Dakizuen moduan Zahar Berrik 10 urte betetzen ditu aurten. Urte guzti hauetan, hirukote, talde eta norbanako askok osatu dute egitasmoa. Baina nola sortu zen, zein izan zen hasiera, zaila izan al zen? Galdera guzti hauei erantzun nahian Eneritz Garrorengana joan gara, bera izan zen Zahar Berriko lehen teknikaria, berak sortu zituen lehen hirukoteak eta berak egin zuen Berbetan aldizkariko lehen alea, (eskuartean duzuna 58.alea da).
10 urte iragan dira Zahar Berri sortu eta zu teknikari moduan hasi zinenetik, nola
gogoratzen dituzu garai haiek?
Egia esan, urruti. Karrera bukatzen eta lanerako gogotsu nengoen. Proiektuaren berri izan nuenean polita iruditu zitzaidan; euskaltegian irakaslea ere banintzen garai hartan eta behar-beharrezkoa zela argi nuen, agian, ez ikasle guztientzat, baina bai batzuentzat.
Hasiera guztiak dira aldapatsuak eta orain berba-laguna proiektuak han eta hemen daude, baina orduan erreferentzia bakarra zen, Donostiakoa; hala, ekinean ikasi genuen zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez, ikasleek zer gura zuten, guk zer eskaini genezakeen…
Gogoratzen al duzu sortu zenuen lehen hirukotea?
Ba, lehenengoa, ez. Baina hasieran sortu nituen bospasei hirukoteak bai. Nik hasieran ez nuen oso argi kontu horrek funtzionatuko ote zuen: hiru ezezagun, astean behin, kafe bat hartzeko eta euskaraz berba egitea beste asmo gabe, ez dakit, pixka bat zaila iruditzen zitzaidan. Baina denborak erakutsi dit oker nenbilela. Aurreko batean entzun nuenean hasiera-hasierako hirukote bat oraindik elkartzen dela, zur eta lur gelditu nintzen. Eta ni egon nintzen denboran ere ikusi nuen, hasiberritan hala nola komunikatzen ziren ikasleak hilabete batzuetara erraz asko berbetan.
Irteera mordo bat egiten zenuten aste bukaeretan ere, gogoratzen al duzu haietatik
politena edo gehien gustatu zitzaizuna?
Bai, Zahar Berrin egon nintzen urteetan beste turismo ez dut nik inoiz egin; Euskal Herrian hainbeste txoko polit dagoenik ere! Arrasateko inguruak primeran ezagutu genituen,mendi irteera mordo bat… baina bereziki polita izan zen Zuberoan pasatu genuen aste-bukaera, gaztelu batean lo egin, maskarada ikusi, korrikan parte hartu… Hala ere, lekuak baino taldeko giroa azpimarratuko nuke, oso ondo konpontzen zen lagun-taldea zen Berba laguna, ia-ia koadrila bihurtu zen, horrek dituen alde on eta txar guztiekin.
Berbetan ere zuek jarri zenuten martxan, zertarako?
Bai, guk sortu genuen. Asmoa berba-laguna egitasmoan parte hartzen zutenei taldearen ekintzen berri ematea zen, bai aurrez egindakoen balorazioa, bai hurrengo ekintzen egitaraua ere.
Oraindik Zahar Berri edo mintzapraktika egitasmoak beharrezkoak direla uste al duzu?
Zoritxarrez, bai. Ez dut uste euskara ikasleen egoera hamar urteotan horrenbeste aldatu denik. Gainera, ikasleek euskaraz berba egiteko lotsa eta beldurra aipatzen dituzte behin eta berriro, eta hori ez da urteekin aldatuko, barru-barruko sentimenduak dira. Zahar Berri babesleku bat da zentzu horretan, han inork ez dizu esango ondo berba egiten duzu edo txarto, are gutxiago, ez zaizula ondo ulertzen eta erdaraz hitz egiteko. Berba egin, eta kitto!
Nola ikusten duzu Zahar Berri, gaur egun, jarraitzen al duzu egitasmoa?
Ez dut hurbiletik jarraitzen, baina blogean sartzen naiz lantzean behin eta irakurtzen dut nondik nora zabiltzaten, gainera bideoak direla eta ez direla batzuen dantza abildadeak ere ikusi ahal izan ditut, je, je. Badakit berba-taldea ez dagoela, baina ekintzak egin egiten direla; eta berba-lagun mordoa dabilela han eta hemen. Badirudi osasuntsu dagoela egitasmoa eta benetan pozten naiz.