Badakizue, Zahar Berrik Arrasateko euskaltegietako ikasleei Berbetan aldizkaria eskaintzen diela, 300 ikasleengana heltzen gara, baina blog hau erabiliko dugu bertako edukiak sarean zabaltzeko.
Azpian Martxoan kaleratu genuen elkarrizketa daukazue.
Aurreko hilabetean Erdu AEK euskaltegira joan ginen bertako ikasle eta Zahar Berriko partaide den Jorge Boto ezagutzeko. Oraingoan berriz Udal Euskaltegira joan gara, bertako EGAko beste ikasle bat ezagutzeko, Jose Luis Del Rio da bera eta honek ere Zahar Berrin parte hartzen du.
Noiz eta zergatik hasi zinen Euskaltegian?
Hasi, nire herrian, Erandion hasi nintzen. Gero utzi behar izan nuen lanagatik eta hona heldu nintzenean, 1998an berriro ekin nion euskara ikasteari.
Ikasteko arrazoi asko dago, baina garrantzitsuenak dira hemengo hizkuntza ezagutzea eta jendea ezagutzea Arrasaten integratuagoa sentitzeko.
Zaila al da euskara?
Hizkuntza guztiak zailak dira. Euskararekin zailtasun handiena izan daiteke ez dela beharrezkoa Euskal Herrian bizi ahal izateko. Adibidez, Alemaniara joaten bazara bizitzera, alemana ikasi behar duzu bizitzeko, hemen ez dago beharrik oso komenigarria izan arren.
Arrasaten urte mordoa daramatzazu, arrasatearra zara? Nolakoak dira arrasatearrak zure ikuspuntutik?
9 urte daramatzat hemen, baina oraindik erandiotarra naiz, eta uste dut betiko izango dela. Arrasatearrak gutxi gora behera nire herrikoak bezalakoak dira, biak dira-eta langile herriak . Hemen ez dago hainbeste Athletic zale, baina normala da.
Euskaldun berria betirako al da berri?
Uste dut baietz. Beti geratuko da kutsu bat, agian txikitan euskaraz ez ikasteagatik. Dena dela garrantzitsuena komunikatzeko gaitasuna lortzea da.
Zahar Berrin ere hartzen duzu parte, zer moduz? Zerbaitetarako balio al dizu?
Oso pozik nago Zahar Berri proiektuan parte hartzeagatik. Ezagutu dudan jendea oso jatorra da, eta oso garrantzitsua da kalean erabiltzen den euskara ezagutzeko. Gero lanean ez dut erabiltzen, baina ulertzeko balio handikoa izan da.
Sagardotegian zer moduz?
Sagardotegian oso ondo. Giroa oso ona izan zen, oso ondo afaldu genuen, hitz egiteko eta dantzatzeko denbora eduki genuen eta gainera autobusez joan ginenez hobeto sagardoa ondo dastatzeko. Hurrengoan joateko prest nago.