Futbol baloi bat nuen lepo gainean 11 urterekin. Burkide ginen hortan adinkideak hego-haize zororen batek jota. Eskola kiroleko azkeneko urtean (“multi-deporte” deitzen genion artean), ikuskatzaile lanak egiten zituen herriko gaztetxoenen futbol taldeko entrenatzaileak. Gauza handia zen herriko futbol taldean sartzea, teen-movie amerikarretan quarterback izatearen baliokidea.
Besoa apurtu nuen aste-santuan, “txapa” deitzen genion futbol-frontoi uztartze jolas aski biolentoan. Adinkide garatuena gainera erori zitzaidan eskumuturra kontra-kantxako paretaren aurka birrinduz. Futbol partidu gutxi jokatu nituen eskola kirolean urte hartan. Herriko talderako aurreprobetan sartu nintzen (baita entrenatzailearen seme ezkerti dohaitsu bezain loditxoa), baina ikuskatzaileak ekipoa egina zuen ordurako . Kasualitatez, aukeraketa aurrera egin ahala, adinkide garatuena eta biok izan ginen taldetik at gelditzen azkenak (ez entrenatzailearen semea).
Urtebetez entrenatu nuen taldearekin batera, partidurik jokatu barik. Hurrengo urtean entrenatzaileak deitu zidan nirekin kontatzen zuela esateko. Ordurako hitz eginda neukan lagun batzurekin futbito ekipo bat sortzea eta gustu handiz esan nion ezetz, nire “talentua” hasieratik apreziatu ez zuen hari. Horrela esan zidaten ere lagunek egun batzutara: ezetz, saski-baloiean apuntatuko zirela eta agur futbitoari.
Nahi beste aisi denbora izan nuen 13-14 urterekin. Oraindik gogoratzen ditut askotan telebistari begira, internetik ez zuen ordenagailuan jolasean eta sukaldeko lurrean alkoholezko zirkuituak piztuz bakardadean xahututako orduak. Sarriegi agian.
Haizeak ekarria aisiak daroa.