URRIKO AJEAK

Ezin izan ditut Kontzejupetik aldizkaria irakurri osteko pentsamendu eta iritziak ganbaran dudan kutxa zaharrean giltzapetu. Izan ere, atzoko arratsaldean banatu zuten hileroko herriko aldizkaria. Oraingo honetan agertzen diren albiste ugarik ixotu dute Domu Santu egunean piztutzeke utzi nuen kandela hura.

Hasteko Mendiguren Perratzailearen << Txistua eta Herriko jaiak>> delako iritisi artikulua aipatu gurako nuke. Nor edo nork tentu haundiz jaso beharko ditu bertan esaten diren kontuak. Pernandok  azken urtetako jaietan txistuak eta bide batez txiristulariek, izan duten jarduna aztertzen du. Iriarena edota Zezenak dira bezalako doinuak ez dira dagoeneko bixamon egunetako sakomuturretan entzuten. Arrazoiak arrazoi, aztertu beharreko gai bat dela deritzot.

Txantxia izeneko txanpon oñatiarra hasi da dagoeneko bere bidea egiten. Asko dira bere kontura martxan jarri diren ganorazko egitasmoak. Hobari edo interes maila polita eskaintzen dio Txantxiak herritarrari; eta beraz, bat nator: geure eros- ahalmena handitzen da txanpon hau erabiltzean.

Baina bada arreta deitu didan zerbait; izan ere, Euskara zerbitzuak          “ Menua euskaraz” delako kanpainari dagokion sariak banatu ditu Txantxitan. Menuak eta dena delakoak euskaraz argitaratzeko konpromezua sustatzea ederto ikusten dut. Hala ere, “Etxe honetan Menua Euskaraz irakur dezakegu” bezalako esaldiak soberan daudela esango nuke; menua Oñatiko edozein taberna edo jatetxetan euskaraz irakurri ahal izatea ekintza ohikoa edota “normala”  izan beharko luke eta beraz, esaldiren bat saritzekotan    “ Etxe honetan Menua gazteleraz eta ingeleraz ere, irakaur dezakezu” sarituko nuke. Administrazioan duela makina bat urte irakurri ahal izan genuen” Euskaraz badakigu” karteltxoa, gogoratzen????

Sare izeneko egitasmoa era txukunean azaltzen digu aldizkariak. Gustura irakurri dut Juanje, Arrillaga eta  Eliasi eginiko elkarrizketatik sortutako artikulua. Denon beharra dago eta denon arteko Sarea sortzea ezinbestekoa da. Ea bada. Eta Foru Aldundiak aurkeztu duen beste sarea ere gustura jaso dut; alegia, herri arteko autobus zerbitzu berria aurkeztu du Aldundiak. % 36 igoko da inbertsioa zerbitzua hobetzeko. Bizi dugun garaian apustu potoloa baina ere berean beharrezkoa dela deritzot.

Kirolen atalean ere badut esatekorik. Pozez hartu dut Tatarraz patinatzaile taldearen egitekoa; asko dira Oñatin kirol honetan hasi diren zaleak eta patin estoka bat martxan jartzeak gauzak erraztuko dio zaletu hasiberriari. Bestetik, beste behin ere, jakinminez irakurri dut Aloñako mendi sailak prestatu digun mendi astea: beti bezain aberatsa, bai horixe.

Faltan bota dudan albisterik ere izan da oraingoan. Zoritxarrez, txiroa izaten da aldizkari honek herrian ospatzen diren lasterketa jakin batzuei eskaintzen dien espazio eta “ denbora”. Aurreko hilean ospatutako Arrasate Oñati lasterketaren inguruko albisteren bat irakurtzeko gogoz geratu naiz. Bestetan, gutxi bada ere, gure lasterketei eskaini izan die lerroren bat edo beste  Kontzejupetik aldizkariak, oraingoan aldiz, ezer.

Agendari ere, eman diot begitarua. Hilabete aberatsa dugu herrian ekintzei dagokienez bederen. Argi antolatua dagoen agendan, Laburmetrai Rallyaren edizio berria azpimarratuko nuke; gogotsu nago ekoiztuko diren zinta berriak ikusteko. Bitartean Aintxinako erretratuan jarriko ditut begiak; bertan agertzen diren siluetei so, ondo izan.

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude