MARTXO (S) AK 8

Martxoaren 8a??dator… baina, zergatik da data hau garrantzitsua? Loreak, kolonia eta poemak elkarri emateko? Badirudi toki batzuetatik emakumetasun hutsal bat gurtzen dela egun honetan, baina zein da martxoaren 8aren zentzu historikoa?

Badirudi XX. mende hasierarako, borroka-omenaldi egun bezala finkatzen hasi zela, baina 1920ko hamarkadara arte ez zen martxoaren 8an ospatu beti (otsaila bukaeran edo martxoa hasieran egiten zen). Beharrezkoa da aipatzea egun honen jatorria ez dela gertakari zehatz batek finkaturikoa izan, izan ere, gerrate mundialek, Errusiako Iraultzak, sufragismoaren aldeko borrokak, feminista-sozialista eta sufragisten arteko tira-birek, Europan, Estatu Batuetan eta Latinoamerikan garai haietan egondako emakume langileen greba gogorrek eta geroz eta handiagoa zen emakumeen sindikalismoaren gorakadak margoturiko egoera konplexu eta aberasgarriak ekarritako data baita.

1911an, Emakumearen Egun Sozialistaren saltsa-maltsan, Alexandra Kollontaik Europako herrialde ezberdinetan egindako mobilizazioen balantze bat eginez, honakoa esan zuen: “Emakume itsaso bat zen, izugarria, bor-bor zegoen. Leku guztietan bilerak antolatu ziren, herri txikietan, eta baita herrixketan ere; aretoak bete-bete eginda zeudenez (gizon) langileei beraien lekua emakumeei uzteko eskatu behar izan zieten. Behingoagatik, gizonak seme-alabekin etxean geratu, eta emazteak, etxekoandreak, etxeko-gatibuak, bileretara joan ziren”.

Beranduago, 1975ean, Nazio Batuen Erakundeak (NBE), Emakumeen Nazioarteko Urtea ospatu zuen, aurrerantzean urtero mundu osoan emakumeen eskubideen aldeko egun bat egitea gomendatuz. Hola, 1977an NBE ofizialki hasi zen Emakumeen Eguna ospatzen. Aipagarria da NBEk kontu berezia izan zuela egun honen jatorri sozialista tapatzeko.

Gaur egun, toki askotan martxoaren 8ak izaera errebindikatiboa gordetzen badu ere, beste askotan esanahi ideologikorik gabeko emakumeen omenezko ospakizun hutsal bihurtu da, San Valentin eta Amaren Egunaren arteko zerbait. Adierazgarria da oso, egunari berari Emakume Langileen Nazioarteko Eguna izena barik, Emakumeen Eguna deitzea soilik (edo Emakumeen Nazioarteko Eguna, erdibidekoa). Oraingo instituzioek ere azken aukera erdibideko hau (ez oso gatazkatsua) hobetsi dute NBEren bidetik. Martxoaren 8ak, ordea, jatorrian eta helburuetan, esanahi argi bat zuen. Ez emakumeei omenaldi hutsal bat egitea, emazte, alaba, ama edo maitale izateagatik, baizik eta beren langile izaera aintzat hartu (emakumeei, etxean zein kanpoan lan egin arren, izate hori maiz ukatu baitzaie), emakume izatea politizatu, genero-botere eta -pribilegioetatik eratorritako diskriminazioa salatu eta beren eskubideak defenditzea.

Beraz, urtero martxoaren 8an, feminista aitzindarien borrokak gogoratu, aintzat hartu, balioa eman eta feminismoarekiko konpromezua berresten dugu. Borrokarako grina datozen belaunaldi berriei transmititzeko eguna da, gaur egun dauzkagun eskubide minimoak dohainik iritsi ez zaizkigula ikusteko, emakumeak protagonista izan dituen borroka adoretsuari esker izan baita.

Hori horrela, historiari gainbegiratutxo hau eman ostean, hona bueltatu beharra daukagu. Gogoratu ostean, indartu. Indartu ostean, arnasa hartu… eta parean daukaguna ikusi.

Egun honen harira, urtero egiten dugu merkatuen jendarte antolakuntzaren kritika. Nazkagarria da nola baztertzen dituen kapitalismoak mendebaldeko-gizon-zuri-klase-ertainekoak ez diren beste guztiak. Honen adierazgarri dira lan produktiboaren inguru datu hauek: emakumeek, gizonezkoen batezbesteko soldata bera kobratu ahal izateko urtean 82 egun gehiago lan egin behar lituzke (kontutan hartu prestakuntza maila berdintsua dagoela kalean emakume eta gizonen artean). Gipuzkoan emakumeen batezbesteko errenta 11857€ da, gizonen batezbestekoa 23224€ den bitartean. Zaintza-lanetara dedikatzeko lanaldia murriztu edo lana uzten dutenen artean %90 emakumeak dira (produktibo/reproduktibo artekoa). Doako lana: emakumeentzat.

Eta, zer gertatzen da lan erreproduktiboekin?

Bizitza lehentasuna ez den gizarte bat zilegi izateko beharrezkoa da sistema hierarkikoa: desberdintasunak behar ditu. Eta pertsona eta lan batzuk ikusezin bihurtu behar ditu, bizitzaren mantenua eta kapitalaren akumulazio prozesuaren arteko tentsioa absorbitzeko.

Beharrezkoa du gatazka hau ez azaleratzea, arazo indibidual moduan bizitzea. Autosufizientzia ideal bat inposatzen da, bizitza bulnerablea? eta besteen menpekoa dela ukatzen duena. Autosufizientziaren ideia hau errealitatera eramateko aukera bakarra pertsonen dependentzia erakusten duten esparruak ezkutatzea da, zaintza ezkutatzea da, eta interdependentzia esplotazio terminoetan kudeatzea. Esplotazioa emakumeentzat, emakume pobreentzat, emakume migratuentzat ?… LANA SOBERAN, eta ENPLEGU DUINA FALTAN, hau da marka!

Sistemaren krisiaren eta honen aurrean planteatutako irtenbide interesatuen aurrean, gero eta zentzu handiagoa dute patriarkatua, kapitalismoa, arrazismoa, lesbofobia gaindituz, bizitza beste era batera antolatu eta eraikitzeko egitasmoek. Krisi ekonomikoak suposatzen duen aberastasunen birbanaketarekin prekarietatean, langabezian eta pobrezian lurperatu nahi gaituzte, austeritate neurriekin eta politika sozialetan murrizketak eginez, besteak beste. Ba ez!!!

Bizitza eta bizitzaren zaintza antolakuntza ekonomiko eta sozialaren erdigunean kokatu beharra dago: gizarte-desberdintasunen produkzio eta erreprodukzio sistema batean ezin da emakume eta gizonen parekidetasuna lortu.

Jendarte antolakuntzez ari gara eta, testuinguru honetan ezin aipatu gabe utzi eskuinak martxan jarri duen azken ofentsiba matxista: abortoaren lege erreforma.

Pertsonala dena politikoa da! Feminismoa dugu indibidualki bizitzeko eta taldean borrokatzeko tresna. Martxoak 8, elkartasun eta borroka eguna da! Batu feminismora.

OÑATIKO SARE FEMINISTA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude