Hori izango da aurten bigarren aldiz egingo den moda desfilearen berritasunetako bat –beste bat, herriko hiru diseinatzaileren arropak ikusi ahal izango direla–: iaz modelo berak eraman zitzakeen denda bateko arropak eta beste bateko betaurrekoak, adibidez; aurten, ordea, modelo bakoitzak komertzio bakarreko produktuak erakutsiko ditu. Optika bada, adibidez, arropa nongoa den ez da aipatuko; izan daiteke norberarena ere.
Hori horrela izatea erabaki dute komertzio bakoitzari bere protagonismoa emateko, tarte propioa. 35 inguru izango dira urriaren 17ko desfilean parte hartuko duten herriko dendak, hamar alorretakoak: arropa –haurrena eta nagusiena–, oinetakoak, kirolak, lentzeria…; 120 bat, berriz, modelo lanetan ibiliko diren pertsonak.
Bergara Bizi ekimenaren barruan, Bedelkar elkarteak Udalaren laguntzarekin antolatutako desfilea gauez izango da aurten, 22:00etan –San Martin plazan–, eta horrek ere desberdinduko du iazkoarekiko: “Argitasun desberdina… gauza polita gabiltza prestatzen”, zioen Jo’ka dendako Ainhoa Garitanok; glamour-ik ez da falta izango: “Jendeak ikusteko badagoela non erosi”.