Aho batez onartu genuen atzoko Udalbatzarrean, Udalbiltzako auziperatuen aldeko mozioa, puntu hauekin:
1. Aldarrikatzea 1999ko irailean Euskalduna jauregian egindako batzar sortzailean onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo. Helburu eta lan-ildo horietan aurrera egiteagatik hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri-ordezkariak direla.
2. Konpromisoa hartzea, edozein arlo instituzionaletan, demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko.
3. Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurka Madrileko Auzitegi Nazionalean eramaten ari den auzibidea irmoki salatzea eta Estatuko Gobernuari eskatzea Estatuko fiskal nagusiak gaur egun mantentzen duen akusazio publikoa erretira dezala.
4. Epaiketa gertatu bitartean, irailaren 17an plazan 20:00etan kontzentratzera deitzen ditugu herritarrak, era isilean elkartasuna adierazteko.
Libre! Horrela gura ditugu auziperatuak. Jarraitu beza elkarlanak bide horretan. Eta ikasi dezagun, bestelako hainbat ekimenek ere behar baitute denon bultzada.