Kategoriaren artxiboa: eraldaketa soziala

Ilunak argituz

Ordu luzeak pasa ditugu Arrasate inguruko kooperatibak kritikatzen. Multinazional hutsak direla, kapitalistak, galdu dutela funtzio soziala, eraldaketa soziala beraien planetan sartu ere ez dela egiten, gabezia handiak daudela balio kooperatiboen inguruan… Ondo arrazoitutako kritikak izan dira batzuetan, arinkeriaz beste batzuetan. Erronka enpresarialez jositako hamarkadak izan dira. Gerra ondorengo Arrasate banatu eta gosetuan hasi, frankismotik pasa, eta globalizazio kapitalista latzean murgildu. Urte batzuetako perspektiba hartzea ezinbesteko izan zen esperientziaren argi-ilunak identifikatzeko, eta horien araberako neurriak hartzeko. Eta neurriotako bat da Lanki ikertegiak eskaintzen duen Kooperatibagintzan Aditu Titulua.

7 hilabeteren zehar kooperatibagintzari buruzko teoriak baino gehiago lantzen dira graduondokoan. Jasotzen dira hainbat adituren testigantzak, besteak beste langileen parte-hartzeari eta krisi sistemikoari buruzkoak. Baina entzule gisa interesgarrienak kooperatibetako testigantzak izan dira. Eraldaketa sozialaren bueltan bailarako zenbait kooperatibek dituzten egitasmo eta planek liluratu naute. Gustura entzun ditut langileen parte-hartzea bultzatzeko hartzen ari diren neurriak eta dauden egitasmo sendoak. Kontseilu soziala dinamizatzeko proiektuetatik eraldaketa sozialerako egitasmo zehatzetara, egungo egoera sozioekonomikoan kooperatibek duten rola aztertuz.

Zaila da hutsetik eraikitzea, baina hartutako norabideak aldatzea zailagoa delakoan nago. Inertziekin hautsi eta zer garen eta nora goazen kuestionatzea. Eraldaketa, parte-hartzea, formazioa, ahalduntzea… eta hori guztia milaka bazkide eta langileko kooperatibetan. Hazkunde eredu bati jarraituz eraikitakoa birplanteatu eta kooperatibetako funtsetara eramatea ez da erraza, aitortza eta autokritika, biak behar dira. Autokritikatik ondo egindakoa aitortu, eta argietatik ikasiz ilunak argitzea.

Kooperatibak irla direnean

Debagoienean kooperatibak ohikoak dira, Arrasateko Kooperatiben Esperientziaren hastapenetatik bailaran izaera juridiko ohikoa bihurtu da. Komunikazio kooperatibak, industria kooperatibak, zerbitzuak, hezkuntza… esparru guztietara hedatu da kooperatibismoa. Demokrazia ekonomikoa, berdintasuna, elkartasuna… (nahi) ditugu erakundeotan. Kooperatibak ez dira perfektuak, kooperatibismoa egunerokoan praktikara eramatea ez da erraza, baina eredu justua(agoa) da.

Hala ere, inpresioa daukat berdintasuna eta eraldaketa soziala barnera begira aldarrikatzen dugula soilik. Kooperatibak ingurunetik at ikusten ditugu askotan, gure zilborrari soilik begiratzen diogu sarri. Langileen eskubideak murrizteko legeak onartzen dira gobernu publikoetan, sindikatuen ilegalizazioa bultzatzen da boteretik (kapitaletik), murrizketak aplikatzen dira zerbitzu publikoetan, lanpostuak modu masiboan suntsitzen dira… baina oraingoz geure ekosistema salbu dago. Eta lasaitasun horretan ahazten dugu (inpresio hori dut behintzat) langile gisa konpromisoak ditugula gizartearekin. Ongizate eta eraldaketa soziala ezin da ekosistema propiora mugatu, eskubideen aldeko borroka guztion esku dago. Konturatzen ez garen artean eraldaketa sozial erreala ez da lortuko, kooperatiben helburuak ez dira beteko.

Langileen parte-hartzea: diskurtso hutsetik praktikara (@etzipm -n argitaratua)

Langileen parte-hartzea ez da gai berria hainbat ingurunetan. Enpresa eredu demokratikoa aztergai eta presente izan dugunon artean aspaldi landutakoa dugu. Hala ere, azken urteotan pentsaezin zen zirkulutan ere jorratu da gaia, enpresa eredu demokratikoetatik harago funtzionamendu piramidalak nagusi direnetan.

Parte-hartzea bi norabidetan planteatzen dituzte enpresek, oro har: lanpostuko parte-hartzea (autogestioaren izenpean) eta emaitzetan partaidetza.

Lehenari dagokionez “harreman estilo berriak” aldarrikatzen dituztenak badira, kooperazioa eta lankidetza berrikuntzak bailiran. Mendetan zehar auzolana ere deitu izan zaio Euskal Herrian. Hala ere, egia da eredu demokratikoa duten hainbat erakundetan lanpostuko parte-hartzea alde batera utzi dela urte askoan, sistema Fordista aplikatzearen ondorioz. Baina badago marraztu beharreko muga bat, autogestioaren izenean egun zenbait enpresetan aplikatzen diren politiketan. Errealitatean bertikalki ezarritako helburuak edonola betetzea eskatzen baitzaio langileriari. Lan-baldintzak eta duintasuna alde batera utzita, horretarako beharrik bada.

Emaitzetan parte-hartzeari dagokionez, langile kolektiboari eskatzen zaio konpromisoa erakundearekiko, helburu “komunekiko”. Hain zuzen ere orain, enpresetako emaitza negatiboak direnean banatu beharrekoak. Mezuak irabaziak daudenean errepikatuko ote diren, zalantza handiak ditut.

Langileen parte-hartzea bultzatzearen atzean interes ekonomiko hutsak egon litezkeen arren (badira hainbat kasutan), probestu behar genuke aukera parte-hartzea bere osotasunean mahaigainean jartzeko, baita enpresa ereduak ere.

Hain zuzen ere kooperatibak dira aipatutako bi parte-hartze esparruak bateratzen dituztenak. “Kooperatibak ez dira perfektuak, baina bai perfektibleak” zioen aitak, Arizmendiarrietari erreferentzia eginez. Perfektibleak, baina batez ere eraldaketa sozioekonomikoa lortzeko lankidetzan eta demokrazia ekonomikoan oinarritutako tresnak dira. Kapitala lanaren menpekoa bihurtzen dutenak, emaitzen banaketa baino, etorkizuna eraikitzeko emaitzen berrinbertsioa planteatzen dutenak. Norbanakoen garapena alde batera utzi gabe helburu komunitarioak bilatzen dituztenak.

Dena den, ezin gara itsutu. Kooperatibak enpresa eredu hutsak dira. Testuinguruaren arabera arrakasta izan dezaketen tresnak, edota abantaila fiskal hutsengatik sortutako erakunde kapitalista soilak.

 Etzi.pm-n 2015/01/13an argitaratua (cc-by-sa)

Adegi, zergak eta langileen parte-hartzea

Ez da lehenengo aldia Adegi-ren adierazpenek goiza muturtu didatena. Guibelaldek dio Gipuzkoako Bilduk ez dituela inoiz lanpostuak sortu, eta orain lanpostuak arriskuan jartzen ari direla, aberastasunaren gaineko zerga aplikatuz enpresariak larrituz. Osasun mental eta emozionalaren kalterako, twitterreko erabiltzailearen TLra jo dut, eta perlatxoak topatu.

 Ea ba. Zergak. Bere zentzua eta helburuak. Aldeko eta kontrako iritziak izanda ere, egun zergen funtzioa da gizartearen beharrei erantzutea. Alde batetik, behar “sozialei”: osasuna, hezkuntza edota gizarte zerbitzuak, besteak beste. Bestetik, garapen sozioekonomikorako egitasmoei. Sozio azpimarratu nahi izan dut, enpresak eragile sozioekonomiko gisa ulertzen ditudalako, eraldaketa eta ongizate sozialera bideratutakoak. Hala, Adegik hainbeste kritikatutako zergek badute eragina eta laguntzen diete enpresei, bai berrikuntza programak bultzatuz, baita enpresa egitasmo berriak sustatuz ere. Era berean, esango nuke Adegi berari ere laguntzak ematen dizkietela, eta funtzionamendurako beharrezko baliabideak eskuratzen dituztela. Ez dut ulertzen, beraz, zergatik halako arazoak aberastasunaren gaineko zergak aplikatzearekin.  

Bi txioak bata bestearen ondoren jarri ditut, apropos.

Ezaguna da Adegik langileen parte-hartzea sustatzeko asmoak eta plangintzak jarri dituela martxan. Kooperatibek, besteak beste, urteak daramatzate parte hartzea aldarri izaten. Orain arte, baina, enpresa konbentzionaletan (salbuespenak salbuespen, eta guztiak Adegi-rekin parekatzeko inongo helburuarekin) ez da langileria aintzat hartu. Langileria soilik obeditzeko izan da maiz (eta bada zenbait kasutan), ahotsik gabeko tresna. Estrategia enpresarialetik begiratuta, huts ikaragarria. Izan ere, langilea enpresaren parte sentitzea lortzen badu enpresariak, lanerako motibazioa handituko du, efizientzia eta errentagarritasuna handitzeko aukera handiak sortuz. Alde batera utzi nahi ditut oraingoan ardura soziala eta pertsonen garrantzia, apropos. Termino enpresarial hutsei begiratu nahi diet. Eta termino enpresarial horiekin bat dator zergen afera.

Beraz, bi txio horiek, langileriaren parte-hartzearen aldeko mezuak, termino enpresarial hutsetan kokatuko nituzke nik. Make up pixka batekin (ingelesa erabiltzeko moda horri keinu), botere ekonomiko hutsa helburu duen estrategia pertsonen ardura bihurtu nahi dute, kanpora begira behintzat.

Parte-hartze finantzarioa proposatzen dute Adegiko enpresariek, enpresak langileen jabetzakoak bihurtuz, enpresa komunitarioa lortu bidean-edo. “Zenbait” guruk gauza berbera proposatzen dute, “pertsonen” garrantzia tonu erasokor eta bortitzean zabalduta izanda ere (funtsean langileriaren erabakitze ahalmena hutsaren hurrengora mugatzen duten arren). Jabetza finantzario elkarbanatua gauza handia da, bai horixe. Kooperatiben gakoetako bat ere bada. Ekonomia ulertzeko modu bat da, demokrazia ekonomiko aldarri duena. Larritzen nauena da, baina, galeren sozializazio garaian jartzea martxan halako egitasmoak, irabazien indibidualizazioak amaitzean. Askoz ere ebidenteagoak iruditzen zaizkit helburu enpresarial hutsak, irabazien banaketarik egoteko aukerarik ez dagoenean eta langileriari enpresaren onerako sakrifizioak eskatu behar zaizkionean.

Enpresa guztiona dela sinesten dut, gakoa dela iruditzen zait proiektu komunitarioak indartu eta sustatzea. Hala ere, ez dut uste mezu eta jarrera horiekin bide onetik doanik Adegi. Inteligentzia enpresarial hutsetik bada ere, langileriaren alboan daudela antzeztu behar lukete.

Mitoak mito

Elkarrizketa mugatu (140 karaktere) baina interesgarriak ari gara egunotan sarean izaten, kooperatiben eta bailararen bilakaeraren inguruan. Hedoi Etxartek Argiako artikulu baterako esteka ere eman digu, gomendagarria benetan (eskerrik asko, portzierto).

MONDRAGONen bilakaerak hainbat gako izan ditu, egungo egoerara arteko garapena hainbat faktoreren menpekoa dugu. Ormaetxeak dioen bezala, diktadura garaian kooperatibek zuten izaera oxijenatzailea galdu du, eta “demokrazia” izatera ohitu gara. Arrunt, natural, ikusten dugu erakundeak demokratikoak izatea. Arrasatear gisa hala ikusten dut akaso. Beharbada horrek gure eskubideei balioa kentzea eragin digu. Eta ahantzi dugu eskubideez gain betebeharrak ere baditugula. Erantzukizunak.

Ez da demokraziaren balio galtzea bakarrik. Merkatua aldatu zaigu. Filialak ditugu, merkatu kapitalistan seko murgildu gara. Ez litzatekeela hala izan beharko? Ez dakit, zaila zait erantzun bat ematea. Berrian aipatzen nuen hirugarren ildotik gertuago nagoela uste dut. Bihar kontrakoa esan dezakedan arren.

Ongizate (sozio)ekonomikoak borrokarako grina ere baretu digula askok diote. Euskararen ofizialtasunarekin borrokarako kontzientzia galdu dugun gisara. Hala ere, uste dut Debagoienak mantendu duela lanerako grina. Badugu euskalgintza, badugu komunikabide indartsua, badugu unibertsitatea, badugu kultura mugimendua, baditugu… hamaika gauza. Hobeak izan litezkeela? Ziur. Lan gogorrago egin genezakeela? Ziur. Ez dugu sekula perfektuak garela esango, guztiok dakigu hobetzeko gauza asko ditugula. Baina lorpenak ere ikaragarriak izan dira.

Desbideratzen ari naiz, hala ere. Arrasateko Kooperatiben Esperientzia ez da 40 urteko gainbehera izan, hori da esan nahi nuena. Ez ditzagun gauzak muturretara eraman. Kontzientzia galdu dela? Akaso. Inplikazioa ere bai? Baliteke. Baina aizue, mugimendu kooperatiboa sortu zenean kooperatibetan gogor lanean aritu ziren guztien inspirazioa ezin dugu filosofikoa izan zela pentsa. Enpresagintzan egin genuen bideo honetan sumatzen da. Oinarri filosofikoak bazirela, ados, baina gosea zen nagusi. Jateko gehiago izateko frigorifiko gehiago produzitu behar baziren, produzitu egingo ziren. Eta punto. Ez dezagun mitifikatu. Jarrai dezagun eraldaketa bilatzen, ondo egindakoa gogoan izanez eta erronka zahar eta berriei gogoz aurre eginez.

 

CIRIEC Helduak from enpresagintza on Vimeo.
 

 

Komunitatearen garapenerako (eraldaketarako) egiturak eta sareak

Krisi sistemikoa edo sistemaren kaosaren argumentazioa hainbat autorek defendatzen dute, eta egungo krisi finantzario-ekonomiko-soziala aurrekari gisa definitu. Sistemaren kaosari era ordenatu baten aurre egitea aipatzen zuen Joseba Azkarraga MUko kideak, paradigma aldaketarako prest izatea, trantsizio ordenatu batera bideratuz.

Politika ekonomikoetan (eta enpresarialetan), bi ildo hauek ezagutu ditut gaurkoan (Lasuen-en “Marx 1972″ liburuari esker): 1) ahalik eta denbora laburrenean produkzioa biderkatzea bilatzen duena eta 2) produkziorako egiturak lehenbailehen sortzea bilatzen duena (honakoa ei da Leninek aplikatu zuena eta garapen bidean dauden herrialdetan aplikatu dena). Lehena Taylorismoarekin lotu dut nik, nire ezagutza ekonomiko mugatuaren ondorioz, eta era berean, gure ekonomiako politikak horiek direla iruditu.

Hala ere, eta lehenengo parrafoa kontuan izaten badugu, egungo helburua litzateke paradigma aldaketarako egiturak lehenbailehen prestatzea. Horretarako, baina, Lasuen-ek aipatzen du ezinbestekoa dela eraikuntzaren helburua, lortu nahi den eszenatokia, ondo definituta izatea. Komunitatearen garapena buruan, zein parametrotan mugi gaitezkeen ezagutzea, eta zein izango litzatekeen (ustez) sistema honetan bizirauteko politika/estrategia.

Bitartean, sareak eraikitzen jarraitzea ezinbesteko ikusten dut. Baina ez sare enpresarialak soilik. Komunitatearen garapena beste parametro batzuetan ulertu behar badugu, ikuspegi integrala izan behar dugu kontuan. Nekazaritza, etxebizitzak, kultura…

#tobera eta Debagoiena

Urtebete pasa da. Amaitu da aurtengo Tobera, eta urtea ere, amaitzear.

Iaz hunkituta bukatu nuen Tobera, bertan ezagututako guztiengatik, sortutako loturegatik eta iazko Toberak geure argi-itzalak onartu eta umorez plazaratzeko aukera eman zigulako.

Zer esan aurtengo Toberari buruz. Nondik hasi.

Iraitz. Nola aldatu diren gauzak, kamarada. Ekainetik hona, ilusioz eta irribarrez betetako barkuan egin dugu topo, eta olatu eta marea guztien aurrean, indarrez (nekez batzuetan) egin dugu arraun. Eskerrik asko Debagoieneko proiektu integral hau posible egiteagatik. Tobera duina taularatzea baino askoz gehiago lortu duzu/dugu. Zorionak, prexoxa. Eta mila esker zure laguntasunagatik. Eta zorionak eta eskerrik asko, nola ez, Bagarako lagunei.

Mikel. Gure Mikel. Iaz txoko honetan esandako guztiak berretsiko ditut. Zelako azkartasuna, bizitasuna, eta indarra. Agortzerik ez duela dirudien indarra. Iaz baino gehixeago egin dugu topo, baina iruditzen zait orduak faltan izan ditugula, merendola horiek gehiagorako eman zezaketela. Ziur naiz, baina, Debagoiena indartzen topo egingo dugula, Toberan ez bada, beste hamaika kontutan.

Egoitz. Laburtzen ahalegintzen ari naiz, azken asteotan izandako entsegu eta berriketaldi denak sintetizatzen. Baina zaila zait. Barre algarak, urduritasunak, besarkadak, terapiak… Eta elkarlanean egindako entsegu horiek denak, eszena bakoitzari zukua ateratzen pasatako orduak. Eta pertsonaia barru-barrutik eraikitzen ikasi eta ikusi izana. Tobera hau antzerki eta “kausa” baino gehiago izan da, erronka pertsonala izan da. Mila esker, bihotz-bihotzez.

Miren. Gutxixeago egon gara aurtengoan. Baina entsegu gutxi horietan, zure indarrarekin irribarre egin eta gozatu dut berriz ere. Punkien barneko goxotasuna zugan ikus dezaket. Zu moduko emakume indartsuengan. Eta, nola ez, Olabarrietako eszena ez dut sekula ahaztuko! Barre galantak Oñatiri buelta ematerakoan!

Eta hemendik aurrera Debagoieneko lagunok zerrendatzen eta aipatzen jarraitzeko ordena erabaki behar.

Lagun oñatiarrok, zuek lehenak. Oñatiarrak bereziak zarete, ez nuen gezurrik esan, ez. Flipatuta utzi naute zuen ilusioak, emandako kariñoak, irribarre konplizeek… Bereziak, jatorrak eta maitagarriak zarete, bai horixe!

Ibi, gure Lope. Euskal Herriko errege, “zuek ez dakitzue zein naizen ni!”-ren pertsonifikazioa. Lehendakari xixtrin hori kendu eta gure agintari bihurtzeko behar besteko indarra daukazu, bai horixe. Baita bihotz ona ere. Barre franko, behar zenean laguntza, inplikazioa eta ilusioa. Ederra eta berezia izan da!

Rodri. Eta Rodri izango zara betiko. Zuri esker egin nuen lehen pankarta (eta sekulakoak entzun beharko ditut hau publikoan onartzean…), AUPA RODRI hori. Eskerrik asko. Unibertsitate zahar, moderno edo klasikotan ezin direla gauza batzuk ikasi, ez horixe. ETEO hustuan, asko.

Idoia. Gidoigile eta zuzendari berezia ezagutzeaz gain, sinzeridadez egindako zuzenketa horiek jasotzeko zortea izan dut. Kritikak ez direlako mingarriak, kariñoz jasotzen direnean. Asko ikasi dut, eta iruditzen zait ez dela prozesua amaitu, eta egingo dugula topo aurrerantzean, Zuloa proiektuan edo beste edonon.

Ana Mari, gure Ana Mari. Emakume indartsua, alaia, naturala, eta… Ana Mari. Hunkitu gabe ezin hitz egin zuri buruz. Muga, oztopo, zailtasun eta tristura guztiei aurre egiteko moduak liluratuta utzi nau, zure bizitasunak, eta kariñoa emateko gaitasunak.

Leire eta Amaia. Txokolate mikatz eta goxoak. Biok zarete Klaxk. Oñatiarren goxotasunaren irudikapena. Plazer bat izan zen zu ezagutzea, Amaia, soziedade hartatik berriz topo egitea eta eszena muntatzen hasi izana. Gozada bat zurekin berriz ere elkartzea, Leire, arbeletik urrun, baina irribarre berarekin. Joan beharko dugu Txokolateixia-ra txokolate bila, ezta?
Baina zenbat oñatiar???

Oihana, emakumeok historian lekurik ez dugu izan, eta Tobera honetan zuk eman diguzu protagonismoa, ikasi dugu gizonek Arriarango Juana bezalako altxorrak ezkutuan uzten dituztela. Zure kasua, ziur hori ez dela.

Julen eta Gaizka. Gutxixeago egin dugu topo. Bata forma-forman, eta bestea eszenatokira bakarrik igotzeko gai ere ez. Ondo pasa dut zuekin, laburrago baina ederra! Hori bai, Gaizka, zu ere ez zara Gaizka izango ziur aski, Fraimi baizik…

Eta Txirli. Ikusi dut maleta, Guardia Zibilen alboan, eszenatoki erdian. Aparta! Eta Arrasateko Eskinetos de Postal-ena itzela! Galanta zara, benetan. Ederki pasa dut, bai horixe!!!

Nagore. Bizitzan izandako aldaketak medio, ez nuen uste berriz egingo genuenik topo. Ba begira. Toberari asko zor diot. Jarraitu goxotasun hori transmititzen!

Edurne, zu azkena, baina paperik hunkigarriena benetan. Nortasuna zeinen garrantzitsua den argi utzi duzu, zure goxotasunarekin. Txantxikua animalia ederra dela erakutsi diguzu zapo eta zapaburu guztioi!

Eta badator Debagoienaren ordua. Debagoieneko beste herrien ordua, ze, Oñati, Debagoiena da. Orain lehen baino gehiago.

Gerra. Nik ez dut, ez, Gatzagako iturrian urik edan. Baina desiratzen nago Gatzara joan, astoan edo autoan, eta Erdi Aroko herri ederra ondo ezagutzeko. Eta zurekin beste berbaldi jator baten murgiltzeko.

Bailaran behera, Olatz. Antzerkia. Alaitasuna. Bizitasuna. Kontagiatzekoa, benetan. Barre franko egin dut, eta gustuko izan dut zure aholkuak neureganatzea. Hasierako eszenari zukua ateratzen lagundu didazu gainera. Mila esker.

Dukesa. Ibai. En fin. Zer esan zuri buruz. Flipatuta gelditu nintzen 24 goizean. Nondik irten da mutiko hau? Mexikarra, argentinarra, dukesa… Eta hala, natural-natural, inongo zailtasunik gabe edozein pertsonaietan murgiltzeko erraztasunez. Eta tipo jatorra gainera.

Heidi. A ez, Itsaso. Ederra. Benetan, 24 goiza ederra izan zen, gozatu egin nuen zuek ezagutzen, eszenari zukua ateratzen. Ikaragarria. Eta irribarreak, eta besarkadak, eta ilusioa, eta… Plazer bat.

Iraitz… Pena zu ezagutu ez izana…

Eneko. Ba hori, berriz ere egin dugula topo. Ziur asko ingurune naturalago batean, antzerki ez hain antzerkia egiten. Eta jarraituko dugu topo egiten, topatuko ditugu bide eta proiektu komunak, ziur.

Iosu eta Aitor. Gizon eleganteak. Bata ezagutzeko plazerra bestearekin berriz ere topo egitearen zorteari batu zaio. Bergara iaz deskubritu nuen, eta aurten berretsi dut elegantzia ez dela arropa hutsa.

Manex, ederra zurekin berriz elkartzea, iazko Toberan epaimahaian izateko ohorea eduki ondoren! Eta ederra bertsotan zuzen-zuzenean entzuteko aukera… Eta itzela zuen bion gai jartzaile aritu izana! Bertso munduak erakarriko ete nau azkenean?

Iraia! Ai… ze pena hain entsegu gutxitan topo egin izana! Plazako farola gogoan! :D

Nola ez, plazerra berriz ere zuekin topo egitea, Larraitz, Aitzi, Iza eta Eneko.

Eta aipatu ez zaituztedan guztiok, baina hor izan zaretenak, laguntzen, ilusioa konpartitzen.

Toberakideok, ohorea izan da zuek guztiok ezagutu izana. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko.

Gaur, lehenengo aldiz, Debaguneko egutegiari leku polit bat egin diot neure paretetan.

#azoka47 eta @kabiadurango

Uste baino egun luzeagoa izan da gaurkoa, Durangon. Bazkaltzera etxera etortzeko asmotan joan, eta afaltzeko itzuli. Sendatuta eta pozik.

Izan ere, gaurkoa berezia izan da. Beñat, Unai eta Gorka lagunek (Talaios Kooperatiba sortu berriko kideak hirurak) jardunaldi interesgarriak antolatu dituzte gaurkorako Durangoko Azokako Kabian. Oreretatik Durangoraino iritsi da gaurkoan Kabia.

Goizeko planean lagun kuadrilatxoa elkartu gara (Asier Artsuaga eta Karlos Sukunza tartean), eta Durangoko Azokari gune berria sortu diogu: http://kabia.info/. Gunearen azalpena aurreraxeago jasoko omen dute txokoren baten. Era berean, David eta konpainiak hurrengo urterako sare egitura bat planteatu dute.

Arratsean, bestalde, Tabu 10 izenpean hitzaldi labur sorta bat izan dugu, Euskara hitza tabu izanda. Goizekoa baino jendetsuagoa, hori bai. Tartean etorri zaizkigu, besteak beste, Maite Goñi,  Iturri, Asier Miron, Lander Arbelaitz, Josi eta Olatz. Askotarikoak izan dira arratseko hitzaldiak (Blogsoviet proiektua tartean), guztiak ere erakusteko teknologiak jendartearen zerbitzura jartzean gauza interesgarriak eraiki daitezkeela (ikus Errenteriako Kabia eta Bakalhau, esate baterako). Hitzaldiotako baten Iturrik esandakoak bultzatu nau gaurkoan idaztera: blogak garabiak bezalakoak dira, unearen arabera, suntsitu edo eraikitzeko balio dezakete.

Amaiera bikaina eman diogu egunari gainera. Hedoi Etxarte lagunaren poesia liburuaren aurkezpenera hurbildu, eta txalo zaparrada eskaini diogu aurkezpen original zein ausartari. Zorte on proiektuaz, kamarada!