Etiketaren artxiboa: komunikazioa

Baserritarrak eta publizitatea

Baserritarren figurak publizitate munduan azken urteotan izan duen bilakaeraz eta sektore honetarako komunikazio estrategien premiaz aritu zen Iñigo Fernandez Euskara eta Publizitatea blogaren egilea eta Publis-NCM enpresako kontu exekutiboa. Donostiako agentzia honetan sortu dira hain arrakastatsu bilakatu diren Kaikuko eta EITB publizitate kanpainak, besteak beste.

Euskal Herriko Munduko Landagunea atalak antolatuta egin zen hitzaldia martxoaren 15ean HUHEZI ko fakultatean.

Modu entretenigarrian, oso ideia interesgarriak bota zituen Iñigok, gainera azken urtetako nekazal munduarekin lotura duten makina bat telebista spot erakutsi zituen.

Hona hemen, botatakoen artean bereziki argigarri iruditu zaizkidan lau ideia:

  • Marka bat, bakoitzaren buru barruan (ordenadorean egiten dugun bezala) sortzen dugun “karpeta” moduko bat da. Gure esku dago zer sartu, guk erabaki behar dugu jendeak karpeta hori zabaltzerakoan zer aurkitu behar duen.
  • Euskaldunok onak gara gauzak egiten, baina txarrak gero gauza horiek saltzen. Urte gutxi dela hasi gara ohartarazten komunikazioaren garrantziaz.
  • Komunikazioan, estrategiak eta planifikazioa behar dira. Sormen artistikoa icebergaren tontorra besterik ez da. Zatirik ikusgarriena, baina tontorra besterik ez. Azpian azterketa mordoa eta plangintzan lan handia dago.
  • Ondo komunikatzeko ez da derrigorrez marka handi eta diru asko gastatu behar. Inportanteena ideia da. Aurrekontuak ahalmenaren neurrira egokitu behar dira. Badaude debaldekoak edo merkeak eta aprobetxagarriak diren bitartekoak: Internet, tokiko prentsa…

Gainera, bitxikeri ugari kontatu zituen, adibidez, EITBren azkenengo spota (enbor jaurtitzaileena) Errumanian grabatu zela ekoizpena merkeagoa zelako. Bertako protagonista, euskaldunaren aurrean lehian galtzen duena (argazkian ezkerrekoa), esaterako, ostatuta zeunden hoteleko botonesa zen.