Bidasoa – Antigoaleko gauzen denda

 Bidasoa antiguedadeak_0155

Noiztik hemen, Arma Plazan?
Amona hasi zen dendarekin, gero aitak jarraitu zuen; aita hil ondoren amak eta orain ama eta biok; 30 urte baino gehiago.
Txikitatik egon naiz hemen, eta dendaz beteta ezagutu dut hau. Orain ez dago ezer. Negozioa mantentzea zaila da, zergak asko igo dira.

Nola ikusten duzu Alde Zaharra?
Arazo bat da zaborrarena, zabor-edukiontziena. Inguruan, gertu, ez dago, harresiraino joan behar da zaborra uztera. Beste arazo bat da aparkalekuena; Alde Zaharrean urte osoko OTA dugu, denontzat da desegokia, eta berton komertzioa dugunok ez dugu inolako erraztasunik.
Baina arazorik larriena da, nire kasuan, behintzat, bete-betean ari naizelako egoera hori jasaten, Arma Plazan egiten ari diren lanak. Obrak hasi zirenetik arazoak besterik ez dugu izan. Iaz, atzeko aldean hasi ziren lanak. Orma apurtu zidaten. Kexatu egin nintzen, eta behin eta berriz eurekin diskutitu ondoren, azkenean lortu nuen egindako kaltea, azaletik bazen ere, “konpontzea”, beste hitz batzuekin esanda: “un lavado de cara” egin zuten, makillaje pixka bat eman.

 Bidasoa antiguedadeak_3057

Egun batean, lanera etorri, eta denda aurkitu nuen hesitua, zinta batekin. Goizeko 10etan langileei esan nien arduradunarekin hitz egin nahi nuela. Arratsaldeko 6ak arte ez zen inor agertu. Hori hasiera baino ez zen izan. Oholak jarri zituzten ondoren, eta burdinezko hesiak. Gure denda ikusi ere ez da egiten, eta bertara etorri nahi izanez gero, ez dakizu nondik, hesiz inguratuta nagoelako, zoologikoaren kaiola batean egongo banintz bezala.
Ondoko eraikina barrutik bota zuten, goitik behera. Niri ez zidaten abisurik eman, ez zidaten aurretiaz esan hori egiteko asmoa zutela; hala izan balitz, nik astia izango nuen denda barruko altzariak, gauzak babesteko edo lekuz aldatzeko, dendaren beste txoko batean jartzeko…, hau da altzariak kaltetuak gerta ez zitezen, zeren ondoko eraikinaren orma eta gurea, orma bera da! Ormaren zati bat erori egin zen.

Ulertuko duzunez, kexatu egin nintzen. Lanak egiten ari den enpresa FONORTE da, eta arduradunak Mikel Uranga (30 urte) eta Iban dira. Horiek esan zidaten ez kexatzeko hainbeste, kontuan izateko hemendik bi urtera sekulako abantaila izango zela niretzat. Komentario horren aurrean, nire erantzuna izan zen 2 urte eman beharko nituela obraren eragozpenak jasaten, eta nik bizimodua, soldata dendatik ateratzen nuela eta obrak daudenetik ez dela inor hurbiltzen, ikusi ere egiten ez delako.

Mikel Urangaren ahotik erantzun hau jaso nuen: “Zuk egin behar duzuna da pertsona bat bilatu 2 urtetan mantenduko zaituena  eta haren kontura bizi”. Zer espero daiteke horrelako adierazpenak egiten dituen pertsona batengandik?

 Bidasoa antiguedadeak_0022

Ikusten duzu nola nagoen: aldamioak, oholak, hesiak, sareak… Gure denda ez da ikusten, jarri dituzten oholek estali, tapatu egiten dute. Kartelik ere ez zuten jarri adierazteko non dagoen denda, jendeak jakin zezan hemen jarraitzen nuela. Horregatik egin nuen nik kartel bat, baina ez zidaten jartzen laga, enpresaren propaganda baino ezin zela jarri. Oholen gainean pintatu nuen, eta ezabatu egin didate. Orain, dendaren ondo-ondoan margotu dut. Salaketa jarriko zidala esan zidan Ibanek, enpresaren propaganda estaltzen nuelako.

 Bidasoa antiguedadeak_0148

Egunero nabil eurekin borrokan, ez dute ezer errespetatzen; erabat aislatuta, isolatuta utzi naute hemen, eta esan behar dut nik badudala kartela jartzeko eskubidea. Udaletxera jo nuen jar zezatela eskatzera –euren erantzukizuna dela uste baitut– beste denda batzuekin egin zuten  bezala.
 
Obratik babesteko sare fin bat jarri dute, baina oso fina denez, haizeak mugitu egiten du, eta zikinkeria erortzeaz gain, egurrak, zutabe zatiak… eta halako gauzak ere erortzen dira.
Pasadan astean, hesien artean pasabidea dagoela ikusarazteko marra horiak margotu zituzten. Azkenean, zerbait egin dute! Erabat baztertuta utzi gaituzte. Lanak egin behar dira, denon onerako izango delakoan nago, baina gizabidez jokatu behar da eta errespetuz tratatu. Ikusten duzu, hor, kamioi hori aparkatuta, asteburu osoa darama, ostiraletik; Arma Plazan ezin da aparkatu, ezin da garraiorik sartu, ez bada obretako materiala deskargatzeko, baina kamioi horrek hor jarraitzen du, eta udaltzainek ez dute ezer egin, hurbildu ere ez dira egin! Nik utzi izan banu…
Arma Plazan kultur ekintza gehiago egin zitekeen Alde Zaharra ezagutarazteko, turistak ez datoz harriak bakarrik ikustera, dendak ikustera ere badatoz, eta hemen ez dago ezer.

 Bidasoa antiguedadeak_0151

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude