Kategoriaren artxiboa: bakalhau

Bloga, idazle frustratuaren soluzioa

Txikitatik gustatu izan zait idaztea. Ikastolan nenbilenean gustura betetzen nituen etxeko lan horiek. Beno, idazteko gairen bat bururatzen zitzaidanean behintzat. Izan ere, pelutxeen izenak adibide, imajinazioa ez da espreski neure indarguneetako bat. Lagun bati entzuna diot guztiok garela sortzaileak, baina mugak jartzen dizkiogula geure buruari. Zeinek daki.

Sarri entzun izan dut blogak tresnak direla, helburuak lortzeko edo lortu bidean eragiteko erremintak. Badira euskarazko edukiak sortzeko (eta beraz interneten euskararen presentzia biderkatzeko), badira hainbat gai lantzeko eta masa kritikoa sortzeko, badira sareak eraikitzeko (kaixo bakalhautar eta blogsovietarrok), noizbehinka (ez oso sarri) badira sentimenduak eta minak plazaratu eta arintzeko, eta, beno, marketinerako ere badira blogak.

Horiez guztiez gain, neuretzako idazle izaera frustratuari irtenbidea topatzeko modua ere bada bloga. Papelean inork argitaratuko ez lituzkeen arinkeria eta sasi-sakonkeriak plazaratzeko modua. Hala ere, badaukat noizbehinka bloga eguneroko moduan erabiltzeko tentazioa, kandadurik gabeko eguneroko gisa. Inork irakurriko ez lituzkeen horiek, edo inork irakurtzea nahiko ez nukeen horiek, edo… gutxi batzuek irakurtzea nahiko nukeen mezu horiek idazteko. Aurrerago, zeinek daki.

Madrilgo Retiroan orain dela hilabete batzuk topatutakoa. Idazle frustratuen beste tresna bat, akaso

Madrilgo Retiroan orain dela hilabete batzuk topatutakoa. Idazle frustratuen beste tresna bat, akaso


Debagoienaz eta teknologiaz

Bakalhau-Blogsoviet biltzarra egin genuen orain dela aste batzuk, Zarauzko Putzuzulo elkartean. Beti bezala, lagunen konpainiaz gozatu (Unai, Gorka, Beñat, Imanol, Artsuaga eta abar luze bat) eta eraldaketa sozialaren bidean dauzkagun erronka eta egitasmoak elkarbanatu genituen. Zibergara-Mokolokom-eko lagunak ere bertan izan ziren, Mikel eta Damian, Bergaran martxan jarri dituzten egitasmoen berri emateko.

Inbidiaz entzun nien zertan ari diren. Sarri aldarrikatzen dugu teknologiak gizartean duen garrantzia, eta Blogsovieten gisara, Bergaran lortu dute jendartea batzea. Eta niri Debagoienako subjektua etorri zitzaidan burura. Bailarak indarrak batzeko duen gaitasunaz.

Arrasate Press eta Arrasate Telebistatik Goiena-ra egin genuen salto, baina egia da bailara egituratzeko tresna bakarrarekin ez dugula nahiko. Tobera ere hor dugu, Bagararen eskutik. Gure Esku Dagon ere bailara mailako sinergiek duten efektu biderkatzailea argi gelditu da. Zeinek daki, beharbada euskalgintzak ere planteatuko du etorkizunean batzea.

Teknologiara itzulita, iruditzen zait bultzatu beharko genukeela Debagoiena mailako egituratzea. Indarrak biderkatzea lortuko genuke. Bagararen eskutik edota nodoak sarekatuz (MU ere hor daukagu!) teknologiari astindu bat emango genioke, Debagoienako subjektua ere, bide batez, indartuz.

Kooperatiben sarea eta interkooperazioa

Kooperatibak eredu sozioekonomiko alternatibo gisa ulertzen ditut. Askok ulertzen ditugu horrela. Merkatu kapitalistan egonda ere, bestelako balio eta printzipioak dituzten erakunde gisa. Kapitala tresna gisa dutenak, helburu gisa baino. Izan ere, kooperatiben funtsa komunitatearen garapena da. Oinarrian hori da. Beste kontu bat da egungo kooperatiba batzuen oinarria zein den, zergatik sortzen diren kooperatibak, kooperatibako kide batzuen helburuak zeintzuk bihurtu diren, eta abar luze bat.

Hala ere, ez da nire asmoa kooperatiba batzuen norabidearen (edo noranzkoaren?) inguruko hausnarketa egitea, baizik eta azken aldian gero eta nabarmenago egiten zaidan interkooperazio eta elkartasunaren garrantzia aldarrikatzea.

MONDRAGON adibide gisa hartzen badugu, bere gorabehera guztiekin, esango nuke bere arrakastaren gakoetako bat sortutako interkooperazioa, sarea bera, dela. Izan ere, zailtasun zein erronka berrien garaian printzipio eta helburu berak (antzekoak akaso) dituzten norbanako zein erakundeen arteko kolaborazioa gakoa bihurtzen da. Iraultzarako bezala, antolaketa eta sareak ezinbestekoak dira proiektu komunitario, lokal baina global, baterako. Krisi garaiko kudeaketa aztertzen ari naiz nire tesian, eta hori berori ikusi dut garbien: interkooperazioa eta kooperatiben arteko elkartasuna eta konpromisoa finkatuta eta egituratuta egotea zein garrantzitsua den. Kooperatibak alternatiba erreala izan daitezen zeinen garrantzitsua den kooperazioa.

Horren harira, eta Gipuzkoko beste txoko baten, Talaios Kooperatibako lagunek (Beñat Irasuegi, Unai Gorrotxategi eta Gorka Juliok) Olatukoop egitasmo interesgarria jarri dute martxan. Nolabait, orain dela 50-60 urte Debagoienean sortutako interkooperazioa eta elkartasunaren olatua egungo mugimendu kooperatiboan sortu nahi dute, eta horretarako oinarriak definitu dituzte. Etorkizun oparoa duena, egungo egoeran gero eta garrantzitsuagoa baita irla kooperatiboen sarea sortu eta indartzea.

#azoka47 eta @kabiadurango

Uste baino egun luzeagoa izan da gaurkoa, Durangon. Bazkaltzera etxera etortzeko asmotan joan, eta afaltzeko itzuli. Sendatuta eta pozik.

Izan ere, gaurkoa berezia izan da. Beñat, Unai eta Gorka lagunek (Talaios Kooperatiba sortu berriko kideak hirurak) jardunaldi interesgarriak antolatu dituzte gaurkorako Durangoko Azokako Kabian. Oreretatik Durangoraino iritsi da gaurkoan Kabia.

Goizeko planean lagun kuadrilatxoa elkartu gara (Asier Artsuaga eta Karlos Sukunza tartean), eta Durangoko Azokari gune berria sortu diogu: http://kabia.info/. Gunearen azalpena aurreraxeago jasoko omen dute txokoren baten. Era berean, David eta konpainiak hurrengo urterako sare egitura bat planteatu dute.

Arratsean, bestalde, Tabu 10 izenpean hitzaldi labur sorta bat izan dugu, Euskara hitza tabu izanda. Goizekoa baino jendetsuagoa, hori bai. Tartean etorri zaizkigu, besteak beste, Maite Goñi,  Iturri, Asier Miron, Lander Arbelaitz, Josi eta Olatz. Askotarikoak izan dira arratseko hitzaldiak (Blogsoviet proiektua tartean), guztiak ere erakusteko teknologiak jendartearen zerbitzura jartzean gauza interesgarriak eraiki daitezkeela (ikus Errenteriako Kabia eta Bakalhau, esate baterako). Hitzaldiotako baten Iturrik esandakoak bultzatu nau gaurkoan idaztera: blogak garabiak bezalakoak dira, unearen arabera, suntsitu edo eraikitzeko balio dezakete.

Amaiera bikaina eman diogu egunari gainera. Hedoi Etxarte lagunaren poesia liburuaren aurkezpenera hurbildu, eta txalo zaparrada eskaini diogu aurkezpen original zein ausartari. Zorte on proiektuaz, kamarada!