokatuko nituzke nik. Make up pixka batekin (ingelesa erabiltzeko moda horri keinu), botere ekonomiko hutsa helburu duen estrategia pertsonen ardura bihurtu nahi dute, kanpora begira behintzat.

Parte-hartze finantzarioa proposatzen dute Adegiko enpresariek, enpresak langileen jabetzakoak bihurtuz, enpresa komunitarioa lortu bidean-edo. “Zenbait” guruk gauza berbera proposatzen dute, “pertsonen” garrantzia tonu erasokor eta bortitzean zabalduta izanda ere (funtsean langileriaren erabakitze ahalmena hutsaren hurrengora mugatzen duten arren). Jabetza finantzario elkarbanatua gauza handia da, bai horixe. Kooperatiben gakoetako bat ere bada. Ekonomia ulertzeko modu bat da, demokrazia ekonomiko aldarri duena. Larritzen nauena da, baina, galeren sozializazio garaian jartzea martxan halako egitasmoak, irabazien indibidualizazioak amaitzean. Askoz ere ebidenteagoak iruditzen zaizkit helburu enpresarial hutsak, irabazien banaketarik egoteko aukerarik ez dagoenean eta langileriari enpresaren onerako sakrifizioak eskatu behar zaizkionean.

Enpresa guztiona dela sinesten dut, gakoa dela iruditzen zait proiektu komunitarioak indartu eta sustatzea. Hala ere, ez dut uste mezu eta jarrera horiekin bide onetik doanik Adegi. Inteligentzia enpresarial hutsetik bada ere, langileriaren alboan daudela antzeztu behar lukete.

Zarzuelaren zergatiaz

(Eguneko bigarren mezua, badakit. Ez da errepikatuko, lasai)

Batzuetan zalantzan jartzen dut zergatik egiten dudan zarzuela.

16 urterekin hasi nuen abentura, irakasten ahalegintzen zen kantu irakasleak La Tabernera del Puerto obra ederrean papel garrantzitsu xamarra eskaini zidanean. Obra ederra da, geurea delako, euskal doinuez eta doinu ederrez blai dagoena. Eta urte hartan deskubritu nuen antzerkia. Antzezle frustratua bihurtzen hasi nintzen urte hartan (idazle frustratuari batu zaiona). Deskubritzen hasi nintzen antzerkiak garapen pertsonalean ematen zidan guztia. Deskubritu nuen neure buruarekiko seguruago sentitzen nintzela. Deskubritu nuen… eta deskubritzen jarraitzen dut.

Eta hori bihurtu zen zarzuela, garapen pertsonal-artistikorako tresna eta jolas.

Zer iruditzen zaidan zarzuela? Ba genero “erraza”, antzerki eta opera bitarteko zerbait. Biak gustuko ditudanez, ba generoa bera gustuko izan beharko nuke. Arazoa da, baina, zarzuelako obrak ez direla oso “gureak”. Horrez gain, argumentuak atzerakoiak dira orokorrean, eta batzuetan musika da libratzen den bakarra. Arrazoi pisutsuak zarzuela ez egiteko. Hala ere, zarzuelaren bueltan dozenaka lagun biltzen dira, ideologia ezberdinekoak, benetan aberasgarria. Eta herriak 2.000 sarreratik gora erosiz eskertzen du urteroko ahalegina. Herrigintza ere bada, neurri batean.

Tresna eta jolasa izatea, herrigintza eta herriaren esker ona alde batetik, eta oinarri duen kultura eredua eta bultzatzen dituen balioak bestetik. Faktore askok jartzen dute jokoan balantzaren oreka.

“Asier ETA biok” dokumentalaz

Atzo “Asier ETA biok” ikusi nuen. Ausarta iruditu zitzaidan, lotsaz (edo beldurrez, zeinek daki) azaleratu ez ditugun zalantzak planteatzen dituelako, besteak beste. Zentzu horretan, Aitor Merino naturaltasunez, zintzo, mintzatzen zela iruditu zitzaidan. Eta miresgarria iruditu zitzaidan. Miresgarria, sarriegi ixiltzeko joera hartu dugulako, alde batean edo bestean izanda. Aldeek, zoritxarrez, oraindik ere zentzua duten gure herrian.

Hala ere, sinetsi nahi dut “nirekin edo nire aurka” diskursoa alde batera uzten ari garela pixkanaka. Batzuk beste batzuk baino indartsuago, beharbada. Ziur naiz ostiralekoak, baita dokumentalak ere (bakoitzak bere neurrian), bide onetik goazela erakusten digula. Aurrera bolie!

Mitoak mito

Elkarrizketa mugatu (140 karaktere) baina interesgarriak ari gara egunotan sarean izaten, kooperatiben eta bailararen bilakaeraren inguruan. Hedoi Etxartek Argiako artikulu baterako esteka ere eman digu, gomendagarria benetan (eskerrik asko, portzierto).

MONDRAGONen bilakaerak hainbat gako izan ditu, egungo egoerara arteko garapena hainbat faktoreren menpekoa dugu. Ormaetxeak dioen bezala, diktadura garaian kooperatibek zuten izaera oxijenatzailea galdu du, eta “demokrazia” izatera ohitu gara. Arrunt, natural, ikusten dugu erakundeak demokratikoak izatea. Arrasatear gisa hala ikusten dut akaso. Beharbada horrek gure eskubideei balioa kentzea eragin digu. Eta ahantzi dugu eskubideez gain betebeharrak ere baditugula. Erantzukizunak.

Ez da demokraziaren balio galtzea bakarrik. Merkatua aldatu zaigu. Filialak ditugu, merkatu kapitalistan seko murgildu gara. Ez litzatekeela hala izan beharko? Ez dakit, zaila zait erantzun bat ematea. Berrian aipatzen nuen hirugarren ildotik gertuago nagoela uste dut. Bihar kontrakoa esan dezakedan arren.

Ongizate (sozio)ekonomikoak borrokarako grina ere baretu digula askok diote. Euskararen ofizialtasunarekin borrokarako kontzientzia galdu dugun gisara. Hala ere, uste dut Debagoienak mantendu duela lanerako grina. Badugu euskalgintza, badugu komunikabide indartsua, badugu unibertsitatea, badugu kultura mugimendua, baditugu… hamaika gauza. Hobeak izan litezkeela? Ziur. Lan gogorrago egin genezakeela? Ziur. Ez dugu sekula perfektuak garela esango, guztiok dakigu hobetzeko gauza asko ditugula. Baina lorpenak ere ikaragarriak izan dira.

Desbideratzen ari naiz, hala ere. Arrasateko Kooperatiben Esperientzia ez da 40 urteko gainbehera izan, hori da esan nahi nuena. Ez ditzagun gauzak muturretara eraman. Kontzientzia galdu dela? Akaso. Inplikazioa ere bai? Baliteke. Baina aizue, mugimendu kooperatiboa sortu zenean kooperatibetan gogor lanean aritu ziren guztien inspirazioa ezin dugu filosofikoa izan zela pentsa. Enpresagintzan egin genuen bideo honetan sumatzen da. Oinarri filosofikoak bazirela, ados, baina gosea zen nagusi. Jateko gehiago izateko frigorifiko gehiago produzitu behar baziren, produzitu egingo ziren. Eta punto. Ez dezagun mitifikatu. Jarrai dezagun eraldaketa bilatzen, ondo egindakoa gogoan izanez eta erronka zahar eta berriei gogoz aurre eginez.

 

CIRIEC Helduak from enpresagintza on Vimeo.
 

 

Komunitatearen garapenerako (eraldaketarako) egiturak eta sareak

Krisi sistemikoa edo sistemaren kaosaren argumentazioa hainbat autorek defendatzen dute, eta egungo krisi finantzario-ekonomiko-soziala aurrekari gisa definitu. Sistemaren kaosari era ordenatu baten aurre egitea aipatzen zuen Joseba Azkarraga MUko kideak, paradigma aldaketarako prest izatea, trantsizio ordenatu batera bideratuz.

Politika ekonomikoetan (eta enpresarialetan), bi ildo hauek ezagutu ditut gaurkoan (Lasuen-en “Marx 1972″ liburuari esker): 1) ahalik eta denbora laburrenean produkzioa biderkatzea bilatzen duena eta 2) produkziorako egiturak lehenbailehen sortzea bilatzen duena (honakoa ei da Leninek aplikatu zuena eta garapen bidean dauden herrialdetan aplikatu dena). Lehena Taylorismoarekin lotu dut nik, nire ezagutza ekonomiko mugatuaren ondorioz, eta era berean, gure ekonomiako politikak horiek direla iruditu.

Hala ere, eta lehenengo parrafoa kontuan izaten badugu, egungo helburua litzateke paradigma aldaketarako egiturak lehenbailehen prestatzea. Horretarako, baina, Lasuen-ek aipatzen du ezinbestekoa dela eraikuntzaren helburua, lortu nahi den eszenatokia, ondo definituta izatea. Komunitatearen garapena buruan, zein parametrotan mugi gaitezkeen ezagutzea, eta zein izango litzatekeen (ustez) sistema honetan bizirauteko politika/estrategia.

Bitartean, sareak eraikitzen jarraitzea ezinbesteko ikusten dut. Baina ez sare enpresarialak soilik. Komunitatearen garapena beste parametro batzuetan ulertu behar badugu, ikuspegi integrala izan behar dugu kontuan. Nekazaritza, etxebizitzak, kultura…

Kooperatiben sarea eta interkooperazioa

Kooperatibak eredu sozioekonomiko alternatibo gisa ulertzen ditut. Askok ulertzen ditugu horrela. Merkatu kapitalistan egonda ere, bestelako balio eta printzipioak dituzten erakunde gisa. Kapitala tresna gisa dutenak, helburu gisa baino. Izan ere, kooperatiben funtsa komunitatearen garapena da. Oinarrian hori da. Beste kontu bat da egungo kooperatiba batzuen oinarria zein den, zergatik sortzen diren kooperatibak, kooperatibako kide batzuen helburuak zeintzuk bihurtu diren, eta abar luze bat.

Hala ere, ez da nire asmoa kooperatiba batzuen norabidearen (edo noranzkoaren?) inguruko hausnarketa egitea, baizik eta azken aldian gero eta nabarmenago egiten zaidan interkooperazio eta elkartasunaren garrantzia aldarrikatzea.

MONDRAGON adibide gisa hartzen badugu, bere gorabehera guztiekin, esango nuke bere arrakastaren gakoetako bat sortutako interkooperazioa, sarea bera, dela. Izan ere, zailtasun zein erronka berrien garaian printzipio eta helburu berak (antzekoak akaso) dituzten norbanako zein erakundeen arteko kolaborazioa gakoa bihurtzen da. Iraultzarako bezala, antolaketa eta sareak ezinbestekoak dira proiektu komunitario, lokal baina global, baterako. Krisi garaiko kudeaketa aztertzen ari naiz nire tesian, eta hori berori ikusi dut garbien: interkooperazioa eta kooperatiben arteko elkartasuna eta konpromisoa finkatuta eta egituratuta egotea zein garrantzitsua den. Kooperatibak alternatiba erreala izan daitezen zeinen garrantzitsua den kooperazioa.

Horren harira, eta Gipuzkoko beste txoko baten, Talaios Kooperatibako lagunek (Beñat Irasuegi, Unai Gorrotxategi eta Gorka Juliok) Olatukoop egitasmo interesgarria jarri dute martxan. Nolabait, orain dela 50-60 urte Debagoienean sortutako interkooperazioa eta elkartasunaren olatua egungo mugimendu kooperatiboan sortu nahi dute, eta horretarako oinarriak definitu dituzte. Etorkizun oparoa duena, egungo egoeran gero eta garrantzitsuagoa baita irla kooperatiboen sarea sortu eta indartzea.

Identitatea eta proiektu komuna (2): Liderra

Egun batzuk badira identitate eta proiektu komunari buruz idatzi nuela. Bertan Izaskun Murgia Elkarte Lirikoaren dinamika, magia, proiektu komunaren garrantzia izan nuen ardatz. Nolabait, proiektu komunaren garrantzia elkarteko dinamikarengan islatu nahi nuen, eredugarri eta hunkigarria iruditzen zaidalako.

12 urte pasatxo dira elkartean parte hartzen hasi nintzela, kantuko klasean Tere Gonzalez irakasleak La Tabernera del Puerto obran papel eder bat eskaini zidala. 12 urte, bai. Zarzuela egiten. Genero ezezaguna (niretzat behintzat), batere erakargarria (izenagatik, jakina), baina deskubrimentu itzela. Antzerkia eta musika nahasita, obra eta abesti ikaragarriekin.

Baina zergatik gaude hain engantxatuta elkarteko kideok? Generoagatik? Musikagatik? Antzerkiagatik? Bai, horrek ere garrantzia du, jakina, baina… talde sentimendua da zentrua. Taldeak magia du, proiektu komunaren indarra. Eta liderra. Liderraren figura garbia. Konfiantza dugu berarengan, haserre egiten digu merezi dugunean, eta eskerrak eta hitz politak eskaintzen dizkigu hunkitzen dugunean. Norbanakoen artean ezinikusiak egongo dira, jakina, baina pertsona batek batzen du guztia.

Liderrak ematen duen gertutasuna eta konfiantzak proiektu komunarengan ilusioa izatera bultzatzen gaitu. Eta biderik zailena halako liderrekin egitea errazago dela iruditzen zait. 9 hilabeteko lanaren ondoren, asteburu eta ilunkara asko sakrifikatu ondoren, hurrengo zarzuelarako CDak biltzen hasi gara jada… Eta lehenengo entsegu inprobisatuak egiten aldageletan, hurrengo 3 hilabeteak luze egingo zaizkigula iruditzen zaigun bitartean.