Kategoriaren artxiboa: fagor

FEEn planten erosketa, soluzioa?

Azken egunotan berriak eta zurrumurruak badira inguruan, Fagor Etxetresna Elektrikoen bi planta erosiko lituzkeen enpresa bat badagoela dioena. Soluzioa omen da planta horientzat. Ez dut uste hain erraza denik, hala ere.

FEEren filialen eta zenbait planten salmentari buruzkoak ez dira berriak Debagoienean. Zituen arazoak entzunda, planta edo filialak esku kapitalistetara pasatzeko beldurra bazegoen lehen ere. Horrek, baina, zalantzak dakartza jabetzaren eta eredu kooperatiboaren inguruan.

Jakina denez, kooperatiben ezaugarrietako bat langileen jabetzako enpresa izatea da, oinarrietako bat da. Suposa dezagun FEEko plantak (kooperatibakoak, ez filialak) saltzen direla, esku kapitalistetara doazela. Horrek suposatuko luke plantak ez liratekeela jada FEEn bazkideen esku izango. Are gehiago, erosleak ez luke (teorian) inongo beharrik izango langile berberak kontratatzeko. Eta, hala egitea erabakiko balu ere, langileak ez luke inongo erabaki eskubiderik izango. Ez zuzendaritza aukeratzeko, ez erabaki estrategikoak hartzeko, ez informazioa eskatzeko, etab. Hau da, beste enpresetako edozein langileren eskubide eta betebehar berberak lituzkete.

Beraz, lan bazkideentzako soluzioa da planten salmenta? Birkokapenak edo aurre-erretiroak baino soluzio hobea da?

Aurre-erretiroak FEEn… eta MONDRAGONen

Badira egun batzuk Zigor Ezpeletak (MONDRAGONeko kide) Euskadi Irratiko Faktoria saioan hitz egin zuena. Gestio sozialeko arloan ari denez gero (izen zehatza jakin ez dakidan arren), Fagor Etxetresna Elektrikotako bazkide “soberakinei” eskaini ahal zaien irtenbideari buruz aritu zen batez ere. Enplegua bere elkarrizketaren zentru bihurtuta.

Birkokapenak aipatzerako orduan, galdetu zioten ea behin-behineko langileen konturakoak izango ziren. Berak baietz, baina ez kasu guztietan. Gaineratu zuen aurre-erretiro “asko” izango zirela, baina ez soilik FEEn, baita MONDRAGONeko kooperatibetan ere. Benetan deigarria egin zitzaidan. Beste kooperatibetan aurre-erretiroak bultzatzeak zer suposa dezakeen? Ba 60-61 urteko langile “batzuk” uste (eta nahi?) baino lehenago erretiratu beharko direla; baliteke 58 urtetik aurrerakoak aurre-erretiratu behar izatea ere. Izan ere, Enplegua Laguntzeko prestazioak 58 urtetik gorako bazkide-mutualisten aurre-erretiroak finantzatzeko aukera ematen du. Ez hori bakarrik, 2010 inguruan, egungo egoera aurreikusiz-edo, aurre-erretirorako adina 55 urtera jaitsi zen, ezohiko egoeretarako (egungoa kasu).

Aurre-erretiroak beste kooperatibetara zabaltzeak, berriz, ez zuen komunikabideen arretarik piztu. Mugatu ziren esatera behin-behineko eta behin betiko birkokapenak izango direla, behar puntualak estaltzeko, batzuetan. Ez zitzaidan informazio esanguratsuegia iruditu halako titularrak izateko. Beharbada askoz inpaktanteagoa litzateke esatea beste kooperatibetako 55/58/60/61 urteko bazkideei eragingo diela. Ikaragarria izan daiteke eragina. Ebentualei mesede egingo diena gainera.

Ez nuen ezer espero, ez

Galdetu didate Euskal Irratiak-en ea zer espero nuen atzoko bileraren ondotik (Eusko Jaurlaritza, Debagoieneko alkate, diputazioak eta MONDRAGON Korporazioko ordezkariak bildu ziren), eta ea gehiago espero nuen bilera hartatik. Egia esateko, ez nuen ezertxo ere espero.

Hilabetetan negoziatzen ibili omen dira Fagor Etxetresnak-en egoeraren eta etorkizunaren inguruan. MONDRAGON, Fagor, Eusko Jaurlaritza eta Madrilgo gobernua. Hori zioen atzo Eusko Jaurlaritzako ordezkariren batek nonbaiten (barkatu zehaztasun eza, informazio iturri gehiegi azken aldian). Ziur aski Euskadi Irratian Erkoreka izango zen, ez nago seguru. Iruditzen zait, eta ignorantzia hutsetik idatzitakoa da, azken hilabeteotan lortutakoa ez zela bilera batean konponduko, azken asteotan gertatutakoa espero zela, nolabait. Haier enpresak ituna alde batera uztea ziur aski ez. Frantziako gobernuaren eskaintza/eskaera/proposamena beharbada ez. Baina zer espero zuten atzoko bileratik?

Ignorantziatik hitz egiten ari naiz, eta baliteke hemendik aste batzutara kontrakoa entzutea. Atzoko bileran akordioren bat lortu zutela eta egitasmo berri bat martxan jarri dutela. Oraingoz, 1.200 bazkideri soluzioa topatzea espero dutela diote. Zifrak aldatu dira. Baina ebentualen eta hornitzaileen egoera, berbera. Azken asteotan lehen aldiz, Arantza Tapiarekin ados. Ezin dira alde batera utzi. Edo sikiera kontuan hartu beharko lirateke, eta Sindek zioen enpleguarekiko erantzukizuna martxan jarri, bailaran egitasmo berriak abiarazi eta lekuko garapena bultzatzeko.

Eguneraketa: Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek Mondraberri adierazi dio atzoko bilera informatiboa izan zela, hileta estilokoa, erabakita zegoela Fagor Etxetresnak itxiko zela.

FEE: bazkideak, bazkide-mutualistak eta ebentualak

Bazkideei soluzioa bilatu eta topatuko omen zaie. Atzo Juan Manuel Sindek (Arizmendiarrietaren Lagunen Elkarteko bozeramaleak) argi utzi zuen Onda Vascan egindako elkarrizketan: bazkideen langabeziari, lehenaldian egin gisara soluzioa topatuko zaio. Birkokapenak, kalte-ordainak, aurre-erretiroak eta abar. Gogorra izango da urte mordoxka baten ondoren etxera esku hutsik joatea, hala ere. Bakoitzaren enpresaren alde ahalik eta gogorren lan egin, ilusioa jarri, eredu kooperatiboak eskatutako konpromisoa azkeneraino eraman, eta orain hau. Esku hutsik, proiektu propio eta kolektiboa hondoratzeak dakarren tristura eta etsipenarekin soilik. Lanpostua baino gehiago galdu dute.

Baina FEEko bazkideei topatuko zaie soluzioa, duina batzuentzat, gogorra beste batzuentzat, lehengoa baino hobea gutxi batzuentzat, beharbada. Bazkide mutualistei, hobe esateko. Ez delako argitu oraindik Edesako bazkideei ere soluzioa topatuko zaien beste kooperatibetan. Izatez, Lagun-Aroko kide ez direnez gero (lehenaldian hartutako erabaki baten ondorioz), ez lukete horretarako eskubiderik. Beharbada Ormaetxeak T.U. Lankide-n argitaratutako artikulu batean aipatzen zuen “arauak hauste hori” Edesako bazkideei bideratutakoa ere izan liteke.

Aitortuko dizuet nire tesian (egunen baten bukatuko dudana, portzierto) langileen eskubideen araberako mailaketa antzeko bat deskribatzen dudala: bazkideak, iraupen jakineko bazkideak eta ebentualak. Baina FEEren egoerak 4. profil bat azpimarratu du: bazkide ez mutualista. Mailaketa interesgarria, krisi garaian kaltetuak bi taldetan banatzen dituena. Bazkide-mutualistak alde batetik, eta beste guztiak bestetik. Autoreren batek bazkideak “pribilegiatuak” direla aipatzen du. Krisi garaian matizatu beharko luke akaso: bazkide-mutualistak lirateke pribilegiatuak.

 

MONDRAGON ez ei da solidarioa

Ez dakit eredu kooperatiboa zalantzan jarri nahi duten berberak ari diren MONDRAGON Korporazioaren baitan elkartasunik ez dagoela sinestarazi nahian, edo horiek baino gehiago diren. Izan dira informazioak ere MONDRAGONen baitan zeinek bozkatu duen 120 milioi ematearen alde eta zeinek aurka. Arrazoia? Auskalo.

MONDRAGONeko gainerako kooperatibek elkartasunik ez dutela erakutsi diote. Datu zehatzetan ez gara sartuko (MONDRAGONek komunikatuan 300 milioi euro bideratu direla esan berri du), baina orain dela hilabete batzuk, esaterako, kooperatibek onartu zuten 70 milioi euro ematea Fagor Etxetresna Elektrikoei (FEE) beren egoera konpontzeko. Horrez gain, dibisio eta Fagor Taldearen baitan emaitzen birmoldaketa ere egiten da. Hau da, A kooperatibak galerak baditu eta B kooperatibak irabaziak, bien arteko egoera parekoagoa izateko emaitzen zati bat parekatu egiten da. Beraz, FEEren arazoak aspalditik badatoz, emaitzen birmoldaketak ere lagundu du urteotan egoera bideratzen ahalegintzen. Horrez gain, MONDRAGONen baitan interkooperazio fondoak ere badira, inbertsioak eta formazioa bultzatzeaz gain (besteak beste), kooperatiben berrindartze ekonomikora bideratutako baliabideekin.

Horrez gain, Lagun-Aro dugu. Bazkide mutualistek elikatutako Lagun-Aro. Erakundeak ahaleginak egingo ditu (eta egin ditu) mutualisten egoera bideratzeko. Eta Lagun-Aro ez da entitate estralurtar bat. MONDRAGONeko kooperatibek (gehienbat) elikatzen dutena da. Urtetan zehar pilatutako baliabideak dituena.

Hori gutxi balitz, ziur naiz horiez gain hainbat kooperatibek laguntza gehigarriak eman dizkiotela FEEri urteotan.

Hori guztia jakinda, nola baiezta liteke hain arinki ez dagoela elkartasunik MONDRAGONen baitan? Fagorri azken finantzazioa ez ematea gogorra izan da, bai horixe, baina horrek ezin du ahanztarazi orain arte erakutsitako elkartasuna. Batzuk hala nahi duten arren (hala dirudi behintzat).

Parte-hartzea eta bideragarritasuna zalantzan

Arantza Tapiak esan berri du MONDRAGONen eredua birpentsatu behar dela, eta erabakiak batzar orokorretan hartzeak prozesua moteldu egiten duela. Horrez gain dio MONDRAGONek jo beharko lukeela kanpoko enpresetara ez direlako gai enpresak “reflotatzeko”. Ez naiz ni inor Fagorren hartu diren erabakiak zuzenak izan diren ala ez esateko, baina tesi gaiak ikutu eta ezjakintasunetik hitz egiten denean, blogeko sarrera bat idatzi behar. Hala ba. Bi puntuei erantzungo diet.

  1. Badira ikerketak eta badira teoriak diotenak langileen parte-hartzeak efizientzia eta motibazioa bultzatzeko balio dutela. Hori batetik. Bestetik, eta honako mezuan adierazi nuen bezala, eredu kooperatiboan erabakiak modu asanblearioan hartzeak hainbat abantaila ditu (printzipio sozialetik harago): inplikazioa, motibazioa eta erabakiak aurrera eramatean berehalakotasuna. Izan ere, oker ez banaiz, bestelako erakundeetan administrazio kontseiluek erabakiak hartu ondoren sindikatu eta langileen komiteekin negoziatu behar dituzte. Denbora galtzea izango da termino enpresarial hutsetan hau ere, ziur. Bestalde, kooperatibek aldarri duten gardentasuna benetakoa bada, langileek lukete erakundearen egoera finantzario eta aurreikuspenen berri, eta honek erabakiak hartzerakoan azkartasuna erantsiko lioke.
  2. 1970eko krisitik abiatuz, Arrasateko Kooperatiben Esperientziak garatu ditu tresna enpresarial eta finantzarioak zailtasunak dituzten kooperatibei laguntzeko, hainbat esparrutan. Batetik, Lan Kide Aurrezki Kutxaren sorrerarekin (egungo Laboral Kutxa). Tresna finantzario hau gakoa izan zen kooperatiben finantzazio arazoei aurre egiteko. Horrez gain, Enpresa Dibisioaren bidez aholkularitza enpresariala ere eskaintzen zitzaien zailtasunetan zeuden kooperatibei, berregituraketak eta negozioaren berrikuspen eta diseinuan lagunduz. Enpresa Dibisioa LKS bihurtu zen aurrerago, aholkularitza kooperatiba. Azkenik, nola ez, Lagun-Aro dugu. Enplegu Laguntza fondo eta prestazioekin bestelako erakundeetan hain ohiko diren kaleratze masiboak ekiditen laguntzen duena (hemen prestazioetako batzuk azaltzeko mezua).

Mezu hau ez da gai izango, ziur, Arantza Tapia eta beste hamaikaren iritzia aldatzeko. Ezta beraien hitzak pixka bat neurtzeko ere. Neure barneko ezinegona askatzeko eta gaia interesekoa izateaz gain kooperatibismoarengan sinesten dutenentzat, akaso, baliagarri.

Mitoak mito

Elkarrizketa mugatu (140 karaktere) baina interesgarriak ari gara egunotan sarean izaten, kooperatiben eta bailararen bilakaeraren inguruan. Hedoi Etxartek Argiako artikulu baterako esteka ere eman digu, gomendagarria benetan (eskerrik asko, portzierto).

MONDRAGONen bilakaerak hainbat gako izan ditu, egungo egoerara arteko garapena hainbat faktoreren menpekoa dugu. Ormaetxeak dioen bezala, diktadura garaian kooperatibek zuten izaera oxijenatzailea galdu du, eta “demokrazia” izatera ohitu gara. Arrunt, natural, ikusten dugu erakundeak demokratikoak izatea. Arrasatear gisa hala ikusten dut akaso. Beharbada horrek gure eskubideei balioa kentzea eragin digu. Eta ahantzi dugu eskubideez gain betebeharrak ere baditugula. Erantzukizunak.

Ez da demokraziaren balio galtzea bakarrik. Merkatua aldatu zaigu. Filialak ditugu, merkatu kapitalistan seko murgildu gara. Ez litzatekeela hala izan beharko? Ez dakit, zaila zait erantzun bat ematea. Berrian aipatzen nuen hirugarren ildotik gertuago nagoela uste dut. Bihar kontrakoa esan dezakedan arren.

Ongizate (sozio)ekonomikoak borrokarako grina ere baretu digula askok diote. Euskararen ofizialtasunarekin borrokarako kontzientzia galdu dugun gisara. Hala ere, uste dut Debagoienak mantendu duela lanerako grina. Badugu euskalgintza, badugu komunikabide indartsua, badugu unibertsitatea, badugu kultura mugimendua, baditugu… hamaika gauza. Hobeak izan litezkeela? Ziur. Lan gogorrago egin genezakeela? Ziur. Ez dugu sekula perfektuak garela esango, guztiok dakigu hobetzeko gauza asko ditugula. Baina lorpenak ere ikaragarriak izan dira.

Desbideratzen ari naiz, hala ere. Arrasateko Kooperatiben Esperientzia ez da 40 urteko gainbehera izan, hori da esan nahi nuena. Ez ditzagun gauzak muturretara eraman. Kontzientzia galdu dela? Akaso. Inplikazioa ere bai? Baliteke. Baina aizue, mugimendu kooperatiboa sortu zenean kooperatibetan gogor lanean aritu ziren guztien inspirazioa ezin dugu filosofikoa izan zela pentsa. Enpresagintzan egin genuen bideo honetan sumatzen da. Oinarri filosofikoak bazirela, ados, baina gosea zen nagusi. Jateko gehiago izateko frigorifiko gehiago produzitu behar baziren, produzitu egingo ziren. Eta punto. Ez dezagun mitifikatu. Jarrai dezagun eraldaketa bilatzen, ondo egindakoa gogoan izanez eta erronka zahar eta berriei gogoz aurre eginez.

 

CIRIEC Helduak from enpresagintza on Vimeo.
 

 

Kooperatibismoa krisian? Bai zera!

Ulergarria da eredu kooperatiboaren aurkariek azken egunotako berri eta azaleratutako gatazkak probestea kooperatibismoa erasotzeko. Eredu kapitalista hutsarengan sinesten duten horientzako, eraldaketa soziala eta komunitatearen garapena bilatzen duten autogestionatutako mugimenduak desatseginak izan daitezke. Hala ere, harrituta nago Ahots Kooperatibista taldeak sinatutako honako idatziarekin, kooperatibismoa ezbaian dagoela esaten baitu.

Kooperatibismoa ez da krisian dagoena. Kooperatiben eredua da ezbaian dagoena. Nola produzitu behar dugun, nazioartekotu behar dugun edo ez, jarraitu beharreko hedapen eredua… Hori guztia birpentsatu beharko da. Eta kooperatiben zentzua eta funtsa zein den, hori ere gogorarazi beharko diogu gure buruari. Demokrazia ekonomiko eta politikoa, parte-hartzea, berdintasuna, gardentasuna, elkartasuna eta, ahaztu gabe, inplikazioa.