Arkaitz Bellonen espiritu indartsua

Elorrio hunkituta eta gainezka

Elorrio hunkituta eta gainezka

Euskal Herriko herri gehienetatik sartuko zuten noizbait herritar bat auto batean eta edozein komisaria eta kuarteletan torturatu ondoren, sakabanatuko zuten gure herritik oso urruti dagoen espetxe batean, Audientzia Nazionaletik oniritzia jaso ondoren. Batzuk ETAko  militanteak ziren eta borroka armatua erabili zuten; beste batzuek kale borroka erabili dute Euskal Herriko demokrazia eza salatzeko; badira gazte erakunde batean militatzeagatik urteak egin dituztenak ziega ilun batean sakabanatuta eta, nola ez, Ezker Abertzaleko militantea izatea nahiko da aurrekoen tratu bera jasotzeko.

Aurreko mendean Europako herri guztietatik hartu zituzten judutarrak, ijitoak eta komunistak eta tren ilunetan sartu ondoren, kontzentrazio kanpoetara eraman zituzten. Horietako asko gas kameratan hil zituzten eta gero erre, tiroz hildakoak ere asko izango ziren, baina beste milaka pertsona gaixotasunez hil ziren. Norbait ausartuko litzateke esatera heriotza naturalez hil zirela kontzentrazio kanpoetan hil ziren horiek guztiak?

Espainiako ziegetan Euskal Herritar ugari ez dira heriotza naturalez hil, hil egin dituzte. Zertarako bestela eramaten dituzte hain urrun eta gainera urteak eta urtean eduki sakabanatuta Espainian zehar eta sakabanatuta espetxean bertan. Eta zein baldintzetan, sartu eta irten arte espetxe baldintza gogorrenetan! Zein da horren helburua? Pertsona suntsitzea, jakina! Mezu argia izan da urteetan jasan dutena:“edo damutzen zara edo zuk ikusi nola eusten diozun egoerari…”

Eta Arkaitz Bellon espirituz oso indartsu izan den arren eta jasandako egoera gogor horiei guztiei tinko eutsi egin badie ere, bere gorputzak ezin izan dio eutsi. Eta poliki-poliki bihotzean sartu dioten jelazko bala horrek egin du bere lana. Beraz, Arkaitz hil egin dute, baina jelazko balak urtu egiten direnez, proba guztiak desagertu egin dira eta heriotza naturalez hil da.

Baina kontzentrazio kanpoetan ez baziren hil heriotza naturalez, Estatu Espainoleko ziegetan Euskal preso politikoak ere ez dira heriotza naturalez hil!

17 urte lehenago Elorriko “Katxue” galdu genuen. Azken urtebetean hiru izan dira hildakoak. Eta beti esaten dugu hau azkena izan behar duela, baina beti dago beste bat, eta horrela izango da urtean bitan edo hirutan mobilizatuko garen bitartean. Ez badugu nahi beste heriotza naturalik egunero mobilizatzen hasi beharko gara eta preso guztiak Euskal Herrira ekarri lehenik eta etxera ondoren.

Arkaitz eta aurrekoan espiritu indartsua Euskal Herri osoan hedatu da, eta gure bihotzak oraindik triste dauden arren, indarrez beterik daude eta zuengatik, guregatik, borroka hau irabazi egin behar dugu.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude