Kontzientzia piztearekin bat itzaltzen zaio bati izatearen zentzua. Berdin milioi-urtetan eboluzionatzen duen espezieari, urteetan hazten den haurrari edo hilabetetan besterik gabe biltzen den lagun taldeari. Badirudi bere hiztegi unibertsalean ‘nor’ aditzak baino maneiatzen ez dituen trikua izatetik, unibertsoaren ‘nork’-ak konjugatzen dituen tximino kosmikoa izaterako trantzean, nork bere burua jokatzeko ahalmena galtzen duela.
Esanguraren aditz galduen bila, erosiko ditugu irakurri ditzakegunak baino liburu gehiago. Deroszazu iragarriko dute eta egingo gara teknologia berrien jabe gure burua publizitatutako kontakizun zaharren bertsioetan kokatzeko. Jantziko ditugu begi bionikoak kokotean, txertatuko ordenagailuak barrabil zein obariotan eta izango gara grafenozko hiriak eraikitzeko gai sustengatutako orgasmo eternaletako txortaldien bidez.
Baina, guk gu, ez gaitugu. Nik ni, ezin naut. Eta, hala ere, bagara.