Merkatarien eta diseinatzaileen produktuak eta lana, pasarelara

Iritsi da. Bihar –zapatua– gaueko hamarretan izango da Bedelkarrek eta Bergara Bizik –Udalaren, Jaurlaritzaren eta Goienaren laguntzarekin– antolatutako Udazken-neguko Moda eta Diseinu Berrien Desfilea.

Azken prestakizunetan ibili dira aste osoan –zenbait, plazatik frontoirako aldaketak eragindako egokitzapenak–, eta desfilean parte hartuko duten herriko 34 komertzioen eta haien produktuak eta lana erakutsiz aterako diren modeloen –116 denera– txanda da orain; baita desfilearen bigarren edizio honetan eurek egindako arropak aurkeztuko dituzten herriko hiru diseinatzaileena ere.

Hori da, hain justu, aurtengo nobedade nagusietakoa: Iraide Birumbralesek, Itziar Martinezek eta Eli Gallastegik lanean jardun dute hainbat astez Anezka akademian –bertako Ana Parrarekin–, eta lan horren emaitza ikusteko aukera ere izango da bihar. Ez bakarrik ikusi; epaimahai batek lanik gustukoena aukeratuko du, eta 200 euroko saria egongo da irabazlearentzat.

Bestela, aurtengo beste berrikuntza da komertzio bakoitzak, bakarka, bere tartea izango duela pasarelan. Iaz, modelo batek aldi berean denda bateko arropak eta beste bateko zapatak eraman zitzakeen, adibidez; oraingoan, berriz, aldiro gauza bakarrari jarri beharko zaio arreta. Ondorengoak dira desfilean parte hartuko duten komertzioak: Amua, Anezka, Annika, Jo’Ka, Jolas, Kilika, Laket, Mirari, Mujika Sastreria, Xuxu eta Zubikua jantzi dendak; Subijai, umeentzako jantzi denda; Alga eta Igaro lurrindegiak; Amparo, Bego & Marije, Jean Louis David, Keixa, Miluk eta Sanchez ile apaindegiak; Bitan eta Igarza lentzeriak –iaz ez zen lentzeriarik egon–; Bolintxo, Jauja eta Xamartin kirol dendak; Galarreta, Lonbide eta Maka oinetako dendak; Giartzu estetika zentroa; Instituto Optico eta Manso optikak; KB Photoestudio  argazki denda; Ninika loradenda; eta Sugoi bazarra.

Arropei eta aurtengo tendentziei buruz, desfilearen antolakuntzan ibili den Zubikua dendako Edurne Gallastegik dio aurtengo udazken eta neguko denboraldian kolore ilunak eramango direla: “Beltza, grisa, granatea asko dago, berdea ere piska bat bai… Neoprenoa sartu da asko, eta plumiferoak, berokiak, kapak, pontxoak…”.

Desfileak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du, eta musika eta argiz girotutako modeloen joan-etorriez gain, Camden Town dantza akademiaren saiotxoa ere izango du.

Argazki lehiaketa

Bestetik, argazki lehiaketa ere antolatu dute aurten: #BergaraBizi traola erabiliz Twitterrera eta Instagramera desfileko argazkiak igo ahal izango dira; argazkiak Goiena.eus atariko Bergara bizi blogean argitaratuko dira, eta bertara sartzen direnek argazkirik gustukoena aukeratu ahal izango dute. 50 euroko saria izango du irabazleak, Udalak emandakoa. Lehiaketarako epeak dira urriaren 21a argazkiak sare sozialetara igotzeko eta urriaren 26a botoa emateko.

Desfilea Goiena telebistan

Bergarako Udazken-neguko Moda eta Diseinu Berrien Desfilea datorren eguaztenean, hilak 21, emango du Goiena telebistak, oso-osorik, 22:00etan. Horrez gain, frontoian bertan kokatuko dituzten bi pantaila handitan zuzenean emango dute, ikusleak xehetasunez ere jabe daitezen lagungarri izan dadin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude