Egilearen artxiboa: turutarena

Oparotasunaz

Baditut hitzak.
Eta baditut hitzak kateatzeko nahi beste aukera.

Kateatu ditzaket lau hitz. Hiru hitz kateatu. Hitz bi.

Kateatu naiteke hitzetara. Kateatu nazakete hitzek. Kateatu zaitzaket.
Baditut hitzak.

Hitz kateen askotasunean, nahi beste aukeren katean, hitzak baino ez ditut.
Baina, “ez nauzu hitz” diot. “Ez gara hitz katezko hitz katelariak” esan dezaket.
Baditut hitzak.

Nahi beste aukera. Hitzak, kateak, eta hala eta guztiz ere: ixilik nago.
Ixilik. Nahiz eta hitzak eduki.

Zer dut ixilik?

Kateatu ninteke laurogeita hamalau hitzetan, hitz kate amaitezinetan, eta inora iritsi ez.
Zer diodan badakidala esan dezaket.
Baditut hitzak.

Blog bat

Asmakizun basatia da blogena.

Ekin diezaiokezu igelbelarren gainean naïfki saltari, baina bazterretan tximeletei torlojuak estutzen aurkituko duzu zure burua. Zartatuko zaizu baldosazko flora hesteetan, berunezko beleek atseden hartuko dute zure sorbalden gainean eta, edonola, arduratuko zara ipurtargi txikiei bateria ez agortzeaz.

Azalen atzeko piztiteriak astigarren samara-haziei alderantziz eragiteko, hitzek lurrik jo ez dezaten. Geratu dadin inoiz esan ezin izan duzun horien itzalik argitasun elektrikoen basoan flotatzen, piztiak polen bihurtuta, erna-hauts.

Azkenean, piztiak baretzean datzalako alegiazko fabulak, baita ziberkobazuloetako ukimen-pantail paretetan marraztutako argi-itzal digitaletan.

 

 

Pinpilin-Perpausa

Baloregabetua dago hizkuntzalismoa. Hitzak eman eta interesa jaso, horretan datza hizkuntzaren merkatuak. Metalinguistikaren diktadura, hitzen espekulazio etengabea elkarrizketetan. Hizkuntzaren ideologia basatia eta estetikaren etika: emozioak hitzaren menpe.

Baina, emozioek egiten gaituzte, sentitzen bihurtzen gara pertsona.

Ergatiboaren eta alokutiboaren zirraratik ihesi, idatzi nahi nuke hizkuntzari izaera instrumentala baino eransten ez dion esaldi kooperatibo bat. Hizkuntzaren gramatika beldarraz haratago auto-eratutako pinpilin-perpausa.

Eta nork ez?

Zentzua

Kontzientzia piztearekin bat itzaltzen zaio bati izatearen zentzua. Berdin milioi-urtetan eboluzionatzen duen espezieari, urteetan hazten den haurrari edo hilabetetan besterik gabe biltzen den lagun taldeari. Badirudi bere hiztegi unibertsalean ‘nor’ aditzak baino maneiatzen ez dituen trikua izatetik, unibertsoaren ‘nork’-ak konjugatzen dituen tximino kosmikoa izaterako trantzean, nork bere burua jokatzeko ahalmena galtzen duela.

Esanguraren aditz galduen bila, erosiko ditugu irakurri ditzakegunak baino liburu gehiago. Deroszazu iragarriko dute eta egingo gara teknologia berrien jabe gure burua publizitatutako kontakizun zaharren bertsioetan kokatzeko. Jantziko ditugu begi bionikoak kokotean, txertatuko ordenagailuak barrabil zein obariotan eta izango gara grafenozko hiriak eraikitzeko gai sustengatutako orgasmo eternaletako txortaldien bidez.

Baina, guk gu, ez gaitugu. Nik ni, ezin naut. Eta, hala ere, bagara.

Deskodetzen

Norbera ez beste guztia makina da. Cyborga ama waxapetik maite nauela dioenean. Androideak eguzkiak jotzearekin batera ixten diren pertsianak. Birtualak buztan gabeko ‘z’ hizkiak dituzten nire hitzak, burutik pantailara.

Ni ez beste guztia artifiziala da. Azken mugan ezkutatzen naiz, oraindik makinagarri ez direnetan. Pentsatzen baina esaten ez diren gauzetan. Hauek ere zelula eta atomo artean makinaren batek nolabait deskodetu arte.

Gestoreetan fedea

Guztia konplexuegia da lurtiarrontzat eta mitologia garaikideak badu neurriko deidade berria. Berdin gurtzen du edozein enpresa, elkarte, asanblada edo udaletxek: “Gestore on bat da behar duguna”. Eta edonork dauka olinporako atea zabalik, heroi klasiko baikina:

Hobeto egiten dakizun horrek ez zaitzala aspertu 40 urteetako krisiaren atarian, ahaztu eta berori egiten duten beste batzuren eredu izan. Menderatu hizkuntza. Argi eduki helburuak. Sortu ilusioa. Kudeatu datuak. Izan ekonomikoki bideragarri.

Eta eginkizunotan dohaitsu zaren bitartean (edo zorteko emaitzetan) eliztiarren ofrenda gehiegizkoen jabe egingo zara soldata bidez edota presente izango zaituzte beraien erregutan.

 

Nor izatea

Gerente, txapeldun, lehendakari, konkistatzaile edo iritzi-gidari. Ai, etorkizuneko kale berri bateko plakatxoan dagoen izena bilakatuko banintz. Ala nire ondorengoek hiztegi entziklopediko batean, beno, wikipedian aurkitu ahalko banindute. Nire izena fundazio batena, tumatxa!

Baina, gu ez gara izen bat eta ez genuke hori izan nahi. Baditugu baldintza, subjuntibo eta ahalerak, gure lehenaldi, orainaldi eta etorkizunak. Ez gara nor bera segun eta nork galdetzen duen edo nori ari gatzaion. Wikipedia oso bat gara gure jokaldiak batu ezkero.

Nor izan nahi dugu. Gauza izan, izen bat izan. Eta, bizirik bagaude behintzat, nor-nori-nork bagara, aditzak garela ahaztu. Erabili nahi gaituzte gurekin jokatu gabe.

 

Gu

Iratzarri osteko eta lokartu aurreko waxapen artean bizi garenak. Twitter, blogosfera eta foroetako biztanleak. Gizmoen azken erabiltzaile hitzegileak. Diseinatzaile, programatzaile, maker, eduki sortzaile eta edale gogotsuak. Betaurrekodun gazte sentibera disfuntzionalak.

Ez al ditugu zeruko izarrenak baino ederrago mugikor, tablet eta ordenagailuek osatzen dituzten argi konstelazioak? Ez al gaude GU argi guzti horien atzean.

Eta horren erratuta ez bagina gure gorputza fisikoki kaltetzeraino internet gehiegikeriaz erabiltzen dugunok?

Pantailak gurekin daude.

(H)urak Su

Hedabide Hura, sakeleko telefono Hura, musika Hura, kotxe Hura, aberri Hura. Bestearen egarri garela Hura edaten dugu. Pixaren nazkaz, ur destilatua.

H2O  P2P.

Hura kontakizun bakarra da. Eta Zuak gura ditugu, bestearen bestak. Hurak Su.

Nork bestea

Kontakizun faktoria bat da norbere bizitza. Nork berea xuxurlatzen dio bere buruari iratzargailuak jotearekin batera, ohetik jaikitzeko zentzuren bat bildu nahiean edo. Nork berea lokartu aurreko instanteetan. Garai latz eta une zoriontsuetan. Nork berea.

Edonola, faktoriak ez du kontakizuna eraldatu baino egiten, norberari moldatu, zerbait sortzen duela badirudi ere. Kontakizunaren jabetza ez da norberarena, ezta autoretza ere. Aldamenekoaren kontakizuna sinisten dugu, balio badigu, eta geure egin, aldamenekoak ere aurrez beste norbaiti hartu ostean.

Norbera da bere kontakizun faktoriaren bezero bakarra eta ezagunetik kontsumitzen du, besteenetik. Ez da kontakizun hoberik edo okerragorik. Ez da konpetentziarik. Nork berea aukeratzen du, momentuan faktoriak martxan jarraitzeko balio badio. Nork bestea.