Egilearen artxiboa: turutarena

Kristo martxa de aki

Sarri gainditzen gaituzte lanek, betebeharrek, asteari lapurtu ezin diezaizkiogun orduek, nahi dugun guztiei irribarre ezin eskaintzeak.

Sarritan gainditzen gaitu une batek, ezin erantzunak, zer esan ez jakiteak, barruak hitzetan azaldu ezinak.

Sarri gainditzen gaitu gure giza baldintzak, guztiek, telebistak, merkatuak, lagunek, nagusiak, internetek, jainko nahi gaituztenean: ahalguztidun eta nonahiko. Orojakile eta plan zerutiar baten jarraitzaile.

Ez dakit zer pasatzen den azken aldi hontan, baina guk, jainkoa sakon lurperatu genuen haragizko jainko-nahiok, robot baten itxurazko irudikatu dugu dibinitate postmodernoa, gu geu berau bihurtu nahi izateraino. Eta robotikaren legeek ez gaituzte dagoeneko gure buruaz babesten.

Anbotoko leize-zulotik ihes egiteko bafle bila nabil.

Elkarrizketa burujabetza

Aukera berrien asmatzeko elkarrizketa berriak sortzea inoiz baino beharrezkoago dugun garaiean entzundakoak errepikatzera mugatzen gara. Eta haizeak darama proiektu berri baterako lehenengo adreilua izan zitekeena gune desegokian esanagatik. Edo lotsak betikoen jardunaren aurrean irensten du elkarrizketa puntu interesgarriago batera eramateko aukera. Edota hitz hauek bezala zibersarean emeki desegin.

Bakarrizketa proposamen antzu eta jardun hutsalen aurrean ebatsitako elkarrizketa berreskuratzeko guneak behar ditugu. Gune eta elkarrizketaren jabe oso izatera itzuli arte.

Etengabe mutatzen duten erramintekin eta maitasuna hitza behin eta berriz berbataiatzen duten hizkuntzetan.

Itzulpengintza automatiko banatua

Joxe Aranzabalen blog sarrera eta iruzkin katearen harira, itzulpengintza automatiko banatu eta hartzailearen egokitzapenaren gaineko gogoeta batekin nator. Ados nago diotenarekin, ahozko hizkera imitatzeko joera handitu dela sare sozialek eskaintzen duten espazioari esker, beti ere ahozko hizkera kopiatu daitekeen neurrian.

Ideia hau soziolinguistika fikzioaren haritik jarraituta, ahots transkribatzaileek idazkera estandarragoa ekarri dezaketela dio Kike Amonarrizek. Eta horrela izan daiteke epe laburrera, baina epe ertain-luzean paradigma banatu baten aukera ez nuke gutxietxiko. Hau da, igorleak atsegin duen moduan hitz egin lezake eta testua hartzailearen baldintza diatopiko, diastratiko eta diafasikotara era automatikoan egokitu (barne itzulpen bat bezala). Hortaz, sare sozialetara (edo parekotara) zuzendutako idazkiak era informalean egoten jarraituko lukete.

Bide batez, euskalkien arteko (euskararen dimentsio diatopikoan) itzulpengintza banatu automatizatua hastapenetan baino ez dago, euskara batuarekiko fede itsuagatik agian. Azkue fundazioak Opentrad-ekin batera garatutako Batua-Bizkaiera erramintak lerro honetan emaitza oso duinak lortu daitezkeela erakusten du.

Lurraldetasunaz euskara batua aitzaki (1)

Oso gustura irakurri nituen Luistxo Fernandezek Euskal Herriko zazpi probintzien dogma kritikatu edota independentzia kantonala proposatzen zituen postak. Lurraldetasunaren ikuspegi praktikoa darie idatzi hauei, hauteskundeetako emaitzak kontutan hartuta zazpi probintzien independentziarena epe ertain-laburrean ezinezkoa delako (eta eskuzabala naiz epe “ertain-laburrean” diodanean).

Bihurkina dantzan dela torlojuari beste estutze bat emate aldera, eta praktikotasunaren epika lausotik ihesi, Txillardegiren hitzak ekarri nahi nituzke gogora: “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz“. Argi dago independentziak hizkuntza orok behar duen lehentasunezko (eta ez berdintasunezko) lurralde bat eskainiko liokela euskarari. Baina Txillardegi berak esaldi hontan bertan iradoki bezala horrek ez luke ezer ziurtatuko. Eta (obatu zure jarlekuaren besoak estu) Euskal Herria independientearen lurraldetasuna euskara batuaren bideragarritasunaren ikuspegitik planteatuko bagenu?

Hizkuntza sintetikoen etorkizunari buruzko post inspiragarri batean David de Ugartek identitatea eta komunitateko hiztunekiko neutralitatea azpimarratzen ditu hebreeraren arrakastaren arrazoi gisa. Neutralitatea Israelera mundu osotik zetozten ama hizkuntza askotako judutar etorkinenekiko, hain zuzen ere. Puntu honetara ailegatuta, eta distantziak distantzia, zazpi probintziena perspektiba linguistikotik ere ez litzateke interesgarriena izango. Biztaleriaren %90-tik gora (hegoaldeko biztaleria ia osoa bederen) gaztelaniaz ederki mintzatzeko gai denean eta euskaraz %20 bat ala nola, neutralitatearen balantzak gaztelaniaren aldera egingo lukeelako argi.

Hizkuntzaren bideragarritasun ikuspegitik bi lurralde ikusten ditut giltzarri. Alde batetik, Gipuzkoa, datutan Euskal Herriko Katalunia, ezagutza eta erabilera aldetik datu positiboenak eskaintzen dituelako, baita etorkizunera begira ere. Bestetik, eta inoiz baino gehiago, iparraldeko Euskal Herria bere osotasunean, bertako gaztelaniaren ezagutza murritzak euskarari bestela izango ez lukeen neutraltasun maila bat eskainiko liokeelako. Euskararen osasun datuak baina, ez dira horren positiboak gerora begira iparraldean (mendebaldea hemendik aurrera?) eta panorama politikoa ere ez litzateke aproposena izango [ejem]… edonola ikustekoa izango litzateke proposamen berriak emango liokeen zentralitatearen aurrean iparraldeko herritarren erantzuna.

Honatx, bada, Turutarenaren lurraldetasun proposamena lurralde historikoak unitate bezala hartuta (erresoluzio handiagoko gerturatze kantonala beste baterako) euskararen arrakasta ipar, zazpi probintziena bezain utopikoa. Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea zein Zuberoa libre, eta prezio berean euskalki nagusi ia guztietako hiztunak euskara batuaren neutralizatzaile.

EH_Turutarena

Bersinkronizatzen

Barrurantza bizi da eta parekoak nahi ditu [ttan] Parekoak garagardo bat partekatzeko [ttan] konfidentziak kontatzeko [kun] Burkideak [kun] buru-kideak bidaiatzeko, gauzak egiteko [ttan] ikasteko, maitatzeko [KUN] Berorren berdinak diren horiek behar ditu berorrek [kun-TTAN] eta ezin sikiera berorren barrenak eta azalak ados jarri [KUN-ttan] Eta kontraesanen lotsak eraikitako ezkutuaren atzean bizi da [TTAN-KUN] senideengadik [KUN-TTAN] auzokideengadik [TTAN-KUN-KUN] lankideengadik [TTAN-TTAN-KUN] maitaleengandik [TTAN-KUN-TTAN-KUN] besteengadik basbesturik [KKUN!]

Eta barrurantza bizi da, arantzak alderantziz hazten zaizkion kirikinoa legez. Oihukatzean barnean sortzen zaizkion loreekin txahala aparta bota beza airean gora, garaia da erritmo berriek beroriek bersinkroniza ditzaten.

Berori ari natzaio, zuri, hiri, xuri. Burkide, pareko hori.

Izaki Konstelazioak

Kontakizun laburrek bizi gaituzte, epika lausoek. Astebururo antzezten ditugun antzerki zizka-mizkek [puntu eta jarrai] edo oporretako narrazio idilikoek [puntu eta aparte]. Gero, unibertsitatea dago, ikasketen esfortzua [puntu] Aberriaren errelatoa [puntu] Ikastaroak, kuriositatea [puntu] Parte hartzen dugun talde hori, konpromisoa [puntu] Eta lana, beharra [puntu eta aparte].

Bitartean, puntuak batzen ditugu [+1], etengabe [+1], blog sarrera berria [+1]. Eta batuketaren eramanak garamatza, ALUak bagina bezala, Arithmetic Logic Unit batzuk, automatak.

Ai, puntuak batu beharrean lotuko bagenitu, saregile, puntadak josi. Ilunetan, mendi magalean etzan eta gure argiei begira konstelazioak osatu, munduan kokatzen gaituzten mitologiak asmatu. Eleberri lehergarriak, mila musikarik alhora interpretatzeko sinfoniak.

Argi izakiak garelako.

Bourgeois Ttipiak

Noiz itzali zen gurasoen etxeko pasiloan pintura zuriz zikindutako kabletik zintzilik zen bonbila kaskilo soila eta argi alogeno ilara piztu?

Zein momentutan ahaztu genuen hilabeteko soldatarekin estu bizi ginen kontzientzia politiko arineko langileak ginela, bi mila euroko hamalau pagadun ezkertiar sutsu bihurtzeko?

Zergatik ez zen gure zoriontasuna gure patrikak bezain beste loditu?
Zergatik beldurtzen gaitu etorkizun ezegonkor ezberdin batek?
Zergatik sumintzen digu kolona, gorritzen eta erauzten aurpegiko larruazala?
Zergatik gure gizalarrua zuritzeko behar hau?

Kreditu-txarteldun hippie gara, garaiko lankide burgesak, burkide gezak… autonomo beharrean automata dirauguneino.

Euskalgintzaren Confebaskizazioa

Hizkuntza bitxi bat da euskara, bitxi bat. Txokolatezko txanpona da euskara enpresetako normalizazio planen emaitzetako dibidenduetan. Google Translaten Tobin tasa ordaindu gabe trukatzen den dibisa. Etengabeko ezarpena duten haurren aurrezte libretak dira ikastolak eta euskaltegiak desesperatuen Cash Converterrak. Euskaraz hitzegite oro da urre. Ikasi dugu bertsolariaren hamarreko handiak euskaldunberriaren akatsak beste balio duela. Pixka bat da asko.

Kapital honen inguruan bada baina proletalgo gaizto bat, euskara bere aukeren azpitik erabiltzen duena. Hiztun txarra du euskarak, hizdun alperra batzuen ustetan. Eta euskararen oligarkiak lobby bezala topatu du aurki bere burua, gizarte zibilari eta botere publikoari parez-pare errieta egiteko gunea. Alderdi politikoen gainetik. Euskalgintzaren zati batek daconfebaski, era trinkoan.

Oligarkiaren nagusitasun moralaren monopolio elebakarraren gainetik, teknokraten moldatze zientzietatik haratago, baliteke euskararen loraldi ekonomikoa gizartearen eraldaketatik etortzea. Besterik gabe euskararen likidezia mugitzen duen gizarte antolaketa utopiko bat, historiaurreko komunismoaren pareko osotasun eleanitza dakarrena. Iraultzailea da etorkizuneko euskalduna.

Zutik aditzean kondenatu / indazu albiriztea / euskararen langile tristea. Entzuteko dugu bertsolaritzaren deshumanizazioa. Bizitzeko Goierri, Sakana eta Arratiatik, besteak beste, erbesteratutakoen seme-alaba japoniar, txinatar eta kanadiarren Pazifikoko phyle euskalduna. Borrokatzeko estatu eta aberrien deskonposaketa. Berehalako ahots itzultzaile automatikoak. Ametsak hitz eta hitzak amets. Epika berriak.

Baina, beno. Agian ni ere ekintzaile zikin bat besterik ez naiz.

 

Hamaika galdera amari zinemari buruz

Nondik datoz pelikulak ama? Egia al da Los Angelesetik datozela? Eta nora doaz? windows media playerren ikusteko filmatzen al dira? Ba al dakizu zer den divx kodeaketa ama? Nork jartzen du, amatxo, pelikula ernatzeko hazia eta nork labea? Non da nire herria pelikuletan, non da nire hizkuntza, nire lana… non naiz ni?

Zineman ez ei da agertzen zinema areto gabeko herririk, ezta ametsik gabeko pertsonairik ere. Ba al daukagu heroirik familian? Ala figurante izatea tokatu zaigu beti? Edo B serieko aktore? Nork kontatzen du bizitzen zinela ahaztuta hazi ninduzunekoa?

Zinegile izan nahi dut, mama quiero ser artista, iratzargailuak goizeko zazpiretan esnarazten nauenean. Egunerokoari gladiadore edo mendebaldeko forajido baten epika igarri. Ondo jositako gidoi baten pasarteak igaro. Maitemendu lehenengo ezetz, gero baietz, ostera ezetz, jarraian igual, eta azkenean emakume ederrari muxu emanez. Asmo zoroak dituen komedia bateko komunitateko parte izan. Porno gonzoa inprobisatu ezertaz aspertu aurretik. Eta Novedades aretoa edonolako herrikidez leporaino bete. Nire mundua eraiki 25 argazkirekin segunduro, nire paradisua. Paradisua zineman.

Erramun Turutarenak Paradisu Zinema irratsaiorako

Sumindu, puntu eta koma

Zure buruaz heste egiten ari zarela, hala diotsu koloproktologistak. Loturak daudela buruaren eta hestearen artean eta ipurditik abiatuta Amerika ofizialki deskubritu zuenaren izena hartzen duen hodi zatia sumintzen zaizula balizko “hesteka” horien bitartez iritsitako mezuekin.

Bost axola omen zaizkio zure kolonari dieta makrobiotiko, paleolitiko eta bestelakoen kontraesan guztiak. Haratago omen doa, “dietan jarrai” leloak ez dio dagoeneko eragiten. Buruaren oreka dela haserretzen duena, zure oreka multidimentsionala: emozionala, espirituala, sexuala, identitarioa, ekonomikoa, existentziala, zein linguistikoa, ez hainbeste gastronomikoa. Beno, (h)esteeee… oreka ezak.

Baina, lasai, desorekaz ahazteko ipurditik zunda bat sartuko dizute eta ez zara kexatuko, debalde sartzen dizutelako, oraingoz. Zure buruak bizitzea tokatu zaion gizartearen pertzepzio kakaztua liseritzeko arazoak ditu eta, hortan lan egin beharrean, ipurdia hartzeari gustua hartzen hasi zara. Kaka. Puntu eta koma. Beste gauza batera.