Kategoriaren artxiboa: Antzerkia

Zarzuelaren zergatiaz

(Eguneko bigarren mezua, badakit. Ez da errepikatuko, lasai)

Batzuetan zalantzan jartzen dut zergatik egiten dudan zarzuela.

16 urterekin hasi nuen abentura, irakasten ahalegintzen zen kantu irakasleak La Tabernera del Puerto obra ederrean papel garrantzitsu xamarra eskaini zidanean. Obra ederra da, geurea delako, euskal doinuez eta doinu ederrez blai dagoena. Eta urte hartan deskubritu nuen antzerkia. Antzezle frustratua bihurtzen hasi nintzen urte hartan (idazle frustratuari batu zaiona). Deskubritzen hasi nintzen antzerkiak garapen pertsonalean ematen zidan guztia. Deskubritu nuen neure buruarekiko seguruago sentitzen nintzela. Deskubritu nuen… eta deskubritzen jarraitzen dut.

Eta hori bihurtu zen zarzuela, garapen pertsonal-artistikorako tresna eta jolas.

Zer iruditzen zaidan zarzuela? Ba genero “erraza”, antzerki eta opera bitarteko zerbait. Biak gustuko ditudanez, ba generoa bera gustuko izan beharko nuke. Arazoa da, baina, zarzuelako obrak ez direla oso “gureak”. Horrez gain, argumentuak atzerakoiak dira orokorrean, eta batzuetan musika da libratzen den bakarra. Arrazoi pisutsuak zarzuela ez egiteko. Hala ere, zarzuelaren bueltan dozenaka lagun biltzen dira, ideologia ezberdinekoak, benetan aberasgarria. Eta herriak 2.000 sarreratik gora erosiz eskertzen du urteroko ahalegina. Herrigintza ere bada, neurri batean.

Tresna eta jolasa izatea, herrigintza eta herriaren esker ona alde batetik, eta oinarri duen kultura eredua eta bultzatzen dituen balioak bestetik. Faktore askok jartzen dute jokoan balantzaren oreka.

2013ari begiratua

Abenduaren 31. da gaurkoa.

Urte amaierak ez dira benetako inflexio puntuak, nik behintzat ez ditut hala sentitzen. “Urte berria bizi berria” sinesmenak ez al du sineskeriatik gehiago? Hala ere, ilusio tankerako bat sortzen du urte berriarekin gogokoak izan ez ditugunak atzean utziko ditugula pentsatzeak. Ilusio baino, esperantza.

2013ak une ederrak, gogorrak, goxoak, mingarriak, denetik izan du. Antzerki eta farandulatik dexente (La Tabernera del Puerto, Debagoienako 2. Toberaren ondorengoak, Berriaren aldeko “minitobera” eta Azokako jaian egindako kontsumismoaren ingurukoa, 3. Tobera, eta antzerki dosi masiboak); ahantzi gabe antzerkiak berak emandako garapen pertsonala, artistikoaz gain. Arazo orotik abstraitu, eta transformazio pertsonalean murgiltzeko aukera ederra.

Fase aldaketez ere asko izan du 2013ak. Fase aldaketa profesionalak, batez ere. Eta azken fase aldaketa, ekainekoa ez bezala, berri ederra. Lankide ohiren batek edo beste esan zidan bezala, berri txarrak diruditenak batzuetan ez dira hain txarrak izaten, bide berriak deskubritzeko aukera ematen baitute. Kasu honetan, proiektu ilusionagarri batean murgiltzeko aukera, eraldaketa sozioekonomikoa helburu duen proiektuan. Ereindajan.

Eta halaxe amaituko da 2013a, farandulan eta lanean murgilduta.

Urte amaiera ederra eta hasiera bikaina izan dezazuela, familia, lagun, ezagun eta ezezagunok.