Ez dakit Bitcoin kriptotxanpona ezagutzen duzuen: pertsonatik pertsonara (P2P) jakintza berriei (kriptologia, internet) esker balio berriak (pribatasuna, segurtasuna) eskaintzeko diseinatutako moneta. Estatuen kontrolik gabea; motibazio unibertsalistaduna. Esperantoa datorkit burura aurreko propietateak zerrendatzean, posible egin zuen jakintza linguistika izanik eta eskeinitako balioak beste batzuk.
Eta esperantoarekin bezala bi arazo baditu moneta digital berriak. Bat: txanpona erabiliko duen merkatu erreal bat, ekonomia oso bat edo, esperantoaren kasuan, hiztun komunitate benetako bat ezin trinkotzea. Eta bi: merkatua zabaldu ezean espekulatzaileek hartutako pixua, hizkuntzarentzat diskurtso metalinguistikoa litzatekena. Esperantoarekin hori gertatzen da, hizkuntza bera da hizketa gai. Txanponak saltzen diren txanponak erosteko. Euskaraz bezala.
Euskara ez litzateke kriptotxanpon unibertsalista bat, eremu txiki bateko merkataritza sustatzeko moneta lokala baizik. Inefizientea itzulpenak eskatzen dituen heinean. Baina, bertakotasuna, gertutasuna, jarraitasuna eta bestelako balio etiko batzuk (ekologia?) atxikita dituena. Euskararen merkatu txikian ere erreza da espekulatzea, momentu egokian hitz oso merkeak erosi eta une aproposean berbok salduta. Oso gutxirekin gehiegi.
Prestigio metalinguistikaren burbuila erruz puztuta dago Euskal Herrian eta kulturarena, benetako balio erantsia duen merkatuarena, lur jota.
Broker plusbaliatu batek diotsue.
http://wwww.wordpress.org