Zer dela eta antolatu duzue jaialdi hau?
Jart (Skate) etxekoek Skate Parkearen inaugurazioa egin nahi zuten. Arazoak sortu ziren eta udalak atzera egin zuen. Urtebete pasa zen eta patinatzeko parkeak inauguratu gabe jarraitzen zuen. Zerbait egin behar genuela pentsatu genuen eta abian jarri ginen!
Zer gertatu zen, zer-nolako arazoak sortu ziren?
Duela 5-6 urte, gutxi gorabehera, patinatzeko leku gabe utzi gintuen udalak, “U”-a deitzen genion pista bota zutelako. Handik urte batzuetara, beste bat eraiki zuten, baina aukeratutako lekua ez zen egokia, etxeen ondoan zegoen, eta, jakina, molestatu egiten genuen. Udalak esaten zigun gaueko 12ak arte bakarrik ibil gintezkeela patinatzen. Imajina ezazu, uda betean, egun luzeak, argitsuak, tenperatura ezin hobea, gu patinatzeko irrikan… eta ezin genuela patinatu!
Udaltzainak etortzen ziren gu handik kanporatzeko, itzali egiten zizkiguten argiak, eta logikoa denez, bada, guk protestatu egiten genuen, oihu egiten genien… Zalaparta hartan alkatea etortzen zen konponbidea aurkitu nahian. Azkenean, patinatzeko parkea, skate parkea, beste leku batean egin zuten.
Oraingo espazioa handiagoa da, hobeto hornituta dago, eta, horrez gainera, ez dugu inor molestatzen. Guk patinatzea besterik ez dugu nahi! Skateak zarata egiten du, horregatik oraingo lekua egokia iruditzen zaigu. Gainera, bestelako ekintzak ere antola ditzakegu: kontzertuak, patinatzaileen bilgunea…
Zeintzuk zarete hau antolatu duzuenok?
17-26 urte bitarteko gazteak gara. Ideia Pablori (21 urte) bururatu zitzaion, eta lehendabiziko urratsak ere berak eman zituen. Asko dira lagundu digutenak eta pertsona horien laguntasun eta babesari esker lortu dugu egitea lehenengo Bikingo Skate Jaialdia.
Udalarekin hitz egin genuenean baimena lortzeko, kirol zinegotziari ideia gustatu zitzaion, eta aukera egokia izan zitekeela udala adiskidetzeko Hondarribiako patinatzaileekin, skaterrekin.
Oso pozik gaude, parte-hartzaile asko izan dira, guztira 30, gainera bertako patinatzaileez gain, jakina, beste herrialde edo herri batzuetakoak ere etorri dira: Bilbo, Gasteiz, Burgos, Iruña, Iparralde…, eta ikuslerik, bada, argazkietan ikusten den bezala, ez da falta izan, baina ez dakit esaten zenbat.
Zer eskatzen diozue udalari?
Hurrengo jaialdiari begira ehun metalikoa kentzea eskatzen diogu, Skate Parkea inguratzen duen sare metaliko hori kentzea, kaiola baten sartuta gaudela ematen du! Horrekin lortuko genuke ikusleak ere ikuskizunaren parte izatea, barruan sentitzea, Skate Parkearen barruan sentitzea.
Udan beste jaialdi bat antolatzeko baimena eskatzen diogu, zeren horrela ez genuke halako hotzik pasako, tenperatura goxoagoa izango litzateke eta egun-argitan patinatzeko ordu gehiago. Atzo, arratsaldeko 6etan 0 grado egiten zuen. Azken taldeak gaueko 9etan amaitu zuen patinatzen. Atera kontuak! Han egotea ez zen inorentzako atsegina, sekulako hotza zegoen!
Beste eskari bat da musika-taldeei gaueko 10etatik aurrera ere jotzen uztea. Laburbilduz, laguntza gehiago eskatzen diogu udalari, hurrengo jaialdirako eguna jartzea, udaberrian, udan… berotasun gehiago egiten duenean! Baina gure eskaria, nagusiki, KEN DITZALA BURDINESIAK!
Ez duzue dirulaguntzarik eskatzen…
Dirurik ez dugu jaso, eta gainera, ez dugu hori bilatzen. Laguntza logistikoa eta espazio gehiago eskatzen dugu. Oraingo honetan udalak baimena emateaz gain, soinu-ekipoa laga digu, baita generadorea eta 2 karpa txiki ere.
Eskerrak eman nahi dizkiogu jasotako laguntzagatik, baita gure babesleei ere: Jart eta Loreak Mendian, eurek eman dizkigute-eta banandu ditugun sariak.
Aurrera begira, zer?
Nahiko genuke hurrengo jaialdietan aukera izatea aldi bereko ekintza gehiago antolatzeko: batzuek patinatzen duten bitartean, beste batzuek graffiti lehiaketan parte hartzea, kontzertuak egitea han bertan… eta hori guztia egiteko espazio gehiago badugu, bada, hainbat hobeto. Guretzat garrantzitsua giroa da, jaialdia izatea, jendea elkartu dadila patinatzeko.