Aurkezpena

J2012-07-13 10.32.51ulen Iriondo Martinez de Zuazo dut izena, 1979ko abenduaren 11n Oñatin jaioa. Askotan pentsatzen dut ze zortea dugun hemen, bizi izatea egokitu zaigun toki honetan –Euskal Herriaz ari naiz–, bizi izateagatik. Itsasoa bertan, mendia ere bai… Mendian eta bizikletarekin nagoenetan etortzen zait sarri burutapen hori: “Ze zortea hona bizikletarekin etortzeko modua izatea”, pentsatzen dut nire artean. Atsegin dut mendia, eta atsegin dut bizikleta, eta bien arteko batuketa zer esanik ez. Bizikleta batetik bestera mugitzeko, bizikleta kirola egiteko eta bizikleta bidaiatzeko.  Gauza ederra da bizikletaz bidaiatzea. Gorputzak eta bideak eskatzen duten erritmora, denbora denean ikusten, denbora denean sentitzen, denbora denean bizi izaten. Eta ze ondo sartzen den egunaren amaierako garagardo hori! Lau alditan –oraingoz– egin dut bidaia bizikletarekin, traste guztiak gainean, alforjetan, hartuta, errepidetik –trasteak garraiatzeko zerbitzua hartuta beste zenbaitetan ere bai mendiko ibilbideetan–. 2000ko hamarkadan Euskal Herriko itzulia egin genuen aurrena koadrilan; Zilarraren Bidea –Sevilla eta Santiago artean– ondoren koadrilako Joseba eta Gorka lehengusuarekin; Josebarekin Pirinioak gurutzatu genituen beste batean, etxean hasi eta Mediterraneo itsasora arte. Hamar egun inguruko bidaiak guztiak. Zenbait urtez, ganbaran gordeta izan ditut, ordea, alforjak –bizikleta ez–, baina 2012ko udan suertatu zitzaidan beste bidaia bat egiteko aukera. Aurreko urte batean oporretan mendian ibiltzera joanda –oinez batez ere– izan nuen.

 

La Route des Grandes Alpes deituriko ibilbidearen berri

Thononen –Leman lakuaren ertzean Genevatik gertu– hasi eta Mentonen –Mediterraneo itsasoan Niza ondoan– amaitu, ia 700 kilometro, frantziar Alpeak alderik alde zeharkatuz, nahi den moduan, autoz, motorrean… edo BIZIKLETAZ! Eta erabaki nuen alforjei hautsa kentzea. Uztail erdian, hamar egunez Alpeetan, neu bakarrik. Joan nintzen eta egin nuen. Eta ze gozatua! Joan nintzen, egin nuen eta baita grabatu ere g2012-07-17 13.14.08ainera! Izan ere, kamera eraman nuen bidelagun. Ibilbidea grabatu, pasatutako bide eta mendateak eta ikusitako paisaia zoragarriak irudietan hartu eta bidean topatutako hamaika lagun interesgarrirekin berba egiteko aukera eman zidan kamerak: ni moduan zebiltzanekin, lekuko jendearekin, oporretan zeudenekin, abentura zaleekin… Eta kamerarekin hartutako hori telebistaz –eta baita sarean ere– emateko aukera izatea ere gauza ederra izan da, bizipena nahi izan duten denekin konpartitzeko modua izan baitut Goienaren bitartez –bertan egiten dut lan–, Pedalka saioarekin. 30 minutu inguruko hamar atal egin ditugu –Monika Montero eta Larraitz Zeberioren laguntzarekin– Alpe Handien Ibilbidean batutako materialarekin, eta asterik aste bat eman. Orain, ikus-entzunezko material hori guztia blog honetan batzea pentsatu dugu, informazio gehiagorekin, inork kontsulta eginez edo inoiz pedalak emanez gozatu nahi balu ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude