Egilearen artxiboa: Naroa Elortza

Lehenengo bi asteak

Lanpostuz aldatu dut ikasturte hasierarekin batera. Lanki utzi, eta ELA sindikatura egin dut jauzi. Aldaketa orok dakartzan beldur eta urduritasunei aurre egin, eta Bilbora joan-etorriak hasi nituen irailaren 14an.

A8ko bihurgunez betetako bi asteotan, bilera informal eta formalez bete zait agenda. Eta errealitate ezberdinez bete zait koadernoa.

Besteak beste, garbikuntza sektoreko bilera batean egoteko aukera izan dut. Lan-baldintza gogorrak eta bidegabeak sufritzen dituen sektorea da. Ikusezina. Eta emakumeena, nola ez. Ez da sektore bakarra, baina ikaragarri eragin didan errealitatea izan da. Ez nuen orain arte bere gordintasuna ezagutzen.

Langileen parte-hartzeari buruz hitz egin dut txoko honetan, eraldaketa sozialari buruz, alternatibei buruz… baina barneak ez dit halakorik egiten uzten gaurkoan. Ezin da langileen parte-hartzeaz hitz egin garbikuntza sektoreko errealitatetik (besteak beste). Balio kooperatiboak, formazio kooperatiboa, interkooperazioa… Zein urrun geratzen zaizkidan bat-batean hitzok. Eta ze gertu aldarrikapena, borroka, duintasuna eta… eskubideak. Irribarrez eta indarrez berreskuratu  beharreko eskubideak.

Bekatuak bekatu (#puntua n)

Honako artikulua 2016-07-03ko #Puntua aldizkarian argitaratutako artikulua da.

Wikipedia kontsultatuz hasi naiz artikulua idazten. “Sindikatu” hitza bilatu dut, aitzakia perfektua azken egunotan prekaritateak erail dituen langileak aipatzeko.

Euskarazko Wikipediaren arabera, sindikatuaren helburua da langileriaren interes sozial, ekonomiko eta profesionalak defendatu eta sustatzea. Gaztelaniazkoak dio bere lana erabakiak hartu aurretik langileak informatu eta kontzientziatzea ere badela.

Definizioak irakurri eta ahalduntzea datorkit burura, autogestioa, norbanakoaren eta komunitatearen ongizatea, pertsonaren duintasuna… eta kooperatiba.

Bai, kooperatiba eta sindikatua, biak lotu ditut. Baina mesedez, ez iezaiozue inori esan. Ondo dakizuen bezala, gure bailaran bekatua da kooperatibagintza eta sindikalgintza lotzea.

Ustez, eredu kontrajarriak. Baina funtsean, eskutik helduta behar luketenak.

Egia da kooperatibetan sindikatuek ez dutela lekurik, ez behintzat langile bazkideen ordezkari gisa (ez ditzagun ahaztu ebentual eta azpikontratatuak). Bateraezinak izanda ere, eraiki beharko genituzke zubiak kooperatibak eta sindikatuak aliatu bihurtzeko. Eredu sozioekonomiko alternatiboa eta erreala nahi dugunok, bi eragile indartsuok elkarlanean behar ditugu. Baita komunitatetik sortu eta eraldaketarako bokazioa duten beste eragileak ere.

Izan gaitezen gu ere Grezia, eta saia gaitezen eredu sozioekonomiko bidegabe eta krudel hau aldatzen. Utz ditzagun ezberdintasunak alde batera, eta has gaitezen eraikitzen.

Ilunak argituz

Ordu luzeak pasa ditugu Arrasate inguruko kooperatibak kritikatzen. Multinazional hutsak direla, kapitalistak, galdu dutela funtzio soziala, eraldaketa soziala beraien planetan sartu ere ez dela egiten, gabezia handiak daudela balio kooperatiboen inguruan… Ondo arrazoitutako kritikak izan dira batzuetan, arinkeriaz beste batzuetan. Erronka enpresarialez jositako hamarkadak izan dira. Gerra ondorengo Arrasate banatu eta gosetuan hasi, frankismotik pasa, eta globalizazio kapitalista latzean murgildu. Urte batzuetako perspektiba hartzea ezinbesteko izan zen esperientziaren argi-ilunak identifikatzeko, eta horien araberako neurriak hartzeko. Eta neurriotako bat da Lanki ikertegiak eskaintzen duen Kooperatibagintzan Aditu Titulua.

7 hilabeteren zehar kooperatibagintzari buruzko teoriak baino gehiago lantzen dira graduondokoan. Jasotzen dira hainbat adituren testigantzak, besteak beste langileen parte-hartzeari eta krisi sistemikoari buruzkoak. Baina entzule gisa interesgarrienak kooperatibetako testigantzak izan dira. Eraldaketa sozialaren bueltan bailarako zenbait kooperatibek dituzten egitasmo eta planek liluratu naute. Gustura entzun ditut langileen parte-hartzea bultzatzeko hartzen ari diren neurriak eta dauden egitasmo sendoak. Kontseilu soziala dinamizatzeko proiektuetatik eraldaketa sozialerako egitasmo zehatzetara, egungo egoera sozioekonomikoan kooperatibek duten rola aztertuz.

Zaila da hutsetik eraikitzea, baina hartutako norabideak aldatzea zailagoa delakoan nago. Inertziekin hautsi eta zer garen eta nora goazen kuestionatzea. Eraldaketa, parte-hartzea, formazioa, ahalduntzea… eta hori guztia milaka bazkide eta langileko kooperatibetan. Hazkunde eredu bati jarraituz eraikitakoa birplanteatu eta kooperatibetako funtsetara eramatea ez da erraza, aitortza eta autokritika, biak behar dira. Autokritikatik ondo egindakoa aitortu, eta argietatik ikasiz ilunak argitzea.

Parte-hartzea eta bideragarritasuna zalantzan

Arantza Tapiak esan berri du MONDRAGONen eredua birpentsatu behar dela, eta erabakiak batzar orokorretan hartzeak prozesua moteldu egiten duela. Horrez gain dio MONDRAGONek jo beharko lukeela kanpoko enpresetara ez direlako gai enpresak “reflotatzeko”. Ez naiz ni inor Fagorren hartu diren erabakiak zuzenak izan diren ala ez esateko, baina tesi gaiak ikutu eta ezjakintasunetik hitz egiten denean, blogeko sarrera bat idatzi behar. Hala ba. Bi puntuei erantzungo diet.

  1. Badira ikerketak eta badira teoriak diotenak langileen parte-hartzeak efizientzia eta motibazioa bultzatzeko balio dutela. Hori batetik. Bestetik, eta honako mezuan adierazi nuen bezala, eredu kooperatiboan erabakiak modu asanblearioan hartzeak hainbat abantaila ditu (printzipio sozialetik harago): inplikazioa, motibazioa eta erabakiak aurrera eramatean berehalakotasuna. Izan ere, oker ez banaiz, bestelako erakundeetan administrazio kontseiluek erabakiak hartu ondoren sindikatu eta langileen komiteekin negoziatu behar dituzte. Denbora galtzea izango da termino enpresarial hutsetan hau ere, ziur. Bestalde, kooperatibek aldarri duten gardentasuna benetakoa bada, langileek lukete erakundearen egoera finantzario eta aurreikuspenen berri, eta honek erabakiak hartzerakoan azkartasuna erantsiko lioke.
  2. 1970eko krisitik abiatuz, Arrasateko Kooperatiben Esperientziak garatu ditu tresna enpresarial eta finantzarioak zailtasunak dituzten kooperatibei laguntzeko, hainbat esparrutan. Batetik, Lan Kide Aurrezki Kutxaren sorrerarekin (egungo Laboral Kutxa). Tresna finantzario hau gakoa izan zen kooperatiben finantzazio arazoei aurre egiteko. Horrez gain, Enpresa Dibisioaren bidez aholkularitza enpresariala ere eskaintzen zitzaien zailtasunetan zeuden kooperatibei, berregituraketak eta negozioaren berrikuspen eta diseinuan lagunduz. Enpresa Dibisioa LKS bihurtu zen aurrerago, aholkularitza kooperatiba. Azkenik, nola ez, Lagun-Aro dugu. Enplegu Laguntza fondo eta prestazioekin bestelako erakundeetan hain ohiko diren kaleratze masiboak ekiditen laguntzen duena (hemen prestazioetako batzuk azaltzeko mezua).

Mezu hau ez da gai izango, ziur, Arantza Tapia eta beste hamaikaren iritzia aldatzeko. Ezta beraien hitzak pixka bat neurtzeko ere. Neure barneko ezinegona askatzeko eta gaia interesekoa izateaz gain kooperatibismoarengan sinesten dutenentzat, akaso, baliagarri.

Ebentualak kooperatibetan

Krisi garaian kooperatibetako bazkideekin zer gertatuko den, hori izan dut blogean mintzagai. Baina, nola ez, guztiok dakigu kooperatibetan ebentualak ere badirela. Beno, oparotasun garaian krisi garaian baino gehiago, jakina.

Soldatapekoen figura bera dudan jartzen dutenak asko dira. Zein puntura arte ari gara enplegu kooperatiboa bultzatzen, kooperatibetako langileriaren zati handi bat soldatapekoa denean? MONDRAGONen kasuan %85ekoa da gehienezko kopurua. Ez nuke esango asko denik, egia esan.

Ebentualak izateak malgutasuna eskaintzen die kooperatibei. Izan ere, oparotasun garaiek amaiera izan dezakete, eta automatikoki bazkideak egiteak zailtasun garaietan malgutasuna kentzen die kooperatibei. Hala ere, posible da aitzakia hori erabilita, lanpostua egonkorra izanda ere, bazkidetza ukatzea. Helburu kooperatiboak, kasu horretan, alde batera uzten dira. Muga non dagoen, nik ere ez dakit. Baina soldatapekoen erabilera sistematikoak bideratzen du kooperatiba alternatiba sozioekonomikoa ez izatea, jabedun gehiago izanda ere, eskubideak pribilegiatuenetara mugatzen baitira.

Ez diot, inork ez dezala hala pentsa, kooperatibek, orokorrean, hala egiten dutenik. Zalantza filosofikoak ditut soldatapekoen figuraren inguruan. Eta ez dakit filialak izateak hirugarren mailako langileak sortzen ez dituen ere. Enpresaren bideragarritasunaren eta printzipio kooperatiboekiko koherentziaren arteko borrokaren beste alderdietako bat.

Jabetzaren garrantzia

Pertsonak, norbanakoak, garrantzitsuak dira enpresa/erakunde batean, baita beren garapen pertsonala zein profesionala ere. Halaber, norbanakoen arteko harremana gakoa da, batez ere botere harremana nola gauzatzen den. Botere harremanetan, baina, bi maila bereiz nahi nituzke.

Alde batetik, lanpostuan norbanakoak daukan autonomia, egitura horizontala erabakiak hartzerako orduan. Hala, eguneroko jardunean langileak enpresaren jabe sentitzea lor daiteke, eta hala motibazioa handitu. Hainbat ikerketek diotenez, gainera, motibazioak langileak efizienteago izatea lortzen du. Beraz, utzidazue gaiztakeri pixka bat erabiltzen, baina enpresari kapitalistentzako (salbuespen pila bat salbuespen) autogestioa eta lanpostuko autonomia bereziki interesgarriak izango direlakoan nago, etekin ahalik eta handienak lortzeko.

Horregatik, bigarren botere harremanari eman nahi nioke garrantzia: jabetza parekidea. Hau da, erakundearen jabetza langile guztiengan egotea, erakunde ekonomikoki demokratikoa izatea. Autogestioa eta lanpostuko horizontaltasuna garrantzitsua den arren, jabetza guztien esku izateak bideratuko du erakunde bat benetan horizontala izatea. Bestelakoan, jabe bakar/bakar batzuk beren esku izango dute botere politikoa, eta deslokalizazio edo itxierak erabakitzeko eskumena, lanpostuan autonomia eta erabakitzeko eskubidea izan edo ez.

Badira kritikak esaten dutenak Arrasateko kooperatibak hierarkikoak direla, ez dutela lortu kooperatibek bilatzen duten horizontaltasuna, jabetza demokratikoa izatea bakarrik lortu dutela. Baliteke. Hala ere, egia da kooperatiben eskalek ez dutela errazten horizontaltasuna, gertutasuna, konfiantza. Ormaetxeari entzun bezala, hasierako urtetan lantokian denek ezagutzen zuten elkar, kudeatzaileak bertatik bertara ibiltzen ziren, gertukoak ziren. Gertutasun hori landu beharko litzateke akaso, horizontaltasunera bidean. Berdintasunean oinarritutako harremanak indartuz, baina berdintasun erreala, ez jabedunen interesera mugatzen dena.