Bilgune Feministako kideen artikulua:
Putak eta besteak. Emakume txarrak eta emakume onak. Marra bat, pasaezina den marra bat. Jendearekin oheratu zaitezke, baina marra hori pasatuz gero puta bat izango zara. Zure gorputza ezagutu eta ezagutu arazi ahalko duzu, baina marra hori pasatuz gero puta bat izango zara.
Zein da marra hori? Non dago kokatua? Zer dago alde batean? Zer bestean? Marra hori gure buruetan dago. Egin ariketa, zein da zuretzako marra? Nahiko argi izan dezakezu, gutxi gora behera, badakizu non kokatu. Eta marra horiek, sentitzen dut horrela esatea, baina eragin izugarria du gure bizitzetan. Marra horrek, auto-kontrolatzera garamatza, neska gaiztoak izan gaitezke, errebeldeak, apurtzaileak… Baina putak, mesedez, inoiz ez. Eta marra hori guk margotzen dugu gure egunerokotasunean, feministak agian bai, baina putak ez.
Gure marra, emakume onaren eta txarraren arteko marra, gure baginetan kokatu dute. Eta tamalez, askotan, onartu izan dugu gure sexuaren arabera sailkatuak izatea. Bagina on eta eredugarriak, eta bagina zikin eta nazkagarriak.
Sexuaren langileak nola ez, bestea ordezkatzen dute. Sakratutzat hartzen den sexualitate eredu nagusitik ateratzen direlako, duintasun eza ezartzen zaio haien lanari. Prostitutak gaiztoen bandoan sartzen ditugu, kasu askotan, ekonomikoki askeak direlako, haien sexualitatea modu ireki batean azaltzen dutelako, egiten dutenagatik kobratzen dutelako eta prezioa haiek jartzen dutelako. Emakumeoi debekatzen zaizkigun muga asko gainditzen dituztelako.
Eta emakume hauen inguruan sortzen den estigma horrek, ez du balio haiek kontrolatzeko, modu batean “askeak” direlako, estigma horren sorreran, “beste” emakumea (gu) kontrolatzean datza. Estigma hain da handia, norberak ez duela zaku horretan erortzerik nahi, eta edozer egiten duela kontrol minimo baten bidez puten taldean sartua ez izateko. Baina erraza da norbera marraren “beste” aldean ikustea. Putek emakumeoi debekatzen zaigun guztia kondentsatu egiten dute, eta egin ezin ditugun gauza askoren ordezkariak eta gainditu ezin dugun muga dira.
Kontuz ibili behar dugu ere, kolektibo osoa biktima bezala izendatzerakoan. Zaila egiten zaigunez horrelako erabakiak beraien kabuz hartu ditzaketen pertsonak daudela onartzea, sexu langile guztiak “biktimatzat” hartzen ditugu. Engainatuta etorri ziren hona, mafietan, gizon gaiztoek konbentzituta… Baina ezinezkoa zaigu onartzea, haren kabuz lan horretan lan egitea erabakitzen duen pertsonaren autonomia. Bada garaia, beraz, sexu langileek duten indar eta erabakimenaz ohartzeko. Erabakimenez jarduten duten putak subjektu aktiboak dira, euren bizitzaren jabeak, emakume indartsu eta boteredunak.
Euskal Herrian prostituzioa errealitate bat da, nahiz eta zenbait udalek osatu dituzten ordenantzetan errealitate hau ezkutatzeko ahalegin handia egon. Prostituzioa kaleetatik ateratzea da haien helburua, alfonbrapean ezkutatzea azken finean. Kaleetatik bota eta etxe eta klubetara mugatu arazi nahi dute lanbide hau. Haien politiken eta jardunaren bidez patriarkatua eta bereizkeria sozialak bultzatzen dituzten instituzio berdinak dira, egoera hauei aurre egiteko hartzen den lan erabakia oztopatu eta kriminalizatzen dutenak. Eta argi izan behar dugu ere, erabaki honekin, ezberdintasun sozialak eta ekonomikoak erreproduzitzen jarraitzen dutela, prostituzio inmigrante eta txiroa da zigortzen eta ezabatzen saiatzen direna, eta ez elitezko prostituzioa.
Iaz, Donostiako kaleetan Transmarikabollofeminista koordinakundeak abesten zuen bezala:
Gure hautua,
errespetatu,
bizi baldintzak, eskubideak,
defendatu.
Elkarlanerako garaia da, puten bandoan gauden guztiak elkartzeko garaia da, langileak eta afizionatuak, patriarkatuaren arauak betetzen ez ditugun horiek asko diogu elkarri erakusteko eta kontatzeko. “Haiengatik” erabakiak eta eztabaidak emateari utzi, eta haiekin, guztiok, lan egiten hasi behar dugu. “Besteak” garen horiek, norman sartzen ez garen horiek, asko gara.
Epaiketa moralak alde batera utzi, eredu dikotomikoak ezabatu, eta “gu” bat osatu dezagun sexu langileen eskubideen alde. Puton marra gorriak identifikatu ditzagun, eta ez daitezela hemendik pasa!