Etiketaren artxiboa: prentsa

“El País” izan behar zuena

Bukatu berri dira Bartzelonan ÑH04 Espainiako eta Portugaleko prentsa-diseinuaren gaineko jardunaldiak.

Oso jardunaldi gomendagarriak izaten dira. Lehiaketako irabazleei sariak emateaz gain (Goienkaria-k sari ugari irabazi izan du lehiaketa horretan) hitzaldiak, aurkezpenak eta mahainguru interesgarriak egoten dira kongresu horretan.

Irakurri dudanagatik El País egunkariaren “birdiseinua” izan omen da gai aipagarrienetariko bat.

El País

Argazki bitxi hau Maquetadores blogean sareratu dute. Bertan ikusten da nolakoa “izan behar zuen”  El País-en diseinu berria, hau da, nolako zen Palmer&Watson diseinugile talde eskoziarrak egindako proposamen grafikoa. Antzik ere ez gerora egin behar izan zutenarekin!

Jardunaldietan esandakoaz edo El País aferean interesatuta zaudenok informazio mordoa duzue Cuatro tipos blogean.

“El País”-en aldaketa txepela

Lehenengo begirada baten oso txepela eta dezepzionagarria iruditu zait El País-en egindako aldaketa.

El Pais berritua

Argitu, txukundu, dotoretu, arindu, berrantolatu… horiek guztiak egin dute (behin astekotan gutxienezkoa, ala?) baina, hortik aurrerakoetan oso ausardi gutxi erakutsi dute: aldaketarik gabeko aldaketa da. Beldurrez egindakoa, nortasun gabekoa eta irakurlea lasai uztea nahi duen horietakoa.

Diseinua txukuna da, jakina, baina, ez da berdina horrelako diseinuaz kaleratzea egunkari berri baten 1. zenbakia edo prentsa-diseinua, duda barik, nazioarteko erreferentea izan den egunkari handi bat. Baliabide eta aukera aldetik edozer egiteko (edo edozein kontratatzeko) ahalmena duen medioak ez du erakutsi, inondik inora, 30 urte dela hain ondo funtzionatu izan zion originaltasuna. Ez da, honezkero, El País izango hurrengo urteotan nonahi kopiatuko den egunkaria!

El Pais Semanal aldizkaria eta Domingo gehigarria, beste hainbeste: dezepzionagarriak, nobedade gabekoak (berrikuntza bakarra, akaso, askoz ez zutela azalaren eta kontrazalaren publizitatearen arteko desberdintasun nabarmenik aurkituko).

Eta beste guztiarekin bezala, mantxetan ditxosozko azentua jartzearen kontuarekin ere oso txepel ibili dira: behin horrelakoetan hasita Telefónica-ren estiloko irtenbide sortzaileago bat espero nuen!

Elpais.com-en, bestalde, ez dut aldaketa askorik sumatzen…

En fin, gainbegiratu azkar honetatik nota jarri behar izanez gero, hauxe: Txukuntasunean: 7; Ausardian: 0. Nota finala: ez nahiko.

Ah! Gaurko aleak erloju bat zekarren opari. Etxean uzten den horietako bat da: bost zentimo ordainduko ez nukeen letraz eta marrazkitxoz betetako antzinako Swatch zatar eta merke haien estilokoa. Orduen zenbakien ordez hizkiak ditu erlojuak: “E L P A I S F U T U R O”. Beste txepelkeri ba!  Egunkari honetan, azkenaldian editorial kontuak dauden moduan egonda, gutxien gutxienekoa, Che-ren aurpegiarekin apaindutako erlojua oparitzea izango litzateke!

Swatch Revolucion1

“El País” hurrengo igandean aldatuko da

Azkenean, urriaren 21ean kaleratuko da El País egunkariaren diseinu berria. Gainera, elpais.com webgunea eta berritu egingo dutela aditzera eman dute igandean kaleratu duten aldaketei buruzko gehigarrian.

Argitaratu duten informazioen artean bereziki harritu nauen kontua izan da birdiseinua bi talde independentek egin dutela aldi berean lan eginda. Batetik, egunkariaren gorputza, Palmer & Watson prentsa diseinuan espezializatutako talde eskoziarrak egin du eta, bestetik, igandeetako Domingo gehigarria eta EL Pais Semanal astekaria Oscar Mariné diseinatzaile eta ilustratzaile madrildarraren ardurapean egon da.
El País Semanal

Aurreratu dituzten bitxikeria batzuk:

  • Dagoeneko ohikoak bilakatu diren lau multzo handitan banatuko dute informazioa: 1. Nazioartea, nazionala eta ekonomia; 2. Iritzia; 3. Gizartea, kultura eta kirola, eta 4.  Tokiko informazioa.
  • Igandeetako EPS, berriro ere, El País Semanal deituko da.
  • Times letra mota alde batera utziko dute eta, batez ere, Majerit (Madril, arabieraz) erabiliko dute hemendik aurrera. Neurrira egindako tipografia honen diseinugilea Mario Feliciano portugaldarra izan da.
  • Mantxetan, azentua jarriko diote El País hitzari (kontu honen gainean eztabaida ugari egon da erdal blogosferan).
  • Mantxetaren azpialdeko lelotxoan ere aldaketak daude. Lehengo lema, Diario independiente de la mañana baztertu eta El periódico global en español (!) izango da  El País, igandetik aurrera. (Egunkarietan agertzen diren leloei buruzko post kuriosoa, hemen).
  • “Global” kontzeptuarekin lotuta egin nahi dute elpais.com-en “goitik beherako” aldaketa: bideo gehiago, izenburuak postaz jasotzeko aukera, norberak diseinua pertsonalizatzeko bidea…

Ba, horixe, aldaketa mordoxkatxoa “globala” izan nahi duen egunkarian.

Antza denez, aldatuko ez den kontua izango da, ustez, periferian bizi garen askori ematen diguten tratua. Segurutik, gertutik gertura ezagutzen dugun kontuen gaineko informazioak -paperezkoan zein digitalean- irakurtzerakoan ernegatzen jarraitu beharko dugu.

Azaleko argazkia

Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak (EIGE) antolatuta Argazki kazetaritzari buruzko V. jardunaldiak bukatu berri dira Donostian. Eskainitako ekitaldien artean mahaingurua bat egon da: Azaleko argazkia, hautaketarako arrazoiak. Mahaiaren bueltan honako hauek: Martxelo Otamendi (Berriako zuzendaria), Josu Juaristi (Garako zuzendariondokoa), Arantza Zugasti (Noticias de Gipuzkoako zuzendariondokoa), Jose Ignacio Lobo Altuna (El Diario Vascoko argazkilari burua) eta gaia testuinguruan kokatzen eta gidari lanean Jon Elexgarai (EHUko foto kazetaritzako irakaslea).

Argazki batek azalean agertzeko izan behar dituen oinarrizko ezaugarriak aipatzeaz gain (bat etorri ziren hizlari denak: irudiaren balio informatiboa, bat etortzea egunkariaren lerro ideologikoarekin, irudiaren inpaktu ahalmena, esklusibotasuna, hurbiltasuna…) era askotako gaiak tratatu ziren hitzaldian, besteak beste, egunkarien eta argazkilarien artean galduz doan harremana (gero eta gehiago agentzien bitartez kontratatzen delako) edo hedapenaren garrantzia (nazionala, herrialdekoa, eskualdekoa…) argazkia aukeratzerakoan. Baina, akaso, mahaingurutik interesgarriena izan zen hizlariek azaldu zutela zeinek (edo zeintzuk, kasu gehienetan) hartzen duen beraien egunkarietan argazkien gaineko azken erabakiak.

Entzundakoagatik Gara, Diario de Noticias eta Berria-n erredaktoreburuen artean, eta normalean aho batez, hartzen dute azaleko argazkiei buruzko erabakiak. Ez dute ez azalerako ez barruko eduki grafikorako editorerik, hau da, ez dago lantaldean inor testua ez den beste informazio guztiaz (egunkariaren %20a, %30a?), propio, arduratuko denik. El Diario Vasco da organigraman editore grafikoari tokia egin dion egunkari bakarra.

Funtzionamendu zuzena eta “demokratikoa” eman dezake “denon artean” argazkien kontuak erabakitzearena baina, baditu ere ondorio txar batzuk. Batetik, sarritan ematen da oso kultura grafiko eskasa duten erredaktoreburuek erabakitzen dutela egunkariaren esparru grafikoaz, eta bestetik, –eta hau, autoedizioarekin, asko zabaldu den arazoa da— inongo irizpide barik erredakzioetako edozein kazetari hasiberriak hamarkadetako eskarmentua duen argazkilariaren lanaren gainean erabakiak hartzen dituela.

Egunkarietan testu gehienak zuzendu eta gainbegiratzen dira, irudiak ez. Askotan kontrakoa esan arren, agerian dago bigarren mailako kontua dela argazkiena.

Onartzen dut erredaktoreburuen artean editore grafikoa egotearena, neurri batean, ahalmen ekonomikoaren araberakoa izan daitekeela baina, batez ere enpresa-erabakia dela uste dut, hau da, lehentasunak finkatzearen kontua (honen adibide garbia Berria izan daiteke, hizkuntzaren zuzentasunarekin duten ardurari erantzun ahal izateko zazpi estilo zuzentzaile dituzte lantaldean. Egoera hau pentsaezina izango litzateke antzeko neurriko beste edozein egunkaritan).

Argazkilari profesionalak eta ondo baloratuak derrigorrezkoak dira paperezko zein interneteko hedabideetan (erredakzio askotan, zoritxarrez, kontrako bidea egin da azken urteotan: kontratu eta lan baldintza kaskartu edo argazki-agentzien presentzia handitu) eta editore grafikoak egon behar dira egunkariaren produktu osoaren mailaz eta ildo grafikoaz arduratzeko: argazkilariekin harremanaz, lanen planteamenduaz, jarraipenaz, aukeraketaz…

Bitxia da gero, mundu zehar, edukiari berebiziko garrantzia ematen dieten hedabideek argazki editorea izaten dute lantaldean, beste batzuk, berriz, beraien burua “bisualagotzat” dutenak, ez. Nola ulertu?

El País

Gogoarekin nago ikusteko zertan geratzen den El País egunkariak irailaren 30erako agindutako “goitik beherako” aldaketa famosoa…

Argitaratu berri da paniko atakea izan dutela El País-eko zuzendaritzan eta sakon-sakoneko aldaketa, azkenean, “egokipenean” geratuko dela.

Batzuk, aldaketarako proposamen grafikoak eginda zituzten aspalditxo…

Ez da lan makala izan behar bere inguruan, eta baita mundu osoan zehar, eragina izan duen egunkari baten diseinua nondik norakoa zehaztea. Gauza serio asko dago jokoan, besteak beste erreferentzialtasunari eta lidergoari eustea, irakurleen harrera, tiradaren gorabeherak, publizitatearen erantzuna… hitz bitan esateko: dirua eta gizartean eragiteko ahalmena. Bakan batzuk, The Guardian egunkari britainiarra adibidez, erakutsi dute modu ezin hobean gainditu daitekeela trantze zail hori eta nazioartean ere erreferentzia izaten jarraitu daitekeela diseinu zaharrarekin zein diseinu berriarekin.

Aldian behin eta zarata larregi barik egin dituzten diseinu ukituak lagunduta primeran bete ditu urteak Reinhard Gäde-k 1976an diseinatutako lanak. Inongo beldur barik esan daiteke itxura ederra duela, oraindik orain, El País-ek. Klasikoa izatera iristearen abantailak, segurutik.

Hala eta guztiz ere, honezkero, garbia da aldatzeko beharra, ez hainbeste, akaso, eguneroko orri solteen itxuran baina, bai produktuaren kontzeptu orokorrean, gehigarri gehienen diseinuan, (Igandetako Domingo gehigarria da, egunkari handienen artean, argitaratzen den itxuraz pasatutakoena), produktuaren batasunean, sailen antolaketan, tipografian eta makina bat detaile txikietan.

Eta prentsa idatziaren panoraman El País-ekoa gutxi balitz, bestelako nobedadeak ere badaude: egunkari berri bat argitaratzekoa da, egun batetik bestera, Espainia aldean:  Público. Erdal blogosferan (euskaraz ez zait ezer parean tokatu kontu honen gainean, zergatik?), behin eta berriro, esan da El País-aren ezkerrera kokatuko dela… ikusiko dugu.

Público-k 100.000 irakurle El País-eri eta 15.000 El Mundo-ri kenduko dizkiola ere idatzi dute. Hau ere, ikusi egin beharko da.

Egitasmo berrirako aukeratutako diseinatzaileak, behintzat, primerakoak dira: Cases i Asociats kataluniarrak (Avui (Cat), The Independent (BH)…

Ez da ausardia txikia ordainpeko prentsaren sektorea dagoen moduan egonda horrelako saltsatan sartzea.

Herrimina negozio Artikoan

Garbi geratu da prentsa-kiosko-iglu bat jartzea Artikoan ez dela  oso negozio ona izango 2050. urtean…

Zenbat euskaldun biziko ote dira han? Has gaitezen eurekin pentsatzen. Zergatik ez identifikagarri bat gure komunitateko kideek izotz-motoetan jarri dezaten? Kataklismoaren aurreko Euskal Herria zelakoa zen gogoratzen lagunduko dien zerbait? Artikoko gau luzeetan gure sustraietara jotzeko balioko dien amets-bidea… bai, gure ardi latxa! zein bestela?
ArdiaHilda
Internazionalista jarrita ere sekulako posibilitateak ditu gainera, hor daude astoa, zezena, behia, elur-oreina… mmmmm

Artikoan, egunkari barik

Aste pare bat dela, El País-en, Microsoft-eko Steve Ballmer-eri Juan Luis Cebriánek egindako elkarrizketa argitaratu zuten. Gaiak, pentsa daitekeen moduan, Microsoft bera, etorkizuna, berrikuntza teknologikoak, informazioa eta horrelakoak izan ziren….

Egunkarien salmenten krisia dela-eta paperezko egunkarien etorkizunari buruzko iragarpena egitea eskatu zion kazetariak, eta zera esan zion Ballmer-ek: “20 urte barru ez da paperezko egunkaririk existituko, egunkari elektronikoak, bakarrik, egongo dira”.

Bost hilabete atzerago, 2006ko maiatzaren 7an, hain zuzen, eta egunkari bereko EPS aldizkarian, James Lovelock (lurra auto-erregulatzen den Gaia teoriaren asmatzailea) elkarrizketatu zuten. Iragarpen apokaliptiko mordoa bota zituen ingelesak, hala nola, mundua, egun ezagutzen dugun moduan 2050 urtea baino lehenago betiko galduko dela; aldaketa klimatikoa, dagoeneko, geldiezina dela eta katastrofearen atari-atarian gaudela… irtenbide bakarra izango duela gure espezieak, Artikoa, baina 500 milioi lagunik bakarrik biziraungo dutela…

Egia esan, teknologia eta ingurugiroa doazen martxan 20 urte askotxo iruditzen zaizkit hainbeste eta hainbeste paperezko egunkari irauteko eta, aldiz, 2050. urtea bueltan ikusten dut Artikoan etxe-iglu-barrakoi edo dena delako baten bila ibili behar izateko…

Nola aldatzen diren gustuak eta ohiturak! Oso gogoko izan arren paperezko egunkariak ez dut halako pena handirik hartzen Ballmer-en iragarpenarekin, hori bai, espero dut James Lovelock guztiz oker ibiltzea.