Euskaraz bizitzeko, euskarazko hedabideak behar ditugu

<![CDATA[
Larunbatean, abenduak 1, Euskaraz bizi nahi dugu
leloa oihukatuko dugu euskaltzaleok Donostiako kaleetan. Euskaraz
jarduten dugun hedabide ez publikoak batzen dituen Hekimen elkartearen
izenean, Kontseiluak deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu nahi
zaituztegu.

Euskal Herri euskalduna nahi badugu, euskaraz bizi
nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da.
Euskal Herrian azken hamarkadetan gizarte hedabide sare zabala sortu da:
600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonarengana heltzen
gara. Esparru txikia da gurea, baina, aldi berean, indartsua eta
ezinbestekoa euskaraz bizi nahi badugu.

Administrazioa, hezkuntza
eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean.
Baliabideei dagokienez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia
jarri da azken hamarkadetan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai.
Baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan. Euskal gizarte moderno eta
kohesionatua eratzeko, hizkuntza komunitatea osatzeko, gizarte hedabide
sare zabala behar bezala babestu behar dugu.

Euskararen hiztun
komunitateak behar duen eremu komunikatiboa sendoa garatzeko,
elkarlanaren bidea jorratu dugu urte hauetan guztietan euskarazko
komunikabideek. Elkarlan hori bideratzeko, Hekimen elkartea sortu berri
dugu. 50 komunikabide baino gehiago batu gara, euskaraz bizi ahal
izateko garrantzitsuak garela aldarrikatzeko.

Euskaraz bizi ahal
izateko, ezagutza eta borondateaz gain, ezinbestekoak dira baliabideak.
Euskarazko eremuak behar ditugu. Hedabideen kasuan, gure herrietan,
euskal gizartean, Europan, munduan… gertatzen denaz informatuko
gaituzten komunikabideak behar ditugu. Teknologia berriek eta Internetek
ekarri dituzten aldaketetara egokitutako komunikabideak.

Komunikabideontzat
ez dira garai onak, krisi hotsak nonahi entzuten dira. Baina ilusioz
ari gara beharrean, egun dugun egoera gaitzari elkarrekin erantzunez.
Euskal gizarteak garai berriak ditu, testuinguru egokia euskararen
normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko. Euskarazko
komunikabideek, azken hamarkadetan bezala, gure ekarpenarekin jarraituko
dugu. Guztiok euskaraz bizitzeko aukera izan dezagun.

Artikulu hau ondorengo hauek sinatu dute: Joseba Igerabide (Xaloa Telebista), Idoia Iparragirre (Gaur 8-Zazpi Haizetara), Berdaitz Goia (Argia), Iñaki Uria (Hamaika telebista), Jon Mikel Zabalegi (Gazteberri), Aitziber Zapiain (Euskal Irratiak) Iban Arregi (Berria Taldea) eta Iban Arantzabal (Tokikom): Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko Zuzendaritza Batzordea.

]]>

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude