Car-Ma

Car_Ma_2865

Alde Zaharrean urte eta erdi daramat. Neguan, asteburuetan egiten dut lan gehiago, jende gazte asko etortzen da, bai portuarrak bai bertakoak.
Zer falta den hemen? Bada… denetik! Ez dago farmaziarik, ez dago kutxazainik, ez dago dendarik… Politikoek bizitza, giroa, portura bideratu dute. Nire ustetan, euren nahia da giroa portuan izatea, eta Alde Zaharra, Kasko Historikoa, lo egiteko uztea.
Gauza asko egin daiteke hemen, buruari eraginez gero. Ordizian, asteazkenero, azoka egiten dute. Antzeko zerbait antolatuko balitz hemen, hilean behin, esate baterako, bizitasuna emango lioke auzoari, jendeak hona etortzeko ohitura hartuko luke, bisitariak ekarriko lituzke. Arropak eta elikagaiak saltzeko azoka, aukera ona litzateke.

Kultur ekintza gehiago eskatuko nuke, kaleko ikuskizun gehiago, udalaren, ostalari eta merkatarien artean antolatuta. Hemen, nire lokalean, ostegunero jazz emanaldia dugu, gaueko 10etatik 12etara.

Bezeroak
Gazte bat. Auzoan bizi naiz. Zinema-aretoa eskatuko nuke; herrian ez dago bat bera ere, eta lehen bazegoen. Elkartea edo lekuren bat –deitu nahi duzun bezala– eskatuko nuke, gazteok afariak-edo egiteko, eta udalarena izan dadila, ze guk gazteok, ezin dugu elkarte bateko bazkide izan, sekulako dirutza ordaindu behar izaten baita.

 Car-Ma_3012 copia


Beste bezero bat
. Ni portuarra naiz, baina Alde Zaharrera etortzen naiz, hemen oso gustura egoten baita. Neguan, herri honetan, non dago giroa? Alde Zaharrean! ez dago beste inon. Portuan, taberna gehienak gaueko hamaiketarako itxita daude, pare bat izan ezik.
Zer behar duen auzoak? Hemen ikusten dudan deskalabrua da eraiki gabe zegoen txoko bakoitza etxez bete dutela. Ez da oruberik geratzen.
Beste bat. Urte osoan dugu OTA Alde Zaharrean. Non ikusi da hau? Portuan uda garaian dute, orain ez. Lotsagarria da.

 Jazza_3348 

JAZZA: VOS Trioa

Ostegunero jotzen dugu hemen, CAR-Man, gaueko 10etan hasita. Musikari garen aldetik, jotzeko aukera hau izatea izugarria da; aukera ematen digu, ostegunero, errepertorioa berritzeko. Jeneralean izaten dira jazz gai estandarrak. Herri askotan jotzen diren gaiak dira: New York, Mexiko, Paris… Gure berezitasuna da rockaren gaiak hartu, eta gero jazz eran jotzen ditugula, Police, U2, AC/DC, Metalika… talde horien antzera.

Hiru gara musika taldean:
Pianoa: Joseba Loinaz, hondarribitarra.
Baxua: Jose Quintas, tolosarra.
Bateria: Pako Diaz, donostiarra.

Alde Zaharra bizirik!

Kote Gebara Liburuzaina

Kote Gebara_3514


Kote Gebara. Liburuzaina

Udal liburutegian 15 urte daramat lanean. Ni Mendelu auzokoa naiz. Azken hogei urteetako eboluzioa ikusita, hiltzen ari da, komertziorik ez, taberna gutxi…
Eraikuntza berrietan ez da egiten lokalik, denak dira etxebizitzak. Horrek garbi adierazten du zer bihurtzen ari den hau: lotarako hiria.

Pentsatzen jarrita, neure buruari galdetzen diot, zer dago Alde Zaharrean? Udaletxea, udalaren bulegoak, liburutegia, musika-eskola eta hotel batzuk, turistak erakartzeko.
Uda osoan, San Ferminetan hasi eta hemengo jaiak pasa arte, turista asko dabil. Orain harresia berritzen ari dira; hori ekarpen ona da.
Baina arazoa larria da. Orube guztiak etxez bete dituzte, eta plangintzarik gabe, nire ustez. Agian, laga zitezkeen baten batzuk libre, auzoaren beharretarako, gerora begira…, baina ez, den-dena bete dute. Ez dago urbanismorik, dena da etxeak, etxeak eta etxeak egitea! Alde Zaharrean etxeen artean baratze txikiak zeuden; ez da geratzen ezer. Berde gune guztiak desagerrarazi dituzte.

 Liburutegia_3524

Musika-eskola txiki geratu da. Kasino Zaharrean barrakoiak jarri zituzten duela bi urte eta klaseak hor eman izan dira. Batek daki zer egingo duten horren lekuan, tokia polita da, aurreko aldean berdegunea du, zuhaitz batzuk…
Politikoek sentsibilitate falta handia dute kulturarekiko. Egitura aldetik ez dugu ezer, ez auditoriorik –Zarautzen egingo dute, prentsan irakurri nuen larunbatean, eta biztanleen kopurua antzekoa da hangoa eta hemengoa–, ez espaziorik ikastaroak egiteko: argazkigintza, zeramika, sukaldaritza… edozein ikastaro, berdin zait. Irunen badaude halako gauzak. Andoain, askoz txikiagoa izanda, badu auditorio bat, ez da handia izango, baina… bada zerbait.

Eta Errenderian ere badira halako gauzak, bertara joaten naiz ni ikastaroak egitera.

Ez dago akademia triste bat pintatzen ikasteko, udal akademia, udal eskola esan nahi dut. Hori bai, asko hitz egiten da “Bidasoa aldeko pintoreak”, “Bidasoako eskola”…, baina horrek ez du jarraipenik, norberak bilatu behar du irakaslea, akademia partikularrak…
Alde Zaharra maila guztietan dago abandonatua: zaborra, tuberiak… Politikoentzat ez da erkargarria, inbertsio gutxi egiten dute, gehiago Portu auzoan.

Liburutegia_3533

Alde Zaharra bizirik!

Alde Zaharra bizirik! Etxeberria kafetegia

Etxeberria taberna_2977 copia


Etxeberria

Bost urte daramagu hemen. Lehen, General Leiba kalean bizi nintzen eta beti ibili izan naiz Alde Zaharrean. Ikusten nuen zerbait behar zela eta taberna jartzea erabaki nuen. Bertako jendearekin egiten dugu lan, turismoa ez dago hemen, turismoa Marinan dago. Hona etortzen dira pare bat argazki egitera eta… kitto.
Apezpiku plazan terraza jarri genuen, udan; kexak egon ziren. Auzoko batzuek nahiago lukete auzoa dagoen moduan geratzea.
Oinarri-oinarrizko gauzak falta dira hemen: botika, kutxazaina, janari dendak… Sokoa auzoan, aldiz, denetik dago.
Askok parkina eskatzen du Alde Zaharrean, etxetik ahalik eta gertuen aparkatzeko;  hori ere ohitura kontua izaten da, ohitu beharra dago ondo-ondoan ezingo dugula aparkatu, Kasko Historikoan bizi gara-eta, eta beste herri askotan gertatzen den bezala aparkatzearena zaindu egin behar da.
 
Jende askok ez du Alde Zaharra ezagutzen. Gure aitak ezagutu zuen Apezpiku plaza taberna hau zabaldu nuenean. Hornitzaileek ere uste izaten dute Hondarribiko Alde Zaharra Portua dela; hori niri gertatu zait: hornitzaileak Portuan buelta-bueltaka ibiltzea tabernaren bila, uste zutelako Alde  Zaharrean zeudela.

 Etxeberria taberna_2985 copia
 

Herri honetara autoz etorriz gero, sarbidea antolatuta dagoen moduan, zuzen-zuzenean eramaten zaitu Portura.
Gauza asko egin litezke jendea hemendik ibil dadin, ez bakarrik harresia konpondu. Zergatik ez dute egiten haurrentzako parkea Kasino Zaharrean? Lekua oso aproposa da, lasaia, polita, ez dago autorik, ez dago arriskurik. Haurrentzako ezin hobea.

Udalak antolatzen dituen ekintza ofizialak, non egiten dira?
-Liburu azoka (Portuan)
-Elikagai ekologikoen azoka: Madalena kalean (Portuan)
-Kantuak: San Pedro kalean, hilean behin (Portuan)
-Atunaren eguna (Portuan)
-Txirrindulariak (Portuan)
-Krossa ( Donibane Lohitzunen hasi eta Portuan bukatu, San Pedro kalean)
-Inauteriak. Ez dira Alde Zaharretik pasatzen.

Zer egiten da hemen, Alde Zaharrean?
-Erdi Aroko azoka
-Eliz musikaren kontzertuak, parrokian
-Herri giroa, artisauen azoka. Arma plazan (abuztuan)
-Brokantea: hilaren lehendabiziko igandean, Jostaldi kiroldegian. Orain obratan ari direnez, Alamedara ekarri dute. Udan ere hor egiten da, eguraldi onarekin egokiagoa delako.
Ematen du Alde Zaharra inguratzen duen harresiak aislatu egiten gaituela, aislatu kalterako, jakina.

BEZEROAK
Entzuten ari naiz zuen elkarrizketa eta ni ere iritzi berekoa naiz, kasu gutxi egiten dio udalak alde honi. Turismoa beti dago behean, badirudi hau ez dela existitzen. Farmazia bat eskatuko nuke nik, eta haurrentzako parkea. Oporretan Pontevedran ibilia naiz; harritu egin ninduen hango Alde Zaharrak duen bizitza eta xarma. A ze giroa! Dena dendaz beteta, era guztietako dendak, gainera.
Nik badauzkat proposamen batzuk eta aipatuko dizkizut:
Azoka bat egin beharko litzateke hemengo produktuekin: barazkiak, frutak, gaztak, sagardoa…, beste herri batzuetan egiten den bezala. Hasieran, proba gisa, ikusteko nola erantzuten duen jendeak, hilean behin, larunbatero, esate baterako.
Nik entzuna dut txakolina egiteko erabil den mahatsak “Hondarribi zuri” duela izena. Eta nik hau galdetu egiten dut, ez bainago jantzia horretaz: hemengoa da mahats mota hori? Hala bada, zergatik ez da ezagutzera ematen? Alde horretatik udalak gauza asko egin zezakeen. Begira Astigarragan zer-nolako etekina ateratzen dioten sagardoari!
G.: Jatorria hemen du, horregatik du izen hori –Hondarribi zuri, eta Hondarribi beltz ere bai–, hemendik eraman zuten Getarira.

Beste bezero batek:
Garbi dago zer promozionatu nahi duten! Wolswagen Golf autoaren iragarkia Portuan filmatu zuten. Eta zer agertu zen, zein taberna ikusi zen autoak errebuelta hartzean? Ez dut izenik aipatuko, baina denok ulertu dugu, ezta? Kasualitate hutsa?

 Etxeberria taberna_2980 copia

Alde Zaharra bizirik! XIRIKA harategia

Xirika_harategia_3269
 

“Xirika” harategia. Felix

Ama hemengoa dut, aita irundarra. Alde Zaharreko bizitza ona da, lasaia, toki aproposa bizitzeko; baina komertzioa, aldiz, gaizki, oso gaizki. Laguntza gutxi dago udalaren aldetik, eta honekin esan nahi dut komertzio berria zabaldu nahi duenak laguntza gutxi duela, zergak eta halakoak.
Hemen 7 urte daramatzat (lanbide honetan 25 urte), eta ikusten ari naizena da komertzio guztia Portura ari direla eramaten.

Bezeroa
Harrigarriena da hemen jende asko bizi dela, etxe berri asko egin dute, jende gazte asko, umeak… eta ez dago ezer!

Xirika_harategia_3267

Alde Zaharra bizirik! Sebastian jatetxea

Sebastian jatetxea_0008

Sebastian jatetxea. Miguel Soto

Hemezortzi urte daramatzat jatetxe honetan lanean. Udalari kritika hau egiten diot: bere utzikeria hainbestarainokoa izan da, non Alde Zaharreko komertzioa desagertzeraino iritsi baita, izan ere kontrako bidea hartu du: lehen dendak zeuden lokaletan etxebizitzak egiteko baimena ematen du, eta, behin etxebizitzak eginda, ez dago atzera bueltarik, zaila izango da, ia ezinezkoa, berpiztea, ugaritzea komertzioa.

 Sebastian jatetxea_3002

Egundoko kaltea egiten digu. Lokal bat etxebizitza baten prezioan saltzen badute, ez dago hori ordain lezakeen artisaurik. ETBn ikusi dut Foru Aldundiaren iragarki bat: “Dendak non, bizitza han”. Donostia agertzen da eta haur batzuk jolasten bixiketan, sukaldeketan. Ez al da hori izugarrizko kontraesana? Dirulaguntzak zuzendu beharko lituzkete ez itzultzeko, denda berriak sortzeko. Jendeak, bisitariek harresia ikustea baino zerbait gehiago nahi dute. 


Lokalak zabalik nahi ditugu denok!

Alde Zaharra bizirik! Gerain

Bar Carmentxu_2918

Ekainean 13 urte beteko dira hemen, Kale Nagusian denda jarri genuela. Lehen, asteburuetan bizitza zegoen; orain, aldiz, ez dabil inor, eta horrekin ez dut esan nahi ez dela inor bizi. Jendea ikusten da hiletak daudenean, parrokia bertan dagoelako, edo ezkontzak egiten direnean, epaitegian edo elizan.
Denda zabaldu genuenean, hemen hiru harategi zeuden, orain bakarra geratzen da; bi arropa denda, gozodenda bat, hor parean, egunkariak eta litxarreriak saltzeko beste denda bat. Jenderik ez da etortzen…dendarik ez dagoelako, non erosi ez dagoelako!

Alde Zaharreko merkatari guztien antzera, gu ere ez gaude pozik. Ulertuko duzunez, bizimodua aurrera atera behar dugu: alokairua ordaindu, etxebizitzaren mailegua ordaindu, semea aurrera atera… Tokia polita da, zoragarria, nahi duzun guztia, baina… honek ez du ematen! Ez da inor etortzen. Horrexegatik beste leku batera joango gara, gauzak hobeto joango diren esperantzarekin.

Gerain_2919

Alde Zaharra bizirik! BARATZE

Baratze_2837 copia

Maiatzean bi urte beteko dira denda zabaldu genuela. Guk edozer erosteko Alamedara edo Portura joan behar izaten genuen. Hori ikusita,  arrieskatzea erabaki genuen eta denda hau jarri.
Zamalana da arazo handia Alde Zaharrean, kaleak estuak direnez, ez dago non aparkatu. Banatzaileak etortzen dira, autoa gelditzen dute… eta berehala dituzte gainean udaltzainak garrasika eta alde egiteko esaten. Ezin dute deskargatu lekurik ez dutelako, baina hoteletako bezeroek, aldiz, badute aparkatzerik. Niri zortzi isun jarri dizkidate.

Beste arazo bat udaltzainak eurak dira: oso lotsagabeak eta desatseginak izateaz gain, euren ezagunekin beste era batera jokatzen dute. Oihuka etortzen dira eta modu txarrean, gainera. Euren lana Alde Zaharrean dauden ataskoei konponbidea ematea izan beharko litzateke. Ikastaro trinkoa egin beharko lukete ikasteko nola tratatu jendea adeitasunez eta edukazioz.

Argazkiak egiten ari nintzela jendea sartu da erostera, bertakoak eta bisitariak. Zer irizten dioten Alde Zaharrari galdetuta, hauxe erantzun dute: Alde Zaharrekoek kutxazaina eta aparkalekuak. Alamedan badago bat, baina KUTXArena da, ez dago besterik, beraz, Marinaraino joan behar.
Bisitariek, Kataluina eta Bilkokoak, oso polita, izugarri ederra dela, baina giroa falta dela, bizitza falta dela esan dute. Biasteri ezagutzen dute eta hango Alde Zaharra bizi-bizirik dagoela, jendea, dendak… Hemengoa, aldiz, hila.

Lehen ere janari denda izandakoa: Balentinarena, aspaldi-aspaldi baten; ondoren Junkalena; gaur egun BARATZE. Espero dut denbora luzez irautea.

Baratze_2843 copia

Alde Zaharra bizirik!

Hondarribiko Alde Zaharrean jaio nintzen, Obispo plazan. Plaza horretan ikasi nuen bizikletan, “Orbea” urdina, lagun batena zen. Plaza horretan jolasten genuen kaniketan, soka-saltoan, kromotan, tortoloxetan, txingotan… Umetan, mojak pasatzen zirenean, jolasak lagata “Ave Maria Purisima” esaten genien, eta zintzilik zeramaten gurutzean muin egin –mojen ikastetxea dago bertan–. Plaza horretan izan ziren nire adoleszentzia garaiko lehen amodioak.

Kale Nagusian eta Arma plazan egiten genituen erosketa guztiak, denetik baitzegoen: botika bat, arraindegiak, harategiak, tabernak, drogeriak, mertzeriak, bi estanko, janari-dendak, gozodenda, zapata-konpontzailea, ileapaindegia, Souvenir denda –“On parle français” jartzen zuen dendako atean zintzilikatutako karteltxo baten–, postetxea ere bazegoen Arma Plazan –Correos y Telegrafos–, ez zegoen Marinara zertan joan.

Orain, ostera, zer gelditzen da guzti horretatik? Elizaren parean dagoen kaleak “Denda kalea du izena, eta beti izan du izen hori –Calle de las Tiendas–, baina denda gutxi aurkituko dugu bertan, bat bera ere ez. Taberna bat dago, eta, kalearen beste muturrean, ileapaindegia eta, ondoan, inmobiliaria bat. Zer bihurtu dira edo bihurtu dituzte hutsik geratu diren lokalak? Zer aurkituko dugu orain?

Kale Nagusiko lokal asko udalak berak hartu ditu bulegoak jartzeko, udalaren bulegoak: Bake Epaitegia; oposiziokoak biltzeko lokala: Branka, PSOE, Ezker Batua…; Gizarte Laguntzailea…. Horrez gainera, jatetxe batzuk, taberna batzuk, arropadenda bat, altzaridenda, umetako ileapaindegiak leku berean jarraitzen du, baita okindegiak ere, erakusketa-aretoak… eta azken urte bietan gertatzen ari den fenomenoa udalaren erabakiei esker: etxebizitzak. Lokal batek 40m kuadro edukiz gero, berehala lortuko du baimena etxebizitza egiteko. Komertziorik gabe ez dago girorik, ez dago bizitzarik. Burura datozkit Biasteriko alde zaharra, Donibane Lohitzungo rue Gambetta, Bilboko Zazpi kaleak, Zarautz, Bretainiako Saint Michel, Brujas, Carcassonne, Saint Malo…
Burura datorkit ere Radio Euskadin entzundako iragarkia, Foru Aldundiarena: “Donde hay comercio, hay vida”, “Dendak non, bizitza han”. Iragarki hori entzutean, haserrea sentitu nuen, izan ere, gauza bat da hedabideetan jartzen dituzten esloganak –denon diruarekin, gainera– eta gero egiten dutena, guztiz bestelakoa, bederen herri honetan.

Kamara hartu eta lokal, taberna, ostatu eta jatetxe guztiei argazkiak egitea erabaki nuen, eta guztiei galdetzea –ostalari, dendari, bisitari zein auzotarrei– ea nola ikusten zuten Alde Zaharra, zer behar zuen, zer falta zuen.

Askok udalarentzat ari ote nintzen galdetzen zidaten. Azaldu egiten nien zergatik ari nintzen, zertarako zen eta non argitaratuko nuen.
Garbi hitz egin dute, eta barren-barrenean zer sentitzen duten adierazi. Iritzi oso aberatsak jaso ditut, kritika gogorrak ere bai udalaren gestioaren aurrean, eta proposamen interesgarriak ere ez dira falta izan.
Behin iritziak jasota eta garbira pasatuta, idatzitakoa erakutsi egin diet adierazpen horiek egin dituztenei; zer edo zer aldatu behar banuen,  aldatu, eta… aurrera!

Apezpiku plaza_0030 copia

Canela

Cannella
La cannella è una spezia assai diffusa in occidente quanto in oriente. Vengono chiamate ugualmente cannella piante diverse. Le due più frequentemente usate come spezie sono la Cinnamomum zeylanicum, e la Cinnamomum aromaticum Nees.

Cinnamomum_verum

La cannella vanta una storia millenaria: era già citata nella Bibbia, nel libro dell’Esodo, era usata dagli antichi Egizi per le imbalsamazioni e citata anche nel mondo greco e latino. Importata in occidente con le carovane durante il medioevo, portò gli Olandesi a impiantare un traffico stabile con lo Sri Lanka nella prima metà del 1600, per divenirne i principali importatori d’Europa.

 Κανέλα: (η) ουσιαστικό. Υποκοριστικό του λατινικού canna (= καλάμι). Αρωματική ουσία που παίρνεται από τη φλούδα του δέντρου κιννάμωμον το κεϋλανικόν: φρ. Μόσκος και κανέλα.
Kanela: (f) izena. Latinezko canna (kainabera) izenaren txikigarria. Zeilango Kinamomon arbolaren azaletik ateratzen den sustantzia usaintsua. Esamoldea: “Moskos kai kanela” Haurrek haizea botatzen dutenean esaten da (intxaur muskatu eta kanela, alegia, usain goxoa duten sustantziak).

La Cannelle
XII. s.; de cannê: tuyau ou latin medieval: cannella.
Ecorce de cannelier, dépouillé de son épiderme (elle prend la forme de petits tuyaux). Substance aromatique tirée de cette écorce et utilisée dans l’alimentation. Par extensión: Couleur cannelle, brun clair.
“Cannelle est morte”: Pirinioetako azken artza. Horrela deitzen zen bere koloreagatik.

Cinamon
Spice from the inner bark o fan East Indian tree, used in cooking; its colour, yellouviah broum.
(Substance aromatique tirée de l’ écorce intérieure d’un arbre originaire de l’ Est de l’ Inde, utilisée en cuisine).

Canela
Canela: (f.). Casca aromática da caneleira; serve para condimento; fig. fam. Coisa muito fina, excelente.

Baina nire Canelak ez du zerikusirik espezia horrekin, gauza baten izan ezik: coisa muito fina, excelente, portugesak definitzen duen legez.

 Canela_2893 copia

Canela

-Izen hau, zer dela eta?
Erakargarri egiten zait aditzera ematen duenagatik: usain gozoa, kolorea, hitzaren beraren musika…, besterik gabe.

-Eta denda jartzea, nondik nora otu zitzaizun?
Hara. Hau ez da nire lehenengo denda, gauza asko egin dut, bide luzea egin dut hau zabaldu baino lehen. Azalduko dizut. Duela 30 urte, lagun batekin batera, Errenderian espazio balioanitza abian jarri nahi izan genuen biok, bertan hainbat jarduera egiteko, hala-nola liburudenda, kafea hartzeko lekua, ipuinak kontatzeko txokoa, argazki eta pintura erakusketa, liburuak aurkezteko gunea…, eta aldi berean gure bizibidea izan zedila.
Baina… ez zen aurrera atera nahiko baliabiderik ez genuelako. Hala eta guztiz ere, amets izaten jarraitzen du, hemen, buruan dudan proiektu bat da, ez dut baztertu oraindik.

Lezon, 1976an, haurtzaindegi bat sortu zuten. Bertan lan egitea eskaini zidaten (hilabeteko umeak eta hiru urte bitartekoak). Neure umea ere eramaten nuen bertara. Nik ez nuen deus kobratzen lanagatik, baina umea bertara eramateagatik ordaindu egiten nuen. Garai hartan haurtzaindegiak behar ziren, eta nik borondatezko lana egiten nuen.

Lan horretan hasi baino lehen, eginda nuen hainbat ikastaro haurtzaindegietan aritzeko. Haietan gorputz-espresioa landu nuen: dantza, musika, pintura…, hori guztia umeei bideratua. Esan behar dizut kutsu artistikoa duen guztia dudala gogoko, eta aukera gutxi izan arren, ekonomikoki ezin, beti ahalegindu izan naiz alde horiek, zaletasun horiek garatzen; beti jarraitu kasu egin diet neure bihozkadei, sarritan ulertzen ez baninduten ere, kontuan izan sei anai-arrebetan nagusia naizela.

Nik dantza nuen gogoko, baina ez nuen aukerarik izan eskolak hartzeko. Badakizu noiz joan nintzen ikastera? Ezkondu eta gero. Beti pentsatu izan dut ikastetxean aukera eman beharko luketela alde artistikoa garatzeko; horregatik saiatu izan naiz semeen formakuntza artistikoa zabaltzen. Seme zaharra dantzari eta koreografoa da, eta bestea soziologoa, eta biziki maite du bateria jotzea.

Haurtzaindegian izandako eskarmentuaren ondoren, lagun batzuekin liburudenda bat jarri nuen. Abian jarri baino lehenago, kalean eta zineetan saltzen genituen: mahai jarri eta bertan salgai izaten genituen liburuak. Lokala egokitzeko obretan ibili ginen bitartean, hantxe ibiltzen nintzen harria pikatzen zein lagunen umeak zaintzen…, baina gero utzi egin nuen proiektua.
Ondoren, lagun min bat eta biok trikotatzen hasi ginen. Modan zeuden jantziak egiten genituen. Dendetara joaten ginen jantziak eskaintzera. Gogorra izan zen, ez zen atera guk uste bezala. Garai hartan nire semeak hiru urte zituen. Eta horren ostean… alkondara-denda jarri genuen.

-Geldirik, behintzat, ez zineten egoten, ez zenuten amore ematen…
Hala da, bai; guk esaten genuen burua irakiten genuela, beti zerbaitetan, eta… beti baliabiderik gabe! Saltzea baino, gurea gehiago zen sortzea, egitea, eta denda zen erakusleihoa. Bartzelonara joaten ginen salgaiak, jeneroa erostera; horrez gain moda-desfileak antolatzen hartzen genuen parte: Errenderian (Niessen). Eta behin Hondarribian finkatuta, duela 4-5 urte, bertako Dendarien Elkartearekin batera, desfile batzuk antolatu genituen: Paradorrean, kiroldegian eta Truk dantzalekuan.

Canela_2874 copia

Eta hemen nauzu orain, nire dendan; nire etxeko sala izango balitz bezala. Jantziak eta osagarriak egungoak izateaz gain, ahalegintzen naiz intemporal samarrak izan daitezen aldi berean, ez daitezela gehiegi errepikatu, eta norberaren estilora egokitzeko aukera eskain dezatela. Ez dut moda bete-betean jarraitzen, bihozkadei egiten diet kasu beti. Saltzeko daukadana, neuri gustatzen zaidalako da; baliteke hainbat gauza “txoro samarrak” izatea, sarritan, baina… disfrutatu egiten dut eurei begira; koadro bati, argazki bati edo paisaje bati begiratzea bezala da.

Canela_2896 copia