Egilearen artxiboa: espaloia

Jaietan zabalik. Baita uztail osoan ere

Abuztuan hainbat lantxo egiteko izango da itxita Espaloia eta hortik aurrera, irailean, kudeatzaile berriekin zabalduko dira ateak. Hala ere, jai hauetan eta uztailean ere martxa hartzeko ahaleginetan jardungo dute zerbitzua ematen. Ohiko ordutegian ateak zabalik, baina gauean berandura arte ere.

10 urteak ospatzeko ekitaldia

Ekainaren 28an izango da. Afaria egingo dugu Espaloian eta gero galatxo bat izango da: musika, dantza, antzerkia, monologoak, ipuina, magia…

Gauza xumea eta herrikoia. kedada ekainaren 28an, 20:30ean hasita.

Afarirako txartelak Espaloian eros daitezke bazkide izan zein ez.

Bertso saioa: M. Lujanbio, I. Elortza, U. Iturriaga eta S.Lizaso

Punta-puntako bertso saioa izango dugu hurrengo ekitaldia Espaloia kafe antzokian. Elgetan eta inguruetan bertsozaletasun handia dago eta denak asetzeko moduko laukoteak jardungo du bertsotan. Eta laukote horri gaiak jartzen? ba debagoiendar bat, horrela deitu bageniezaioke Aramaioko Manex Agirreri. Bertsolari moduan da ezaguna, baina Elgetara gaiak jartzera etorriko da. Sarrerak erosteok aukera on line.

Kantagai izango dira notizia diran gaiak, Debagoienekoak, herrikoren bat ere bai… eta umorean, serio, jolasean, jokoan… denetik piska bat.

Ez galtzeko moduko saioa prestatu dugu maiatza amaitzeko. Zapatuz izango da eta saio honetan ilusio handia dugu jarrita Espaloiko lantaldean. Espaloiaren 10. urtea ospatzeko modu polita iruditu zaigu bertsolari lagunak ekartzea eta horixe da ikus-entzuleoi eskaini gura dizueguna.

  • Noiz: maiatzak 24, zapatua. 22:30ean.
  • Zer: bertso saioa Espaloian
  • Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Igor Elortza, eta Unai Iturriaga.
  • Gai jartzailea: Manex Agirre.
  • Sarrerak salgai aretoan bertan eta on-line: aurrez 8 euro, bertan 10 euro. (bazkideek 6)

 

Mursego eta Napoka iria Espaloian, domekan

NapokaMursegoElgetaMursego eta Napoka iria izango ditugu Espaloian. Domeka arratsalderako plan hoberik bai, edo? Sarrerak merke-merke daude eta dagoeneko salgai, kultura live-en, zein Espaloia antzokian bertan.

  • Eguna: martxoak 2, domeka.
  • Ordua: 19:00ak.
  • Lekua: Espaloia Kafe Antzokia
  • Sarrerak: 8 euro egunean bertan, 6 euro aurrez.

 

 

Mursego

Iban Zalduak idatzitako testua:

Behin batean Maddi, gure bederatzi urteko alaba, Mursegoren kontzertu batera eraman nuen. Han geratu zen. Eta, zortzi hilabete igaro diren arren, ez da oraindik itzuli.

Mikroipuin bat izan zitekeen goiko hori, Mursegoren musikak eragiten duen bahitura-sentsazioa islatzeko egokia, agian. Sinetsita bainago Mursegoren pop-ak harrapatzen duen horietakoa dela: Hiru diskoa, lehenengo kantatik hamaikagarreneraino, horren lekuko da. Eta pop-a diot, hitzaren zentzu zabal eta nobleenean: rocketik, abangoardiatik, klasikotik eta (geografia ezberdinetako) folketik edaten duen pop-a da Mursegorena; hau da, egungo musika herrikoia alegia, hemengoa, “hemen” leku guztiak direlako jada. Pop bat non hizkuntzak nahasten baitira, euskara atzerrikoa, gaztelania erbeste galaktiko batekoa eta portugesa edo suomiera (kasik) etxeko bihurtuz. Hiru entzuten bururatu zait, bestalde, euskal musikan inoiz benetako tropikalismorik existitu bada, orain eta hemen dela (“Euskadi Tropikal” haren haizeak iparraldetik etorri zirela iruditu zait niri beti…).

Badago beste kontu bat, azkenik, azpimarragarria, eta aurreko diskokoekin konpartitzen dutena Hiru honetako kanta gehienek: istorio bat dutela bere baitan, ipuin bat ia; filmezale batek, ordea, diskoko kanta askoren izaera zinematikoa nabarmenduko luke, ziurrenik. Pelikulak eta ipuinak gustatzen zaizkigunontzako opariak dira, edonola ere, Mursegoren diskoak. Eta hiru dauzkagu honezkero: biblioteka txiki bat.

Eta honek goiko mikroipuinaren amaierara nakar atzera. Honatx:

Promoaren testuari azkeneko puntua ipini, CD jogailua gelditu eta bertatik atera dut Mursegoren diskoa. Norbait atea jotzen ari dela ohartu naiz orduan, eta, niri «Aurrera!» esateko astirik eman gabe ere, hemezortzi edo hemeretzi urteko gazte bat sartu da gelan: «Aita! Aurkitu egin zaitut, azkenean! Non ibili zara denbora honetan guztian…?». Eta Maddik, gure alabak, gainera egin dit jauzi, ni besarkatzeko asmoz.

oh.: Informazio gehiago eta kantak hemen. (Mursego)

Napoka iria

Gorka Bereziartuak idatzitako testua:

Benetakoaren abantailak “Ez du ezer frogatu beharrik, horregatik
ateratzen da hain ondo”. Argazkilariaren estudioan tipo bizardun zimazu hura, kieto,
lasai, bare, ez irribarre urduri, ez imintzio arraro, ez pose. Bost axola aurrean
kameratzar hura edukitzea, fusilamendu pelotoi bat jarrita ere ez zuen kopeta
zimurtuko.
Bi, hiru, lau flashekin amaitu zen saioa, dena haize alde; goiz hartan ikasi nuen benetakoak
badituela zenbait abantaila estetiko. “Horrela bai gustura”, esan zuen argazkilariak.
Napoka Iria ere tipo hark zeukan jarrerarekin joan da estudiora nik uste, eta nabaritzen da.
Arnasten ikasteko berrizen beren buruari erretratua atera diote, irribarre urduririk,
imintzio arrarorik, poserik gabe.
Taldeak aurreko diskoko oinarri berdina dauka, beraiek dira dudarik gabe, argazkiak
ez du gezurrik esaten. Baina arropak edo orrazkera edo zerbait ez al dute aldatu? A, ez,
ahotsak dira, interbalo txikiagotan dabiltza melodiak; eta sakabanatuago dago lehen
kanten puntu jakinetan kontzentratzen zen tentsioa; moldaketak atmosferikoagoak dira
eta oro har, indie-folk soinurantz lerratu direla esango nuke. Gehiago adierazten dute
gutxiagorekin edo, azkenaurreko piezaren titulua probestuz, Erantziz jantzi dira.
Eta gero detaileak daude: Izotzetan erre ixten duen arramazka elektriko hori; bateriaren
erritmoa Disonantziak harago eta harago eramaten, basamortuko punteo bat lagun
duela; 1990eko hamarkadara zaramatzan Kontraren hasierako riffa; edo Erantziz
jantziko elkarrizketa, zarataren eta arpegio akustikoaren artean. Ñabardurak zainduz lan
egin dute, antzematen da. Kontzeptu aldetik ere eboluzioa dago, Etxeorratzeko asfalto-giro itotik diskoa ixten duen Distantziatikera, non Miren eta Ander “baso bihotzean ortozik” dabiltzan. Espaloitik belarretara iragan dira CDa gelditu denerako eta zu, entzuten, ez zara trantsizioaz konturatu ere egin. Ondo egin dutelako da. Benetakoaren abantailak.

oh.: Informazio gehiago eta kantak hemen. (Napoka iria)

POTOLOGUAK estreinaldia Elgetan: barrez lehertzeko obra

Elgetako Espaloian oso, oso zapore goxoa utzi zuten Bodologuak ikuskizunarekin. Irribarrea marrazten zaigu pentsatzeaz bat. Atomikoa da hirukote hau! Monologo zale bazara ez duzu aitzakiarik, pozik aterako zara aretotik eta barrez. Zer gehiago behar duzu ba?  Eta monologo zale ez bazara ere etorri, ez zara damutuko.

Potologuak

  • Eguna: otsailak 21
  • Ordua: 22:30ean
  • Sarrerak: Sarreran bertan 12, aurrez 10 euro (bazkideek 8, Espaloian bertan).
  • Sarreak on line hemen: kulturalive.com

Potologuak izena du publikoa barrez lehertzeko Txintxetak sortu duen antzezlan berriak.
Bodologoekin nahikoa ez eta oraingoan Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu, Potologuak botatzeko asmoarekin elkartu dira. Euskaraz eta hain ondo funtzionatzen duen bakarrizketa formatuan dator ikuskizun berria. Umorea ardatz hartuta, gure gizarte eta harremanen analisi bat egingo dute.

Legebiltzarreko zein bileratan erabaki zen batukada euskalduna dela? Hirugarren seme/alaba aurreko bien arropa birziklatzeko enkargatzen al da? Medikuarengana azpiko erropa garbiekin ez bazara joaten zer gertatzen da? Ze premio nobelek asmatu zuen komuneko eskobilla? Zenbait opari jasotzea baino, ez al da hobe zaplasteko ba jasotzea? Taberna guztiak ixteko zergatik jartzen da Benitoren Erribera? Gizajoak ze kulpa dauka? Galdera hauei eta beste askori erantzuna bilatzen saiatuko dira Potologuak ikuskizun berrian. Gauza bakarra dago ziur hirukote honekin. Egia? Ez. Barrea.

  • Iraupena: 70 MINUTU.
  • Aktoreak: MIKEL PAGADI, EGOITZ LASA eta NAGORE
  • ARANBURU.
  • Testuaren egileak: MIKEL PAGADI, EGOITZ LASA eta
  • NAGORE ARANBURU.
  • Zuzendaria: ANARTZ ZUAZUA.

Sarreak on line hemen: kulturalive.com

 

Balerdi Balerdi eta Bide Ertzean taldeak otsailaren 7an

BideErtzBalerdi

Bi taldeek ezagutzen dute Espaloiko taula gaina eta baita taula ostekoa ere. Oraingoan poparen gorenean dauden bi taldeok batera ikusteko aukera izango dugu. Nafarrak batzuk; Gipuzkoarrak besteak.

Bide Ertzean taldeak “77″ diskoa aurkeztuko du, eta zenbait kanta egingo dituzte hango eta hemengoak. Balerdi Balerdik berdin eta kanta gehienetan PETTI ere izango du laguntzen gitarra eta ahotsekin.

Kontzertu honetan sorpresaren bat ere egongo dela aurreratu digute. Bertsioren bat batera jotzeko asmoa… Galdu egin behar ote duzu kontzertu hau?

Eguna: Otsailak 7
Ordua: 22:30ean.
Lekua: Espaloia Kafe Antzokia.
Sarrerak bertan, edo baita Internet bidez.

Hamar urte beteko ditugu ekainean eta bagoaz kudeaketa taldekoak

Goienan egin digute erreportaje txiki bat eta egokia iruditu zaigu webgunera ekartzea (Goienaren cc-by-sa lizentziari esker da posible).

EspaloiaLanTaldea

Bilboko kafe antzokira joan zale ziren orain 15 urte. Bilbon zen posible horrelako bat… Eta gero Ondarroan zabaldu behar zutela… “Zabaldu zuten egunean bertan joan ginen Ondarroakora Patxi Basauri, Oxel Erostarbe eta hirurok”, gogoratzen du Goibeko euskara elkarteko presidente Iban Arantzabalek. Bada, Elgetarako proiektua idatzi, Udalean aurkeztu eta laster hamar urte beteko dira Goibeko euskara elkartekoek Espaloiaren kudeaketan dihardutela. Urtemuga garrantzitsua izango da; ospatuko duten bakarra. Baina horrekin batera, eta urtarrileko batzar orokorrean bazkideei jakinarazi moduan, erretiroa hartzea erabaki du talde kudeatzaileak.

Balorazio positiboa

Egindakoaz balorazio positiboa egin dute Goibekoko talde eragiletik. Diote kafe antzokiak mugimendua ekarri duela, eta proiektu autokudeatua eta independentea izan dela. “Laguntzak jaso ditugu —Eusko Jaurlaritzako Zuzen Zuzenean ekimenetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturatik, Udaletik…—, baina gure politika markatu dugu. Astero batzen gara eta daukagunaren arabera egin dugu programazioa. Gura duguna antolatu dugu, eta herriko hainbatek parte hartu dute horretan: David Peñalver, Patxi Montero, Lorea Larrañaga…”.

Buruhausteak ere egon direla onartzen dute, baina moldatu direla diote: “Emandako pozek estaltzeko modukoak izan dira denak”.

Erresistentziak

“Kultura izan da gure jarduna eta euskara gure ardatza”, diote Goibekotik. Horrekin lotuta, eta euskaraz gehiago programa zitekeela iritzita bada herrian kritiko agertzen denik. Hasierako urteetan ere egon ziren proiektuarekiko erresistentziak herrian bertan. “Kartelen bat ere badut gogoan proiektua zalantzan jartzen”, dio Arantzabalek. “Gaur egun ez dago horrelakorik. Itsuren bat-edo, baina gutxiengoa”.

Panorama berria

Elgetako Udalak lehiaketa publikoa deituko du laster kafe antzokiaren esleipen berria egiteko, eta badirudi ekainetik aurrera beste Espaloi bat ikusiko dugula. “Beti dago ondo haize freskoa eta etorri behar du jende berriak”, dio Arantzabalek. “Ekintzara pasatzeko garaia da, inplikatzekoa. Espaloia ikasleku eta gozaleku izan da, eta horrela izatea espero dut ekainetik aurrera ere”.

Goibeko elkartean ere aro berria zabaltzen da: “Hamar urtean antzokira begira jarri ditugu indar guztiak, eta birbideratu beharko dugu auzolanean lan egiten duten horien jarduna. Egungo lantaldea ez da geldi egotekoa eta topatuko ditu bideak norbere zilborretik haratagoko lanak egiteko. Zer? Batek jakin!”.

Herrixa Danzan zuzenean Alvaro Garcíarekin

HerrixaDantzanAlvaroEguna: urtarrilak 12
Ordua: 19.00-20.30
Lekua: Espaloia
Aiko taldeko kitarra jole Álvaro Garcíak “Soken dantza” CD berriaren aurkezpen / dantzaldia eskainiko digu: baltsa, tangoa, habanera, foxa, polka, jota eta porrusaldak, jauziak…
Dantzarako… eta besterik gabe entzuteko ere emanaldi gustagarria izango da, kitarra jole aparta eta goxoa baita Álvaro.
Sarrera doan eta parte hartzea libre, baina ohi bezala txapela pasako dugu.
Laguntzailea: Elgetako Udala