Zabalotegiko agertokia, herriko modeloen pasarela bihurtuta

Maiatzaren 10ean Bergaran egingo duten desfileko lehen entsegua egin zuten atzo iluntzean Zabalotegi aretoan. Modelo lanak egingo dituzten herritarrek Zabalotegiko oholtza gainean desfilatu zuten, Bergara Bizi Lehen Moda Erakustaldian zer egin behar duten jakiteko. Antolatzaileak momentuz oso gustura daude herritarren harrerarekin eta parte-hartzaileak, berriz, urduri baina ilusioz zeuden atzoko entseguan.

Bergarako Zabalotegi aretoko agertokia modeloen pasarela bihurtu zen atzo iluntzean. Haurrek, gazteek zein nagusiek, guztiek izan zuten aukera entsegua egiteko Bergara Bizi ekimenak antolatutako maiatzaren 10eko erakustaldirako. Guztira, 45 herritarrek egingo dituzte modelo lanak, herriko 30 bat denden berriena erakusteko. Orrazkera eta makillajearen azken joerak ere ikusi ahal izango dira desfilean.

Lehen entsegua izan zen atzokoa eta parte-hartzaileak urduri egon arren, desfilean parte hartzeko ilusioz ere bazeudela aitortu ziguten. Askorendako modelo lanak egingo duten lehenengo aldia izango da, baina antolatzaileak pozik daude ekimenak momentuz lortu duen harrerarekin.

Herritar batzuk agertokian desfilerako gertu.

Entsegu baliagarria

Entseguan parte-hartzaileei esan zitzaien zein taldekin batera irtengo diren desfilatzen, zein pausu eman beharko dituzten izango duten 10 metroko pasabidean eta non hasi eta bukatu behar duten ere azaldu zieten.

Modeloek dagoeneko, gainera, badakite zein arroparekin desfilatu beharko duten eta atzoko entseguaren ostean, eta eguna gerturatzen ari denez, etxean ere pixka bat entseatu beharko dutela kontatu ziguten modelo batzuek.

Seguru guztiak ondo baino hobeto moldatuko direla Bergara Bizi Lehen Moda Erakustaldian. Printzipioz, eguraldiak laguntzen badu behintzat, San Martin plazan egingo dute desfilea, bestela, frontoian egin beharko dute. Baina antolatzaileek herritar guztiak animatu nahi izan dituzte desfilea ikustera joateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude