Ardura, akordioa eta elkartasuna zaborrarekin

Nork nahi du horrelakorik (argazkia, zero zabor)

Joan den astean Gipuzkoa osoko hondakin errefusa Epelera  ekarriko zutela zabaldu zen komunikabideetan eta geroztik hor ari naiz gai honi buruz hausnartzen.

-Eskualderen batera eraman beharko da zaborra -esan nion nire buruari.

-Horrelaxe duk -erantzun zidan nire barne ahotsak.

-Elkartasuna gauza handia duk!

-Baina barne ahotsak  berehala luzatu zidan beste galdera pare bat

-Baina zerekiko elkartasuna? Eta gaur egun zein eskualdek banatzen dik elkartasun gehien?

-Hau korapiloa…-Nik esango nuke elkartasuna planetarekiko izan beharko lukeela, guk egiten dugunak ondorio batzuk dituelako gure herritik kanpo. Beraz, elkartasuna planetarekiko, Europarekiko, Euskal Herriarekiko, Gipuzkoarekiko, eskualdearekiko…

-Horrela  dela uste diat-esan zidan barne ahotsak.

-Orduan hondakinen kontu honetan, gu geu debagoienarrok gara elkartasun gehien banatzen dugunok. Azken urteetan saiatu gara eta gaur egun %78 gaika biltzen dugu.

-Hori itzela duk! -Erantzun zidan barne ahotsak.

-Eta gainera,beste munduko ahaleginik egin gabe.Ezin dugu ukatu hainbat buruko min izan ditugula eta herritarren artean hika-mika ugari sortu direla herrietan.

-Baina zer nahi duk. Edozein aurrerapenek bere kostuak izaten dizkik!

– Egia. Baina oro har, gaur egun jendea harro dagoela uste diat. Hondakinen inguruko kontzientzia indartu duk!

-Orduan gu gara elkartasun gehien banatzen dugunok. Eta gainera, Gipuzkoa bertatik izan ezik, mundu guztiak txalotzen dik guk egindako ahalegina.

-Orduan, nola jokatu beharko genuke gai honekiko?

-Guk gure eredua esportatu beharko genuke Gipuzkoa osora. Gaur egun urtean 165.000 tona hondakin eramaten dira zabortegira Gipuzkoa osoan. Guk Debagoienan 5.000 tona eramaten ditugu urtean eta beste guztia birziklatu edo konpostatu egiten dugu(ia %80a). Gipuzkoa herri guztiek guk bezala egingo balute  gutxi gorabehera 60.0000 tona hondakin sortuko litzateke.

-Alde ederra zegok 165.000 tonatik 60.000 tonara, ez?

-Eta gainera ez hori bakarrik, errefusa nahiko garbia da eta tratamendu txiki batekin ez luke izango ondoriorik. Epelera ekarri nahi duten hondakin errefusa, ordea, nahasita egongo litzateke organikoarekin eta horrek kalteak dakar, horien artean metanoa eta usain txarrak, arratoi eta hegazti ugari, lixibatuak eta kamioien joan etorria hirukoiztu.

-Orduan zer eskatuko genieke guk Gipuzkoako beste herriei?

-Ba… oso sinplea da arduraz jokatzea eta Debagoienak bezala %80 inguru birziklatzea. Guk lortu badugu edozeinek lor dezake. Borondate kontua da. Eta helburua ez da zein sistemarekin lortu emaitza hori, helburua da %80 gaika biltzea nahi duten sistema erabilita.

-Orduan guk luzatu beharreko galdera horixe izan beharko luke, ez? Zuek zergatik ez duzue hondakinak gaika biltzen, lehenik etxean ondo sailkatu ondoren?

-Hori da, bai.

– Baina alderdi politikoak hondakinen gaia dela eta hika-mikan ari dituk, hori ez didak ukatuko? -Arrazoia duzu.  Baina Debagoienako alderdiak eta Gipuzkoa osokoak berdinak dira. Arrasate, Elgeta eta  Aretxabaleta gure eskualdean eta Ormaiztegi,  Zaldibi, Zestoa, Lezo eta  Billabonan herrietan akordioa lortu bada, zergatik ezin da lortu akordio bera Gipuzkoa osoan?

-Hori ez dagokit niri azaltzea, hori alderdi politikoek erantzun beharko lukete…

-Eta Epeleri buruz ari garela, beste galdera bat mankomunitateari. Epelen organikoa tratatzeko planta azarotik amaituta baldin badago, zergatik bidaltzen da gure organikoa urrutira bertan dugunean planta?

Beraz, norbaitek elkartasun hitza erabiltzen badu, ardura hitza ere erabil dezala.Ardura hitza oso garrantzitsua da. Izan ere arduraz jokatuz gero, gaika jasoko genituzke hondakinak etaarduraz jokatuz gero herritarrei kalte egingo liokeen errauskailua ere soberan egongo litzateke.  Jokatu dezagun guztiok arduraz, elkartasun mekanismoak martxan jartzea eskatu aurretik.

Neu ere joango naiz otsailaren 16an 18:00etan Debagoienako mankomunitatearen aurrean egingo den agerraldira, Gipuzkoako zabor nahasi guztia Epelera  ez ekartzeko.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude