Kategoriaren artxiboa: gure esku dago

Sinatze ekitaldi hunkigarria Arrasaten

Aitortuko dizuet ez nuela larregiko ilusio edo esperantzarik Gure Esku Dago mugimenduarekin, zerrendatzera ez noan hainbat arrazoirengatik. Apirilaren 12an Arrasaten bizitakoak, baina, gauzak aldatu zituen. Egun horretan Arrasaten adierazpenaren sinatze ekitaldia egin zen, Kultur Aten (hemen argazkiak).

Gure Esku Dagoko Arrasateko taldearen eta ingurukoen lan bikainari esker Kultur Ate Arrasateko pertsona esanguratsuz bete zen, Arrasateko bilakaeran gakoak izan diren pertsonez eta mugimenduetako aurpegiez. Euskalgintza genuen bertan, kooperatibagintza, gazteria, enpresariak, elkarteak, kultura eragileak… beharbada sekula batera ikusi ez ditudanak, guztiak bertan. Pasatako minak (eta alderdikeriak, bide batez) alde batera utzita une batez.

Aurkezle eta antolatzaileek ez zuten gehiegi hitz egin. Sinatzaileei eman zieten hitza, eta Arrasateko alkate izandako Jose Antonio Altunak hunkitu gintuen lehenengo. Pasatako garaiez hitz egin zuen, ikurrina legeztatu zen garaiaz. Gazteek ere leku izan zuten, eta osteko Aneren bertsoekin lehenengo malkoak isuri ziren Kultur Aten. Han bildutakoak sekula ez zituela batera ikusi zioen, Gure Esku Dago taldean hain jende ezberdina ikusteak ilusioa eman diola, eta orain sinesten duela zioen. Ingurura begiratu, eta Altunaren hitzekin hunkitzen hasitakoak begiak bustita zituztela ikusi nuen.

Ekainaren 8ko giza katea Kataluniakoaren kopia hutsa izan ala ez, orain bertan berdin zait. Larunbatean Kultur Aten bizitakoagatik bakarrik merezi du metroa erosi eta eskuak ilusioz lotzea.

Isuritako malko eta ekitaldiaren bukaeran izandako txalo zaparrada amaigabearengatik, mila esker antolaketan buru belarri aritu zaretenoi eta sinatze ekitaldian parte hartu zenuten guztioi.

Iturria: Goiena.net, cc-by-sa


Euskal ekonomiaz

Euskal ekonomiaren inguruan bi hitzaldi izan ditugu azken astean Arrasaten: Debagoienako Gure Esku Dago taldeek antolatutakoa lehena, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna lantzen ari den taldearena bigarrena. Luxuzko gonbidatuak izan ditugu bietan ere: Adrian Zelaia, Joseba Barandiaran eta Oskar Arantzabal batetik, eta Nekane Jurado bestetik.

Biak euskal ekonomiari buruzkoak izanda ere, oso sentsazio ezberdinarekin irten naiz bietatik. Lehenengo hitzaldian iruditzen zait muinera ez zirela joan. Esan nahi dut, krisiaren aurrean tresna propioak izateak nola lagunduko zuen aipatu zuten, baita ekonomia txikien gaitasuna ere, besteak beste. Ez zuten erantzun nahi izan, berriz, euskal ekonomiaren etorkizunari buruz. Zer nolako ekonomia nahi dugun, zeintzuk diren eredu ekonomikoaren akatsak, erroak eta alternatibak. Nekane Juradok, berriz, zezenari adarretatik heldu diola uste dut (barka espresioa ezegokia edo dena delakoa bada), gai hori zentrala ez zen arren. Egungo eredu ekonomikoaren analisia egin ondoren alternatibez hitz egin digu, deskribapen hutsetatik harago. Ekonomia intsumiso bati buruz hitz egin digu, alternatibak eraikitzen joateari buruz. Independentziaren zain ezin garela gelditu, eta “ekonomia paraleloa” eraikitzen joan behar dugula. Eredu ekonomiko zapaltzaile eta desorekatuari aurre egingo diona.

Bat egiten dut Nekanerekin. Uste dut ezin dela, lehenengo hitzaldian hala esan arren, independentzia lortu arte itxaron, eta gero joan erabakitzen zer nolako Euskal Herria nahi dugun. Irudikatzen eta lantzen joan behar dugu komunitarioa beharko lukeen eredu ekonomikoa, demokrazia ekonomikoan oinarritutakoa eta jendartearen ongizatea ziurtatuko duena. Bestela, Espainia-Frantziaren menpe egonda edo egon gabe, langileriaren eta gizartearen egoera tamalgarriarekin jarraituko dugu. BBVA edo Koop 57/Fiare, Iberdrola edo Goiener, eta beste hamaika hautu egiteko ordua da.