Kategoriaren artxiboa: erabakitze-ahalmena

Langileen parte-hartzea: diskurtso hutsetik praktikara (@etzipm -n argitaratua)

Langileen parte-hartzea ez da gai berria hainbat ingurunetan. Enpresa eredu demokratikoa aztergai eta presente izan dugunon artean aspaldi landutakoa dugu. Hala ere, azken urteotan pentsaezin zen zirkulutan ere jorratu da gaia, enpresa eredu demokratikoetatik harago funtzionamendu piramidalak nagusi direnetan.

Parte-hartzea bi norabidetan planteatzen dituzte enpresek, oro har: lanpostuko parte-hartzea (autogestioaren izenpean) eta emaitzetan partaidetza.

Lehenari dagokionez “harreman estilo berriak” aldarrikatzen dituztenak badira, kooperazioa eta lankidetza berrikuntzak bailiran. Mendetan zehar auzolana ere deitu izan zaio Euskal Herrian. Hala ere, egia da eredu demokratikoa duten hainbat erakundetan lanpostuko parte-hartzea alde batera utzi dela urte askoan, sistema Fordista aplikatzearen ondorioz. Baina badago marraztu beharreko muga bat, autogestioaren izenean egun zenbait enpresetan aplikatzen diren politiketan. Errealitatean bertikalki ezarritako helburuak edonola betetzea eskatzen baitzaio langileriari. Lan-baldintzak eta duintasuna alde batera utzita, horretarako beharrik bada.

Emaitzetan parte-hartzeari dagokionez, langile kolektiboari eskatzen zaio konpromisoa erakundearekiko, helburu “komunekiko”. Hain zuzen ere orain, enpresetako emaitza negatiboak direnean banatu beharrekoak. Mezuak irabaziak daudenean errepikatuko ote diren, zalantza handiak ditut.

Langileen parte-hartzea bultzatzearen atzean interes ekonomiko hutsak egon litezkeen arren (badira hainbat kasutan), probestu behar genuke aukera parte-hartzea bere osotasunean mahaigainean jartzeko, baita enpresa ereduak ere.

Hain zuzen ere kooperatibak dira aipatutako bi parte-hartze esparruak bateratzen dituztenak. “Kooperatibak ez dira perfektuak, baina bai perfektibleak” zioen aitak, Arizmendiarrietari erreferentzia eginez. Perfektibleak, baina batez ere eraldaketa sozioekonomikoa lortzeko lankidetzan eta demokrazia ekonomikoan oinarritutako tresnak dira. Kapitala lanaren menpekoa bihurtzen dutenak, emaitzen banaketa baino, etorkizuna eraikitzeko emaitzen berrinbertsioa planteatzen dutenak. Norbanakoen garapena alde batera utzi gabe helburu komunitarioak bilatzen dituztenak.

Dena den, ezin gara itsutu. Kooperatibak enpresa eredu hutsak dira. Testuinguruaren arabera arrakasta izan dezaketen tresnak, edota abantaila fiskal hutsengatik sortutako erakunde kapitalista soilak.

 Etzi.pm-n 2015/01/13an argitaratua (cc-by-sa)

Sindikatuen rola kooperatibetan

Ez dut orain dela gutxi arte sindikalgintzarekin inongo kontakturik izan, grebetako manifestazioetan soilik. Urrunekoak iruditu zaizkit beti, neure errealitatean lekuz kanpo, nolabait. Kooperatibak dira neure ingurunea, eredu kooperatiboarengan sinesten dut nik.

Enpresa eredu horretan sindikatuek ez dute kabidarik. Izan ere, langileek (bazkideak) badituzte bideak beraien hitza ordezkatu eta aintzakotzat hartzeko. Organoak deritzaie, Kontseilu Errektoretik Batzar Nagusira, Kontseilu Sozialetik pasata. Organo horien bidez bideratzen da lan-bazkideen hitza eta botoa. Hainbatetan hitz egin bezala, organo eta mekanismo horiek ez dute beti bermatzen parte-hartzea, bereziki tamaina handiko kooperatibetan. Sarri, ordezkaritza botoa eta iritzia delegatzera mugatzen da, hainbat arrazoi medio erabakietan parte hartzea alde batera utzita. Erakundeen tamaina da faktore gakoetako bat, norbanakoen arteko distantziak eta kolektiboen arteko ezberdintasunak areagotzen dituen heinean. Era berean, formazio enpresarial zein kooperatiboaren gabeziak ere badu eragina, erabaki gakoak hartzerako orduan ezinbestekoa baita gaiaren inguruko nahikoa ezagutza izatea.

Hala ere, kooperatibak lan-bazkideak baino gehiago dira. Kooperatibetan besteren konturako langileak ere badaude, soldatapekoak. Soldatapekoek (Mondragon-en %20a gehienez) ez dute ordezkaritza organorik. Kontseilu sozialerako hautagaiak izenda ditzakete (bazkideen artean), eta zenbait kasutan Batzar Nagusietara ere joan daitezke. Hala ere, botorik ez daukate ebentualek. Ez dute ordezkaritzarik, langile moduan tresnarik ez dute. Beraz, sindikatuen rola hortxe kokatzen dut nik kooperatibetan: ebentualen ordezkaritza lanetan, bazkideekin lankidetzan. Egungo egoerara eramanda, interesgarria izan liteke birkokapenen aurrean behin-behineko langileentzako tresna izatea sindikatuak.

FEEn planten erosketa, soluzioa?

Azken egunotan berriak eta zurrumurruak badira inguruan, Fagor Etxetresna Elektrikoen bi planta erosiko lituzkeen enpresa bat badagoela dioena. Soluzioa omen da planta horientzat. Ez dut uste hain erraza denik, hala ere.

FEEren filialen eta zenbait planten salmentari buruzkoak ez dira berriak Debagoienean. Zituen arazoak entzunda, planta edo filialak esku kapitalistetara pasatzeko beldurra bazegoen lehen ere. Horrek, baina, zalantzak dakartza jabetzaren eta eredu kooperatiboaren inguruan.

Jakina denez, kooperatiben ezaugarrietako bat langileen jabetzako enpresa izatea da, oinarrietako bat da. Suposa dezagun FEEko plantak (kooperatibakoak, ez filialak) saltzen direla, esku kapitalistetara doazela. Horrek suposatuko luke plantak ez liratekeela jada FEEn bazkideen esku izango. Are gehiago, erosleak ez luke (teorian) inongo beharrik izango langile berberak kontratatzeko. Eta, hala egitea erabakiko balu ere, langileak ez luke inongo erabaki eskubiderik izango. Ez zuzendaritza aukeratzeko, ez erabaki estrategikoak hartzeko, ez informazioa eskatzeko, etab. Hau da, beste enpresetako edozein langileren eskubide eta betebehar berberak lituzkete.

Beraz, lan bazkideentzako soluzioa da planten salmenta? Birkokapenak edo aurre-erretiroak baino soluzio hobea da?