Pintxo Lehiaketa

Zahar Berrik antolatuta Pintxo lehiaketa izan genuen azaroaren 29an.  Lehiaketara AEK eta Udal Euskaltegiko ikasleak zeuden deituta, eta  goizeko eta arratsaldeko taldeak zenbatuta, 15 taldek hartu zuten parte. 15 pintxo ezberdin aurkeztu ziren beraz.

 

Lehiaketa eta ekintza hauen helburua, hilabetean behin ikasgelatik irten eta beste ikasle batzuekin batera euskaraz zerbait egitea da, beti ere mintza praktika landuz eta herriko euskara-ikasleen arteko kontaktua bermatuz. Eta nola ez, sukaldeak beti eskaintzen digu aukera bikaina giro jatorrean hitz egiteko eta mingaina askatzeko.

 

Esan beharra dago, talde guztiek oso maila ona erakutsi zutela eta edozein jatetxek sartuko lituzkeela aurkeztu ziren pintxoak beraien menuetan. Epaimahaiak benetan lan zaila izan zuen, bai goizean, bai arratsaldean ere.

 

 

 

Argazkian, arratsaldean AEDko elkartera hurbildu ziren ikasleak ikus ditzakegu. Bistan denez, giro politean egin genuen lehiaketa, baita ondorengo pintxo jana ere. Lehiaketa Udal Euskaltegiko talde batek irabazi zuen arren, euskara izan zen irabazle egun osoan zehar.

 

Azpiko bideoa ikustean, dioguna egia dela frogatuko duzue: Goizean etorritako ikasleak dira bertako protagonistak, jo ta sua sukaldean, talde bakoitza bere su txikiarekin…

 

Goizeko irabazleek munduko txoko ezberdinetako osagaiak erabili zituzten, pintxo ezberdin eta berezi bat osatzeko: bazuen Venezuelako ukitua, Argentinako arima, eta baita Kolonbiako osagairen bat ere. Zorionak eta segi euskararen bidea egiten!

 

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude