Quantcast

Moda desfilea, argazkitan

IMG_0263

Antolatzaileek nahiz Bergarako merkatariek edota ile-apaintzaileek egindako lan onak, herriko modeloek erakutsitako profesionaltasunak, horien guztien bueltan sortutako ikuskizunak… martxan mantendu zituzten argazki eta bideo kamerak, moda desfileak iraun zuen ordubete inguruan. Tartean zen Goiena ere, arretaz begira, irudi eta momentu gogoangarri horiek guztien eskura ipintzeko gero.

164 argazkiz osatutako galeria oparoa osatu du. Ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.

Alfonbra gorrian dotoreziaz ikusi ditugu herriko modeloak

Bergararrak Debagoieneko dotoreenak direla garbi geratu da beste behin. Moda gustuko dute. Horren isla, San Martin plazako irudia. Ia 700 lagun eserita, eta beste asko zutik ikusi ditugu modeloak animatzen. Moda desfileak arreta piztu du herrian; izan ere, modeloak eta komertzioak Bergarakoak dira. Lan askoren ostean, arrakastaz egin da desfilea, Bergara Bizi-ren eskutik.

Leire Iruin, Udal zinegotzia, gustura azaldu da: “Garrantzitsua da herriko komertzioa bultzatzea, herrian erostea denondako da ona eta horren jabe izan behar dugu. Horrenbeste lan eta esfortzuren ostean, primeran irten da dena”.

Udaberrirako eta udarako soinekoak, ezkontza batean gonbidatu ederrena izateko aukera zabalena, mendirako ekipamendu osatuena, eguzkitako betaurreko modernoenak edota orrazkera ausartenak ikusgai izan dira Bergarako alfonbra gorrian.

IMG_0562

Marije Unamuno: “Benetako pasarela baten bilakatuko da zapatuan Bergarako plaza”

Bergarako Udaleko Enplegu eta Garapenerako teknikari Marije Unamunori elkarrizketa.

Herriko modaren erakusleiho izango da bihar San Martin plaza

Dena gertu dago bihar, zapatua, egingo den Bergara Bizi lehen moda erakustaldirako. 18:00etan, San Martin plazan, herriko 30 dendak baino gehiagok hartuko dute parte –ikus parte-hartzaileak ondoko taulan–; Bergara Bizi ekimenaren baitan diharduten bultzatzaileek, hain zuzen.

 

Herriko moda eskaintza zabalenaz gozatzeko aukera paregabea izango da biharkoa. Herriko arropa, zapata eta osagarri dendek duten berriena erakutsiko dute, eta orrazkera eta makillajean dauden azken joerak ikusteko aukera ere egongo da.
Ume, gazte, gizon zein emakumeak goitik behera apaintzeko herrian dagoen moda eskaintzaren erakusleiho izango da, azken batean, Bergara Bizi lehen moda erakustaldia: “Gure dendetako hormak gainditzea da helburua. Bergara bizia dela eta eskaintza zabala duela erakutsi nahi dugu, adin, sexu eta gustu guztiendako”, diote ekimeneko kideek. “Azken boladan, dendak zabaltzen ari dira herrian eta Bergarako merkataritza eskaintza gero eta zabalagoa da”, gehitu dute.

 

Hamar metroko pasabidea

T letraren formako hamar metroko pasabidea egokituko dute San Martin plazan, Udalaren laguntzarekin. Eguraldiaren arabera Udal Pilotalekuan egiteko aukera aztertu zuten arren, iragarpenak onak direla-eta plazan egitea erabaki dute.
10:00etan hasiko dira Bergara Bizi ekimeneko kideak pasabidea egokitzen. Udaletxetik Seminariorantz aterako da egitura eta udal brigadaren laguntzarekin muntatuko dute. Horrez gain, 500 bat eserleku ere jarriko dituzte, “herritarrek desfilea ahalik eta erosoen  ikusteko”.
Modeloen kasuan, 70 bat herritarrek beteko dute zeregin hori. Bestalde, desfilea Aitziber Azkondo bergararrak aurkeztuko du eta bi zatitan banatuta egongo da. Erdian egingo den atsedenaldian, berriz, Camdem Town zumba taldeak erakustaldia egingo du.

Zozketak, amaieran

Desfilea dela-eta zozketa eta lehiaketa ere antolatu dituzte Bergara Biziko bultzatzaileek. Hain zuzen ere, zozketari dagokionez, aste osoan barrena, desfilean parte hartuko duten dendak txartelak ematen ibili dira bertan erosiz gero, eta zozketa desfilearen amaieran egingo da. Irabazleak 150 euroko bonua lortuko du herriko dendetan gastatzeko.

Ainhoa Garitano: “Desfilean herriko denden eskaintza erakutsiko dugu”

Bergara Bizi ekimena osatzen duten 30 bat dendak moda desfilea egingo dute zapatuan. Ekitaldia arratsaldeko seietan hasiko da, San Martin plazan. Euria eginez gero, desfilea Udal Pilotalekuan egitea aurreikusi dute antolatzaileek. Ainhoa Garitano Jo’Ka arropa-dendako arduraduna eta Bergara Bizi egitasmoko parte-hartzailea da, eta zapatuan egingo den desfilean parte hartuko duela dio.

Nola bururatu zitzaizuen desfile bat egitea?

Bergara Bizi egitasmoko bileretan ideia batzuk agertzen hasi ziren. Neguan leku itxietan antolatu behar direnez askotan ekitaldiak, udaberria eta uda gerturatzen zihoazenez, herriko plazan moda desfile bat egitea interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen.

Aldaketa nabarmena ekarriko du euria eginez gero?

Baietz uste dut. Herriko plazan ezin badugu egin, Bergarako Udal Pilotalekuan egingo dugu, egun eta ordutegi berean. Hala ere, atzamarrak gurutzatzen gabiltza eguraldi ona egin dezan, politagoa baita kalean egitea. Jendea errazago hurbiltzen da kalean leku itxi batera baino.

Zein da desfilearen helburua?

Gure asmoa da Bergarako dendok eskaintzen ditugun produktuak maiatzaren 10ean kalera ateratzea. Izan ere, bergararrei askotan kosta egiten zaie herriko dendetan sartzea. Hori dela eta, dendariok barrera horiek apurtu nahi ditugu, nolabait, zapatuan. Herritarrak ez badira dendetan sartzen, guk dendan daukaguna aterako dugu kalera.

Boluntario asko animatuko dira desfilean parte hartzera.

Bai, hala da. Desfilean parte hartuko duten denden 45 bat bezero animatuko dira modelo lanak egitera. Apirilaren 29an egin genuen lehenengo entsegua eta oso ondo irten zen, artista hutsak dira guztiak. Laguntza handia eskaintzen dihardute. Harrituta gelditu ginen, gainera, animatu den gazte kopuru handiarekin. Boluntarioez gain, Bergarako Udalaren, Goiena Komunikazio Taldearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izango dugu egun horretarako.

Zer aurkeztuko duzue desfilean?

Lehenik eta behin, parte hartuko duten lau edo bost ile-apaindegiek beraien karakterizazioak erakutsiko dituzte. Eta gero, zapata-dendek, osagarriak eskaintzen dituztenek, arropa-dendek eta optikek bakoitzaren produktuak aurkeztuko dituzte.

Desfileaz gain, beste ekitaldi batzuk ere egingo dituzue zapatuan.

Hori da. Alde batetik, musikarekin edo dantzarekin loturiko ekitaldi txikitxo bat egin nahi dugu. Hala ere, ez dago guztiz zehaztuta. Bestetik, zozketa dago. Aste honetan zehar zenbakiak emango ditugu eta zapatuan zozketa egingo dugu. Bonuak izango dira sariak, Bergarako komertzioetan erabiltzeko.

Nolakoa izan zen bergararren erantzuna Bergara Bizik azaroan egin zuen ekitaldian?

Dendariok oso balorazio positiboa egiten dugu. Orduan, komertzioak zabalik izan genituen egun osoan, eta beherapenak eskaini genituen. Gainera, musikarekin ere animatu genituen kaleak. Herritarren erantzuna oso polita izan zen. Jende asko ibili zen kalean eta dendetan.

Zer eskatzen diozue zapatu honetarako bergararrei?

Guk eskatzen duguna da ahalik eta herritar gehien hurbiltzea plazara. Izan ere, azken asteotan prestatzen ari garena eta egun hauetan prestatuko dugun guztia bergararrei eskaintzeko da.

Zabalotegiko agertokia, herriko modeloen pasarela bihurtuta

Maiatzaren 10ean Bergaran egingo duten desfileko lehen entsegua egin zuten atzo iluntzean Zabalotegi aretoan. Modelo lanak egingo dituzten herritarrek Zabalotegiko oholtza gainean desfilatu zuten, Bergara Bizi Lehen Moda Erakustaldian zer egin behar duten jakiteko. Antolatzaileak momentuz oso gustura daude herritarren harrerarekin eta parte-hartzaileak, berriz, urduri baina ilusioz zeuden atzoko entseguan.

Bergarako Zabalotegi aretoko agertokia modeloen pasarela bihurtu zen atzo iluntzean. Haurrek, gazteek zein nagusiek, guztiek izan zuten aukera entsegua egiteko Bergara Bizi ekimenak antolatutako maiatzaren 10eko erakustaldirako. Guztira, 45 herritarrek egingo dituzte modelo lanak, herriko 30 bat denden berriena erakusteko. Orrazkera eta makillajearen azken joerak ere ikusi ahal izango dira desfilean.

Lehen entsegua izan zen atzokoa eta parte-hartzaileak urduri egon arren, desfilean parte hartzeko ilusioz ere bazeudela aitortu ziguten. Askorendako modelo lanak egingo duten lehenengo aldia izango da, baina antolatzaileak pozik daude ekimenak momentuz lortu duen harrerarekin.

Herritar batzuk agertokian desfilerako gertu.

Entsegu baliagarria

Entseguan parte-hartzaileei esan zitzaien zein taldekin batera irtengo diren desfilatzen, zein pausu eman beharko dituzten izango duten 10 metroko pasabidean eta non hasi eta bukatu behar duten ere azaldu zieten.

Modeloek dagoeneko, gainera, badakite zein arroparekin desfilatu beharko duten eta atzoko entseguaren ostean, eta eguna gerturatzen ari denez, etxean ere pixka bat entseatu beharko dutela kontatu ziguten modelo batzuek.

Seguru guztiak ondo baino hobeto moldatuko direla Bergara Bizi Lehen Moda Erakustaldian. Printzipioz, eguraldiak laguntzen badu behintzat, San Martin plazan egingo dute desfilea, bestela, frontoian egin beharko dute. Baina antolatzaileek herritar guztiak animatu nahi izan dituzte desfilea ikustera joateko.

Herriko 30 bat dendak moda desfilea egingo dute maiatzaren 10ean

San Martin plazan egokitutako pasabidean 45 herritarrek egingo dituzte modelo lanak. 18:00etan izango da, Bergara Bizi ekimenak bultzatuta. Arropa, zapata eta apaingarri dendek duten berriena erakutsiko dute, baina orrazkera eta makillajean azken joaerak ikusteko aukera ere egongo da. “Bergara bizia dela eta eskaintza zabala duela erakutsi nahi dugu, adin, sexu eta gustu guztiendako”, esan dute antolatzaileek.

San Martin plaza modaren erakusleiho bilakatuko da maiatzaren 10ean; izan ere, Bergara Bizi ekimenaren baitan diharduten komertzioek moda desfilea antolatu dute egun horretarako, 18:00etan.

Herriko moda eskaintza zabalenaz gozatzeko aukera paregabea izango da, askotariko 30 bat komertziok hartuko dute-eta parte bertan: arropa, zapata eta apaingarri dendek duten berriena erakutsiko dute, baina orrazkera eta makillajean azken joaerak ikusteko aukera ere egongo da.

Ume, gazte, gizon zein emakumeak goitik behera apaintzeko herrian dagoen eskaintzaren erakusleiho izango da, azken batean maiatzaren 10eko desfilea. “Gure dendetako hormak gainditzea da helburua eta gure produktuak herritarrengana gerturatzea”, esan zuen Ainhoa Ibarra dendarietako batek aurkezpenean; “Bergara bizia dela eta eskaintza zabala duela erakutsi nahi dugu, adin, sexu eta gustu guztiendako”.

 

10 metroko pasarela

T hizkiaren formako pasarela egokituko dute Udalaren laguntzarekin San Martin plazan. Udaletxetik Seminariorantz aterako da eta bertan 45 herritarrek egingo dituzte modelo lanak. Hain zuzen ere, martitzenean, apirilak 29, egingo dute lehen entsegua, 20:30ean, Zabalotegi aretoan.

Ikusleei dagokienez, ahalik eta gehien batu nahi dituzte eta horretarako gonbidapena luzatzen diete herritarrei. Gainera, eroso egoteko aukera izango dute, “Udalak aulkiak laga dizkigu eta pilatxo bat jarriko ditugu plazan, jendeak ikuskizuna eserita ikusteko aukera izan dezan”, azaldu zuen Ainhoa Garitanok, ekimenaren beste antolatzaileetako batek, eguenean egindako aurkezpenean.

Osterantzean, erakustaldia bi zatitan egingo dutela ere gehitu zuten eta erdian musika saioren bat egongo dela, nahiz eta hori oraindik lotzeke duten.

 

Zozketa eta lehiaketa ere bai

Desfilearen bueltan zozketa eta lehiaketa bana ere antolatu dituzte Bergara Biziko bultzatzaileek. Zozketari dagokionez, maiatzaren 2tik 10era bitartean, desfilean parte hartuko duten dendek txartelak emango dituzte bertan erosiz gero, eta zozketa desfilearen amaieran egingo da. Irabazleak erosketa bonuak lortuko ditu Bergaran erosteko.

Egunean bertan argazki lehiaketa bat ere proposatuko dute: desfileari lotutako argazkirik onena bilatuko dute. Parte hartzeko bideak izango dira Twitter eta Instagram sareak BergaraBizi etiketarekin argazkia igota. Jasotako argazki guztien artean bozkatzeko eta onena aukeratzeko epe bat irekiko dute eta saria bikoitza izango da: batetik, argazki onenaren egileak bonua lortuko du Bergaran gastatzeko; bestetik, bozkatzaileen artean ere diru-bonua zozketatuko dute.

 

Ikusi spot-a

herrian erosi, denok irabazi

loading