Alde Zaharrean urte eta erdi daramat. Neguan, asteburuetan egiten dut lan gehiago, jende gazte asko etortzen da, bai portuarrak bai bertakoak.
Zer falta den hemen? Bada… denetik! Ez dago farmaziarik, ez dago kutxazainik, ez dago dendarik… Politikoek bizitza, giroa, portura bideratu dute. Nire ustetan, euren nahia da giroa portuan izatea, eta Alde Zaharra, Kasko Historikoa, lo egiteko uztea.
Gauza asko egin daiteke hemen, buruari eraginez gero. Ordizian, asteazkenero, azoka egiten dute. Antzeko zerbait antolatuko balitz hemen, hilean behin, esate baterako, bizitasuna emango lioke auzoari, jendeak hona etortzeko ohitura hartuko luke, bisitariak ekarriko lituzke. Arropak eta elikagaiak saltzeko azoka, aukera ona litzateke.
Kultur ekintza gehiago eskatuko nuke, kaleko ikuskizun gehiago, udalaren, ostalari eta merkatarien artean antolatuta. Hemen, nire lokalean, ostegunero jazz emanaldia dugu, gaueko 10etatik 12etara.
Bezeroak
Gazte bat. Auzoan bizi naiz. Zinema-aretoa eskatuko nuke; herrian ez dago bat bera ere, eta lehen bazegoen. Elkartea edo lekuren bat –deitu nahi duzun bezala– eskatuko nuke, gazteok afariak-edo egiteko, eta udalarena izan dadila, ze guk gazteok, ezin dugu elkarte bateko bazkide izan, sekulako dirutza ordaindu behar izaten baita.
Beste bezero bat. Ni portuarra naiz, baina Alde Zaharrera etortzen naiz, hemen oso gustura egoten baita. Neguan, herri honetan, non dago giroa? Alde Zaharrean! ez dago beste inon. Portuan, taberna gehienak gaueko hamaiketarako itxita daude, pare bat izan ezik.
Zer behar duen auzoak? Hemen ikusten dudan deskalabrua da eraiki gabe zegoen txoko bakoitza etxez bete dutela. Ez da oruberik geratzen.
Beste bat. Urte osoan dugu OTA Alde Zaharrean. Non ikusi da hau? Portuan uda garaian dute, orain ez. Lotsagarria da.
JAZZA: VOS Trioa
Ostegunero jotzen dugu hemen, CAR-Man, gaueko 10etan hasita. Musikari garen aldetik, jotzeko aukera hau izatea izugarria da; aukera ematen digu, ostegunero, errepertorioa berritzeko. Jeneralean izaten dira jazz gai estandarrak. Herri askotan jotzen diren gaiak dira: New York, Mexiko, Paris… Gure berezitasuna da rockaren gaiak hartu, eta gero jazz eran jotzen ditugula, Police, U2, AC/DC, Metalika… talde horien antzera.
Hiru gara musika taldean:
Pianoa: Joseba Loinaz, hondarribitarra.
Baxua: Jose Quintas, tolosarra.
Bateria: Pako Diaz, donostiarra.
Alde Zaharra bizirik!