Pasa den Ostegunean Makroboteiloiei alternatiba sanoagoa eskaini genien Arrasaten, Zahar Berriko poteo euskalduna hain zuzen. Helburua; euskaraz hitz egin euskara ikasten dabiltzanei ikasitakoa erabiltzeko gune eskaini, kalea hain zuzen ere.. Askotan erdaldunak diren guneak euskaldun bilakatu genituen, egunerokotasunari oihu egin genion: badakit euskaraz! eta nirekin euskaraz hitz egin dezakezue!
Zahar Berriko lehen poteo euskaldun honetara jende dezente hurbildu zen, AEK eta Udal Euskaltegiko kideez gain Arrasaten ikasten duten etorkizuneko ingeniari batzuk ere animatu ziren, guztion artean poteo sanoa habiatu genuen, mingainak laster askatu ziren eta mosto zurito eta riojek eztarriak busti zituzten.
Esperientzia polita eta positiboa izan zela esan dezakegu, etorkizunean ere antolatuko ditugu honelako poteoak, euskara ikasgelatik atera eta eguneroko poteoan ere erraz txertatu daitekeela erakusteko.
Goian Poteoko lider bi, beraiek bideratu zuten artaldea.
Maiatzaren 25ean, Zahar-Berrik deituta, hogei bat euskaldun elkartu ginen poteoa euskaraz egiteko, batzuk AEKko ikasleak, eta beste batzuk Udal Euskaltegikoak. Hitz ordua 7etan zen Portaloian, baina denok elkartzerako ordu laurden joana zen.
Sartu ginen lehenengo tabernan guztiok apurtxo bat lotsatuta geunden, baina pare bat ardo, garagardo, (bakoitzak gura zuena) edan ostean, mingaina askatu zitzaigun, eta berriketa baten jardun genuen.
Bi ordu luze ibili ginen elkarrekin tabernaz taberna. Giroa berotu genuen bapo!!!
Primeran ibili ginen, euskaraz egiteko helburua bete genuen.
Bukatzeko, beti bezala, batzuk afaltzera joan ziren eta beste batzuk etxera!
Guztiok honelako irteera gehiago egiteko gogoa azaldu genuen.
Arrasateko Udal euskaltegiko ikasleak.