Sumindu, puntu eta koma

Zure buruaz heste egiten ari zarela, hala diotsu koloproktologistak. Loturak daudela buruaren eta hestearen artean eta ipurditik abiatuta Amerika ofizialki deskubritu zuenaren izena hartzen duen hodi zatia sumintzen zaizula balizko “hesteka” horien bitartez iritsitako mezuekin.

Bost axola omen zaizkio zure kolonari dieta makrobiotiko, paleolitiko eta bestelakoen kontraesan guztiak. Haratago omen doa, “dietan jarrai” leloak ez dio dagoeneko eragiten. Buruaren oreka dela haserretzen duena, zure oreka multidimentsionala: emozionala, espirituala, sexuala, identitarioa, ekonomikoa, existentziala, zein linguistikoa, ez hainbeste gastronomikoa. Beno, (h)esteeee… oreka ezak.

Baina, lasai, desorekaz ahazteko ipurditik zunda bat sartuko dizute eta ez zara kexatuko, debalde sartzen dizutelako, oraingoz. Zure buruak bizitzea tokatu zaion gizartearen pertzepzio kakaztua liseritzeko arazoak ditu eta, hortan lan egin beharrean, ipurdia hartzeari gustua hartzen hasi zara. Kaka. Puntu eta koma. Beste gauza batera.