JAUZIA

Zenbakiak aspergarriak egiten zaizkigu ia guztioi, badira hala ere berauek hartu eta jolas egiten dutenak; kalkulatu, interpretatu, ondorioztatu… Aspergarriak izateaz gain batzuetan lazgarriak ere izaten dira zenbaki hauek, askotan , komunikabideak zenbakien bidez islatzen baitute errealitatea.

Kezkagarria deritzogu euskararen kasuan jakin dakigunon eta erabili erabiltzen dugunon artean dagoen tarteari. Bi zenbaki oso ezberdinak beraien artea: %56 ezagutza eta %29 erabilera. Zenbakion arteko amildegi hau txikitu nahian, ostera lanari ekin diogu, euskararen mundutxo honetan lanean gabiltzan elkarteok. Berriro ere, gure hizkuntzari bultzada eman nahian.

Biologoak edo hizkuntzalariak izan gabe ere, jakin badakigu hizkuntzek, espezie biologikoek bezala, gutxieneko baldintza batzuk behar dituztela bizirik irauteko. Baldintza horiek honakoak dira: gutxieneko kide kopurua (emeak eta arrak, jakina) eta lurralde edo ingurune egokia, hau da, habitat egokia.
Bigarrenari dagokionez, argi dago euskarak mende luzeetan zehar bera baino handiagoak diren bi hizkuntzarekin bizi behar izan duela lurralde berean. Eta nork ez daki handiak txikia jaten duela.

Habitat global egokia sortu nahian, Zahar Berri egitasmoak euskaraz hitz egin nahi, eta zailtasunak dituzten izaki bizientzako gune mikro-klimatuak sortzen ditu. Euskaraz beldurrik eta lotsarik gabe hitz egiteko guneak. Honetarako, azken hamar urteetan berba lagun eta berba talde lan ildoen bitartez, euskaldun berriei ikasitakoa lasai erabili ahal izateko habitata eskaini diegu, beti ere hizkuntzari bultzada eman nahi dioten euskaldunei esker.

Aurten ere Zahar Berri egitasmoa beharrezkoa dela uste dugu; tamalez, euskara ikasle batzuentzat handiegia baita euskaltegitik kalera dagoen jauzi hori. Aurten ere, berrikuntza eta ideia berriekin egitasmoak aurrera jarraituko du

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude